hurrengoa
eskozia maite... atzo goizean ikusi zintudan... arkaitz billar   Ama eskoziarra izan nahi dut!!! Bai ama, berriro jaio nahi dut eta Eskozian gainera, hango komuneko paretetan ze pintada egiten duten ikusi nahi dut. Rock talde bat sortu ostean munduari bira eman nahi diot!!! Amaaaaaaaa!!!! (Beranduegi, komuneko bonba sakatu eta hondakin espiral batean itotzen naiz, jarrr...). Eskoziako komunik zikinena
Maiz gure herri eta hirietako komunetan nabigatzen dugu gau partean galtzeko. Boligrafo edo errotugailu bat hartu eta komuneko paretetan zerbait margotu edo idazten dugu pixa edo kaka egin, lerro batzuk prestatu edo norbaitekin sexua praktikatzen dugun bitartean (hau normalean ez da gertatzen).1996.urtean denok matxinatu ginen Rentonen albora Edinburgoko droga eszenan oinarritutako Trainspotting filmari esker. Orduan barneratu ginen lehendabizikoz Eskoziako komunik zikinenean (ez dakit ze marrazki eta esaldik jositako pareten artean). Orain berriro hurbiltzen gara gaita, gona eta whiskyaren lurraldera, hori bai, azkenaldian handik datozen oihartzun musikalek deituta.
Bost miloi biztanle inguru biztanle dituen herri honek musika intentsitate handia du. Artikulu hau Mylo deiturikoproiektua ezagutu eta gero sortu da. Bereziki harritu ninduen “Destroy rock n´roll” deituriko diskoak, 2004ean Breast Fed diskoetxeak argitaratua. Myles Macinnes (25 urtekoa) izkutatzen da Mylo deituraren atzean. Filosofia ikasketak amaituta musika egiteari ekin zion, disko honekin elektronika beste modu fresko eta dibertigarriago batean ulertzeko aukera dugu.

Komuneko historiekin jarraituaz Primavera Sound jaialdian izan ginen (hemen egia esan ez dira oso komenigarriak, badakizu plastikozko horietan…ezer gutxi). Han izen handien artean bi erreferentzi oso gustoko izan nituen: Sons & Daughters eta Dogs Die In Hot Cars. Ez dute erlazio askorik haien artean. Lehenek rock gordina lantzen dute, sarri mandolina batekin laguntzen dituztelarik euren kantuak. 82. urtean Australian sortutako telesail bati egiten dio erreferentzia izenak, nahiz eta egiten dutenak zerikusi gutxi duen datu honekin. Arab Strab hunkigarrien bira batean sortutako taldea da (hauek ere eskoziarrak). Zazpi kantuk osatutako “Love The Cup” lana aurkezten zuten Bartzelonan, nahiz eta dagoeneko “The Repulsion Box” diskoak ere kalean behar duen. Ia ahaztu ditudan Dogs Die in Hot Cars deitura guztiz erakargarria duen taldeak beste estilo batzuk jorratzen ditu: rocketik, ska eta popera doazenak alegia. “I love you´cause i have to” da taldearen abesti ezagunenetarikoa. Erritmo eskizofreniko batean aurkezten diguten ska pop himno bat da. “Please describe yourself” da taldearen lehen diskoa 2004. urtekoa, nahiz eta badirudien bigarrena ere prestatzen dihardutela.

Duela gutxi Euskal Herriko komun guztietako paretetan margo berdinak daudela konturatu direnak Motormark-eko kideak dira. Bilbon izan dira duela hilabete eskas. Hauek elektronika eta rocka bortxatzen dute “Chrome Tape” lan berrian, Digital Hardcore diskoetxearen eskutikargitaratua (bai bai, Alec Empire zaratatsuaren esanetara).
Badirudi artikulu hau idaztean benetan tipo interesgarri, guay eta madarikatu bat bilakatu nahi izan dudala komun ilun, ezezagun eta galduak aurkeztuaz. Baina bada bestelako usaiak dastatu daitezkeen komunik ere inguru hartan. Loreak, arrosak eta arrakastaren komuneko paper akoltxatuek badute lekurik: hor daude Teenage Fanclub, Belle & Sebastian edo Franz Ferdinand (zuetako askok konturatu gabe U2-ren aurretik ikusi zenituztenak). Edo bestelako eremuak lantzen dituztenak: Mogway, The Delgados (jada bananduak), Nice Man (Teenage Fanclub eko baterijolearen proiektu paraleloa), Camera Obscura, Bis (hemengo bi kide Dirty Hospital-en aurkituko ditugularik haien Rotten Row diskoetxean lanak kaleratuaz) etab...

Guzti honetan zer esan handia dauka Chemikal Underground diskoetxeak. Bere garaian The Delgados taldekoek sortua eta erreferentzia hauetako askoren arduradunak ditugunak. Jaialdiei dagokienez musikari berriak bultzatzeko Go North Festival antolatzen dute. Horri gainera T in the Park erraldoia gaineratu behar diogu, nazioarteko artista ezagunez beteriko jaialdia.