hurrengoa
antzerkiola imaginarioa: hitzari hotsa, munduari antzerkia miryam gartzia   I  antzerkiola imaginarioa Antzerkiola Imagionarioko hiru zutabekin bildu gara, Iñigo Ibarra “Ander Lipus” aktore eta zuzendaria, Jon Gerediaga idazlea eta Aitor Agiriano musikaria. Taldearen hiru ikur dira eta “teatreroen karabanaren” ibilbideaz hitz egin dugu haiekin. Taula gaineko hitzari zor diote sormena, munduaren antzerki erraldoi honetan trebeak dira.
Sorrera eta laborategiak
Iñigo “Minaren garaietan sortu zen Antzerkiola Imaginarioa. Orduan bi laborategi sortu genituen, bata antzezleentzat eta bestea musikarientzat. Lehenengo laborategia izan zen hura, antzerkiari zegokiona, nik zuzendu nuen, bestea Aitorrek. Bi arloen arteko banaketa agerian gelditu zen orduan, gaur egun ere ematen dena, agian Ikuskizun gizartean ematen den banaketa da. Hala ere, batzuetan elkarren lanari esker sortzen dira proiektu batzuk, “Hutsaren Hotsa” Oteizari buruzko audioa bezala, Aitor, Jon eta hiruron lanari esker sortu zena. Badira proiektu batzuk bere horretan gelditzen direnak, ez dugulako banaketarako ahalmen handirik”.
Jon “Proiektu bakoitza desberdina da. Batzuetan, zuzendaritzatik sortzen da proiektua, bestetan kolektiboagoa da. Beti ere, saiatzen gara lehen ideia hori denen esku uzten, hau da proiektuan partzen hartzen duen edonork zeresanik izatea proiektuari buruz”.
Aitor “Beharren arabera mugitzen gara. Hau da, “Jon testu bat idatzizu honetaz”, edo “Aitor, egintzazu musika bat honen gainean”.
Iñigo “Biologia edo fisikako laborategia denok dakigu zer den, aldiz, antzerki laborategi bat inor gutxik daki zer den. Argi dagoena zera da, arte eszenikoen edo dramatikoen laborategiaz hitz egiten dugunean, publikotik kanpo gelditzen den zerbait da, itxia bere horretan. Antzerkiaren ikerkuntzari dagokio. Hau da, gure antzerkia ez da antzezleena bakarrik, bada argiztapen bat, musika, testuaren poetika bat, gestualitatea... hau da, badira hainbat gauza ikertu behar direnak. Honek badu zerikusirik egun dugun sentsibilitate garaikidearekin. Prozesu isilak eta barrurakoak dira, gero honek forma desberdinak hartzen ditu: ikuskizun gisa edo errito bezala edo gu nahi dugun forma hartzen du. Euskal antzerkigintzari dagokiona, hizkuntzatik hasita, interpretazioa, atrezzoa, materialak, audioaren ezaugarriak… hau da, ikuslearen eskutik at, edota ikuskizuna bera ez diren hainbat gauza daude. Horretarako web orrialdean leiho bat zabaldu nahi dugu guzti hau azaltzeko, bapatean absurdoaren antzerkira zergatik jotzen dugun, zein testutan ibiltzen garen bila, zein teoria estetiko eta etiko ditugun. Talde gazte bat gara, txalupan gabiltza oraindik. Ez da gure asmoa titanic bat egitea baina bai txalupa mantentzea”.

Antzerki independentea eta euskarazko antzerkigintza
Iñigo “Independenteak ez gara, erakunde publikoetatik dirulaguntzak jasotzen ditugulako eta era berean espazio fisikoak eskatzen eta eskaintzen dizkigutelako. Gero, kultur etxe eta gaztetxeetatik ere ibiltzen gara, saiatzen gara beste mota bateko espazioak ere erabiltzen. Independente edota abangoardiako antzerkitzat hartzen gaituzte baina definizio hori postmodernitate edota Ikuskizun gizarte honi dagokio, gizarte horretan egon behar baitu antzerki komertzial bat, abangoardiako antzerki bat eta abar. Guk nahigo dugu hizkuntz propio batetaz hitz egitea”.
Jon “Konpainia elebiduna gara. Hortik aurrera egin izan dira antzezpenak euskaraz eta gazteleraz, Olivettiekin hasi ginen elebiduna zena, eta gerora egin izan dira euskara hutsez izan diren lanak Yuri Sam bezala edota “La niña que sueña...” erdara hutsez. Zerbait naturala da. Euskal Herrian metaeuskara atzeko bat ezagutzen dugu, hau da, euskara erabiltzen dugu euskarazko zerbait aditzera emateko. Gure asmoa Euskal Herriarekin ikusirik ez duen zerbaitetaz hitz egitea izan daiteke. Hizkuntza bakoitzak badu autonomia bat, hau da euskaraz ala gazteleraz esan ditzakezu gauza garrantzitsu, poetiko edota interesgarriak”.
Aitor “Hizkuntz unibertsal batetaz hitz egiten ari gara. Hau da, musika izan daitekeen bezala, antzerkiak ere badu unibertsalitate hori, antzerkia berez da unibertsala”.

Antzerkia eta utopia
Iñigo “Gure inguruan beti izan dira hainbat sostengu talde, “P.C.-es de colores” ala Bilboko Laressistens. Beste alde batetik, teatreroen karabana handitzen doa. Hori arazo izan daiteke. Baina bada ere utopia ere horretatik denok jatea. Gure utopia da hori, denek maila berean mantentzea, zaila da oso denok aurrera egitea txalupa honetan baina hori ere bada utopia. Eta hori, jakinda, txalupa edozein unetan hondoratu daitekeela eta beste itsasontzi bat egin beharko dela. Hori...”
Jon “... ala ito”.

Ikuslegoa
Iñigo “Donostian Bilbon baino gehiago maite gaituzte. Askotan egoten gara han. Bada gauza positibo bat: Donostian antzerki ikuslegoa hazten dagoela. Oso garrantzitsua da hori. Horregatik, gure lana bada ikuslego berri bat aurkitzea, minoritarioa bai baina berezitua”.

Hizkuntz propioa eta taula beltza
Jon “Yuri Sam Izan ezik, beste gainerako lan guztiak elkarren lanari esker sortu da, idazle desberdinen artean, Peru C. Sabanekin, Unai Garaterekin ere eta azkena Na Gomesekin. Aspaldiko lagunak gara eta ondo moldatzen gara elkarlanean. Hala ere, ez nituzke nire lana eta nire bizitzaren garapena berezituko. Behar baten ondorioz idazten baitut. Horregatik literatura niretzat ez da polita, niretzat literatura bizitza da eta bizitza usuri behar dut testuetan”.
“Ez da nire ametsa liburuak argitaratzea, nahigo dut lanaren antzezpena izatea helburu. Taula gainean ikusteak ematen dit inpresio gehiago, hitzak entzutea. Helburua bada lengoai propioa sortzea, baina hori 29 urterekin lortu badut...”
Iñigo “Ni ez naiz zuzendari, nahiz eta azken lanean hori dagokidan. NI antzezlea naiz eta nire bi helburuak horiek dira: antzeztea eta ikertzea. Gehien disfrutatzen dut antzezpenik ez egin eta ikertzen nabilenean hala nola, 40 antzezpenetik gora egin ondoren, orduan hasten naiz nire onena ematen, beste guztia istripu bat da. Nik ez dut nagusirik nahi eta ez dut inoren nagusi izan nahi. “Au voire…”-en zuzendaria naiz, baina luxua da horren atzetik, kriston taldea dagoelako. Eta elkar lan hori esker heldu gara une honetara, prozesu baten isla izen daitekeena”.