• 1
  • 2
hurrengoa
JIM JARMUSCH, bizitza eder eta tristea koldo almandoz   Jim Jarmusch-en zineari buruz hitz egiterakoan, bakoitzaren iritzia subjektiboa dela argitzea beharrezkoa dela deritzot; Jarmusch-ek jarraitzaile sutsuak eta muturreko etsaiak dituelako. Bagara ere, film batzuk zoragarriak iruditzen zaizkigun moduan beste batzuk aspergarriak izatera iritsi daitezkeela uste dugunak. Baina ezin da ukatu, egun, zine klonikoaren garaian, Jarmusch begirada propioa duen zinemagilea dela. Eta hori, behin eta berriro errepikatzen badugu ere, txalogarria da. Industriak zinemagintzaren eremu guztiak irensten dituen garaian Jarmusch-ek bere izaera eta independentziari eusten dio "Beti negoziatzen dut nire filmen finantziazioa pistola bat eskuetan dudala. Ezinbadut niri gustatzen zaidan moduan lanik egin... ez dut lanik egiten".

Jarmusch 1953an jaio zen Akron, Ohion. Unibertsitatean kazetaritza ikasten hasi zen baina bat batean, bizitza aldatuko zion erabakia hartu zuen. Kazetaritza utzi eta Parisera joatea erabaki zuen. Bertan maitemindu zen frantziar zinemarekin. Urtebeteren ostean NY-era itzuli eta New York University-n zinema ikasketak egiteari ekin zion. Bertan Nicholas Ray ezagutu eta haren laguntzarekin bere lehendabiziko filma egin zuen 16mm-tan (Permanent Vacation). Ondorengo urteetan bere lanak Cannes-ko jaialdiko antolatzaileen fetitxe bihurtu ziren (Stranger Than Paradise, Down By Law, Mystery Train). Jarmusch-ek beste gauza guztien gainetik zinea maite eta ezagutzen du. Zinema frantses eta japoniar ikusle amorratua da. Bere filmetan, bi eskola horien ukituak sumatu ditzakegu han eta hemen. Askotan ordea, zinea gehiegi maitatzeak, min ematen du "Tarantinoren gauza batzuk gustatzen zaizkit baina sutan jartzen nau edaten duen film eta zuzendariei dien errespetu faltak. Oso berandu aitortu zuen Reservoir Dogs, Hong Kong hiriko Ringo Lam zuzendariaren City of Fire filmaren ia iguala dela. Sergio Leonek gauza bera egin zuen Kurosawarekin". Jarmusch-en jarrera ez dagarbizalea. Aipatu bezala, zinema frantsesa eta maisu japoniarrengatik edaten dute bere filmek ere. Jarmusch-ek argi du zinea ezin dela zerbait purua izan: "Rap-a sampling-ari esker bizi da eta berau arte bihurtzen du. Ghost Dog-en ez nuen ezer kopiatu, maite ditudan pelikula eta liburuetatik zatiak hartu nituen. Eta hau ez da gauza berria. Ezin da bat batean zinea egiteko modu berri eta postmoderno batetaz hitz egin. Zinea metatzen doan esperientzia da. Europan omenaldia esaten diote AEBtan plagio esaten diogunari. Niretzat ideia original kontzeptuak ez luke existitu behar. Bestetik ez ditut maite sorkuntzan puru eta bakanak diren kontzeptu handiak. Horietako oso gutxi dira interesgarriak".

Galtzaileak maite ditu zuzendari ilezuriak, baina ez galtzaile heroiko edo dramatikoak. Hezur haragizkoak dira Jarmusch-en heroiak; mina tatuajeen bidez sendatzen saiatzen dira, malkorik isuri gabe negar egiten dute, zorigaitzaren aurrean harroputz azaltzen dira, lorik egingo ez dutela jakinda oheratzen dira. Gutariko edonork barruan daraman galtzailea da bere filmetako protagonista. Jarmusch-ek, maite dituen film, paisaia, musika eta liburuak erakusten dizkigu; bere munduaren proiekzioa eskaintzen digu. Eta isla horrek, une batez gogora arazten digu bizitza edertasunez eta tristeziaz gainezka egiten duela.

Broken Flowers da Jim Jarmusch-ek aurkeztu duen azken lana. Cannes-ko jaialdian izan zen estreinaldia eta bertako kritikoek, ohi duten moduan, euren "seme amerikarra" txalotu zuten. Pelikula honetan giza harremanen inguruan hausnartzen du beste behin Jarmusch-ek. Soltero eta bihotz apurtzaile orori iristen zaio dekadentzia aroa. Bere azken amoranteak uzten duen unean iristen zaio protagonistari iraganeko amorante baten eskutitza. Eskutitzan duela 20 urte haurdun geratu zela kontatzen dio eta harreman hartatik sortutako semea bere aitaren bila dabilela azaltzen dio. Eskutitza ordea ez dago sinatua. Ez daki nor izan daitekeen bere semearen ama. Eta iraganeko amoranteen bilaketa lanari ekingo dio une horretatik aurrera... Road movie hontako protagonista Bill Murray da eta bere amoranteen paperetan Sharon Stone, Frances Conroy, Jessica Lange eta Tilda Swinton ikusiko ditugu.