• 1
  • 2
hurrengoa
erich von stroheim: gorrotatzea maite duzun gizona    Lelo esanguratsu honekin iragartzen zuten Hollywood-eko estudioek Erich Oswald Erich Von Stroheim. Ez zen erraza izango zama hori gainean eramatea, baina norbaitek horretarako ahalmena bazuen, pertsona hori Erich Oswald Hans Carl Maria von Stroheim zen. Zine zuzendari, aktore eta pertsona aparta. Pertsona eta pertsonaia bat egin zituen gizon honen iraganak jakin-min handia piztu izan du beti. Zine zuzendari aparta izan zen eta, bere garaikideekin alderatuta, gizon aske eta konplexurik gabea, bai bizitzan bai eta zinemagintzan ere. Askatasuna larrutik ordaintzen da gehienetan eta Stroheim-ek garesti ordaindu zuen bere bizitzarekin nahi izan zuena egitea. Horregatik, guri ez zaigu interesatzen Erich von Strohein-i mozorroa kentzea. Are gehiago, Bere biografia asmatzearekin konformatu ez, eta bere asmakizuna egia bihurtzen saiatu zen gizona da interesatzen zaiguna.

Maurepas-ko gazteluan dago lurperatuta Erich von Stroheim, hilobi txiki baten azpian, baina gaztelu batean, azken finean, bere izenak merezi zuen moduan. 1955. urtean hil zen, Frantzian. Herrialde horrek eskaini zion paparrean zeramatzan dominen artean benetakoa zen bakarra, egun edozein sukaldariri edo modako kantariri ematen zaion ohorezko legioa. Bere biografiako pasarteak beti egon dira laino artean ezkutaturik. Stroheim-ek datu oso gutxi eman zituen bere familiaren eta haurtzaroaren inguruan. Bere esanetan, Erdialdeko Europako familia aristokratiko baten seme jaio zen 1885. urtean. Hainbat ikerketek diotenez, Vienan bizi ziren funtzionari baten eta gorteko dama baten semea zen. Gaztea zelarik, ejertzitoan sartzen saiatu zen, baina bere familiak odol judutarra zuenez, ez zuten onartu. Orduan, artista izatea erabaki zuen. Garai hartan hasi zen bere bizitza osoan antzeztuko zuen papera egiten. Bere burua Prusiako ejertzitoko soldadu gisa aurkezten hasi zen. Ez zuen inongo konplexurengatik egiten. Ez, Erich von Stroheim bere bizitzaren lema eramango zuela erabaki zuen momentutik ez zuen atzera begiratu. Bere fartsarekin militarrei trufa egiten zien modu berean egiten zien trufa judutarrei bere ohitura libertinoekin. Erich von Stroheim-ek ez zuen loturarik nahi, ez genetikoak, ez kulturalak, ez eta ideologikoak ere.

1909an barku bat hartu eta AEBetara joan zen eta, han, bere bizi paperean sakondu egin zuen. Estatubatuarrak etorkin sindromeak jota bizi ziren garai hartan eta Europatik eta aristokrazia kutsuarekin iristen zen oro miresmenaz onartzen zuten. Hasera batean, behintzat, hala izan zen. Hainbat lanbidetan aritu zen, baina berehala zinearen magiak harrapatu zuen. David W. Griffith-en "The Birth of the Nation" eta "Intolerance" filmetan, aktore eta zuzendari laguntzaile gisa aritu zen. Griffith-en lan egiteko modua eta ekoizpen handietarako zaletasuna bere egin zituen gure "militar prusiarrak". Aurrerantzean, bere pelikula propioak idatzi eta zuzendu zituen, eta abilezia ikaragarria azaldu zuen ekoizpen handiak eta istorio barrokoak filmatzean. Bere zinearen bigarren ezaugarria sexua da. Bere istorioetan, agerian azaltzen da sexua. Modu aske batean fetixismoa, masokismoa, eta AEBetako zine industriak oraindik onartzen ez dituen sexu adierazpenak inongo konplexurik gabe idazten eta filmatzen zituen Erich von Stroheim-ek. Eta larrutik ordaindu zuen. Estudio handiek bizkarra eman zioten, eta bere bizitzako azken bi hamarkadetan ez zuen pelikularik filmatu. Hala ere, aktore gisa azaldu zen pelikula askotan. Arazo ekonomikoak zituenean Billy Wilder-ek behin baino gehiagotan kontratatu zuen. Horietako elkarlan batean, zinemaren historiako pelikularik eta salaketarik finena egin zuten: "Sunset Boulevard". Film honetan Erich von Stronheim-en bizitza biltzen duelako. 1928an Gloria Swanson-ek Erich von Stroheim kontratatu zuen "Queen Kelly" filma idazteko eta zuzentzeko. Istorioa filmatzen hasi, eta Stroheim-ek geroz eta istorio beltz eta lizunagoa egiten ari zela konturatu zenean, kaleratu egin zuen. Erich Von Stronheimen azken film handia izan zen. 1950. urtean Wilder-ek, aipatu dugun "Sunset Boulevard" filmatu zuen. Pelikula honetan, zine mutuaren desagerpenarekin bat gainbehera bizi zuen Norma Desmond zine izarraren istorioa kontatzen zaigu. Norma Desmond zine izar ahaztuaren paperean Gloria Swanson jarri zuen, eta Max izeneko haren zerbitzari isil eta koitaduaren paperean... bai, asmatu duzue: Erich Von Stroheim.

Filmak zuzendari gisa:
"Blind Husbands" (1919) / "The Devil's Passkey" (1920) / "Foolish Wives" (1922) / "Merry-Go-Round" (1923) / "Greed" (1924) / "The Merry Widow" (1925) / "The Wedding March" (1928) / "The Honeymoon" (1928) / "Queen Kelly" (1929) / "Walking Down Broadway aka Hello, Sister" (1933).