• 1
  • 2
hurrengoa
GIVE ME A GIMMICK! angel aldarondo   “Lehenengo mugitu! (1895) Gero mintzatu! (1927) Orain usaina dute! (1928)”. Lelo adierazgarri honekin promozionatu zuten Smell-O-Vision sistema usaintsuarekin egindako lehen fikziozko filma, “Lilactime”. Ez zen pelikula txarra, baina usain ezberdinen nahastearekin zine aretoa itxi egin behar izan zuten, kiratsaren ondorioz. Ondorengo saialdi guztiek ere porrot egin zuten, nahiz eta gaur zine-aretoak litxarkeri lurrina izan, batez ere Donostiako Antzoki Zaharra Beldurrezko Astean zehar. Zinearen historian hainbat asmakizun sortu dira esperientzia biziagotzeko asmoarekin, edota ikusle gehiago erakartzeko, telebista eta bideoak eragindako kalteak txikiagotzeko.

Zerrenda ederra da: 3D hiru dimentsioen ilusioa betaurreko bipolarren bidez, CinemaScope (PanaVision) pantaila erraldoia, zine-areto guztia astintzen zuen Sensorround entzumen sistema, THX soinu ikaragarria, Imax zine inguratzailea, kanpoaldeko auto-zinemak, eta beste hainbat trikimailu. Asmakizun edo “gimmick” hauek emaitza desberdinak izan dute, baina xelebreenak zine pornografikoetan ikusi daitezke, genero horretan 3D-a eta Odoramak ondorio ezin hobeak bai ditu. Adibidez, “Heavy Equipment” film homosexual-hardcore emanaldietan "bizitzaren substantzia" bera ikuslegoaren gainean botatzen zuten.

Azken bolada honetan “gimmick” baten berpiztea ikusi dugu, edo zehatzago, usaindu dugu. 80 hamarkadan John Waters zuzendari zirikatzaileak “Polyester” filmarekin ODORAMA sistema sortu zuen. Mekanismoa oso sinplea da, sarreran ikusle bakoitzari hamar zenbaki dituen txartel bat ematen zaio, eta pantailak adierazten duen momentuan, dagokion zenbakiaren gainean harraskatu eta usaina zabaltzen da. Kontua da Waters jauna gustu txarraren erregea dela eta gonbitoak, kaka, arrain ustel eta antzeko usain finekin blaituta zegoela bere filmeko txartela. John Waters ikuskizun zentzuan zeharo sinisten du, eta hain zuzen gimmick-en erregea miresten du, hau da, William Castle (1914-1977).

Zuzendari, gidoilari eta produktore nekaezina, zinearen historiako trikimailu ospetsuenak asmatu zituen. Baina ez zen bakarrik B-seriea eta Hammer-en unibertsoan ibili, Orson Welles-ekin “The lady of Shangai” egin zuen, eta “Rosemary’s Baby”-ren (Roman Polansky) ekoizlea izan zen. Halaber, Castle-ek Alfred Hitchcock-ren mireslea zen, bekaizkeria zion eta nabarmena da bere filmak kopiatu zituela. Nolabait bi zuzendari hauek nahiko parekoak dira, izan ere, Hitchcock handiak Truffaut-en liburuan zera onartzen du: "...tresna bat edukitzea gustatuko litzaidake, botoi bati sakatu eta ikusleak bere besaulkitik salto egitera behartzen duena...".

Macabre (1957)
Pelikula hasieran ikusle guztiak 1000 dolarreko benetako asegurua zuten... beldurrez hil ezkero babesturik egoteko! Gainera, zineko kanpoaldean erizain eta mediku bat zeuden, anbulantzia eta guzti.

House on haunted hill (1958)
Film honetarako Castle jaunak "Emergo" deritzon asmakizuna sortu zuen. Pantaila albotik hezurdura bat agertzen zen eta besaulki-patio gainetik hegan egiten zuen filmean hezurdura azaltzen zen momentu berean. Sustoa sekulakoa zen, baina filmaren atmosfera eten egiten zen. Estreinaldi proiekzioan, hezurdurak gehiegi pisatzen zuenez ikusleen gainera jausi zen.

The tingler (1959)
Bere maisulana eta erabilitako gimmick-rik zirraragarriena. Zientzilari batek (Vincent Price) beldurrak gizakien gorputzaren barnean parasito bat sorrarazten duela deskubritzen du, eta mamorro hau akabatzeko garrasi egin behar da (esperimentuak mutu batekin gauzatzen ditu). Pelikula barruan (hau da, argumentuan) ”tingler” mamarrua zine-areto batetik aske dabil eta proiekzionista hil egiten du. Momentu horretan, egiazko zine-aretoan, pantaila zuri bihurtzen da, eta hots batek dio: "Kontuz! Tingler-a zinetik dabil. Jainko maitea, GARRAISI EGIN bizia salbatzeko!". Jendea oihuka hasi eta orduantxe film honen gimmick-a martxan jartzen zen: “Percepto”- a. Besaulkiei itsatsita zituzten tramankuluak bibratzen hasten ziren, eta zinea eroetxe bat bihurtzen zen. Anekdota zerrenda amaigabea da, baina hori bere biografian irakurri beharko duzue: "Step Right Up! I´m Gonna Scare The Pants Off America!".

13 ghosts (1960)
Kasu honetan jendea erakartzeko trukua "Ilusion-O" izena zuen, 3D betaurrekoen antzerako sistema, filmean agertzen ziran hamabi mamuak (bai, hamabi dira) ikusteko bisore batetik begiratu behar zen, eta beldurra baldin baduzu beste bisoretik begiratu eta mamuak desagertu egiten ziran. Oso demokratikoa.

Mr. Sardonicus (1961)
Pelikula ero hau oraindik demokratikoagoa da, Erromako koliseoan bezala, ikusleak gaiztoaren zoria erabaki egiten zuten. Horretarako “Zigorraren-botazioa” erabiltzen zuten, hatz lodia marraztuta zuten txartel fosforito batzuk altxatzea nahikoa zen. Inoiz ez zen bigarren amaiera ikusi, jendeak beti gaiztoa zigortzen zuelako.

Homicidal (1961)
"Psicosis" filmaren plagio traketsa. Oraingoan ere amarrua oso sinplea da. Hiltzailearen nortasuna argitu behar den momentuan, zuzendaria pantailan agertzen da kronometro batekin. Minutu bat ematen digu amaiera ikusteko adorea badugun erabakitzeko, edo bestela aretotik ateratzeko eskatzen du, sarrerako dirua itzuliko zutela argituaz. Azkenik atondoan “kakatien-txokoa” ezartzen zuen, beldurtiak (eta uhurrak) jende aurrean umiltzeko.