hurrengoa
dorre zurian ez da printzesarik    Duela lau bat urte heldu zen gure eskuetara “El camino del titiritero”, Pablo Aluadell alakantarraren lehenbiziko komiki luzea. Orduantxe eta komiki horregatik Bartzelonako Komiki Azokan autore errebelazioari saria jasotzeko izendapena jaso zuen. Aurten bere bigarren lan handia heldu zaigu de De Ponent argitaletxearen eskutik: “La Torre Blanca”. Eta, gure iritziz behintzat, lehenbiziko hura distantzia handiaz gainditu du. Izenburu epiko horren atzean, haurtzaroaren idealizazio eta oroitzapenezko istorio bat eskaintzen digu. Protagonistak haurtzaroko uda orotan bisitatzen zuen kostaldeko herrira bueltatzen da iraganaren bila. Alaudellek oraina plumillaren trazo gogor eta zuribeltzezkoan erakusten digu eta iragana pintzelak eta koloreek duten xamurtasunaz. Hala ere ez digu haurtzaroa guztiz idealizatua erakusten. Bere irudiekin poesia egiten duen arren ez da poesia pinpirin eta goxoegia, izan ere, errealitatea ez da beti atsegina eta dorre zuria errealitatearen testigu da azken batean. Alaudellek oso ongi eusten dio komikiak ematen dion narrazio motari eta izugarrizko sekuentziak asmatzen ditu, non denbora geratzen dela dirudi, protagonistak ile bat usaindu edota oroitzapen bat berreskuratu dezan. Eta bikain ibiltzen da bi marrazketa tekniketan izaera propioa duen estilo bateratu batez. Normalean komikiak irakurtzen ez dituzuenentzako oso irakurketa interesgarria izan daiteke, “La Torre Blanca” kontatzen zaiguna oso modu naturalean gertatzen delako.