hurrengoa
aitak semeari...    Honez gero, herrialde angloetan, liburutegiak, gabonetako oparirako bereziki argitaratu diren liburuez gainezka daude. Horietako bat, ezbairik gabe, Walker Lamond-ek idatzi duen 1.001 Rules for My Unborn son (1.001 arau jaio ez den nire semearentzat) arrakastatsua. Gisa horretako geroz eta liburu gehiago topatzen dugu liburudendetako apaletan. 2009. urteko errebelazio, edo gutxienik sorpresa, izan direnen artean jarri dezakegu, halaber, David Gilmour zinema kritikari kanadiarrak idatzitako Cineclub liburua. Gilmourrek Jesse semearen bizitzako une zail batean idatzi zuen liburua; semeak 16 urte zeuzkan, 1,95 m-ko altuera, eta beherakada nabarmena izaten ari zen ikasketetan. Egoera horri nola egin zioten aurre kontatzen digu bere liburuan. Astero, film bat aukeratu eta elkarrekin ikusten zuten. Filmaren ostean, zineklubetan egiten den moduan, eztabaidatxo bat izaten zuten. Esperientzia guzti hura jaso zuen Cineclub liburuan. Bi liburu horien harteko lotura deskubritu nuen unean, beste aurkikuntza are interesgarriagoa, eta pozgarriagoa, egin nuen. Aspaldian, belar metaren inguruan tesi bat egiten ari nintzela, Iruñako liburutegi publikoan topatunuen azal gorriko liburu txiki eta eder bat etorri zitzaidan gogora. Liburu hark aipatutako bien formula bera erabiltzen zuen, baina ezaugarri berezi batekin. Idazleak, Duvoisin kapitainak, 1858an idatzi zuen bere liburua, euskara hutsez: Laborantzarako liburua edo bi aita semeren solasak laborantzaren gainean. Duvoisin Ainhoan jaio zen, eta muga zaindari izan zen, idazle izateko erretiroa hartu zuen arte.
Izenburu argiko liburu hau Baionako Pont-Mayu karrikako Andre Lamaigneren moldiztegian inprimatu zen. Bertan, laborari batek, baserri lanaren nondik norakoak azaltzen dizkio bere semari. Aita eta seme baten arteko elkarrizketa luze honetan, atalka, baserri bizitzaren eta lanaren inguruko gai anitz azalduko da. Modu sinple baina aberatsean, oinarrizko irakaskuntzak eta trikimailu txikiak azalduko dizkio aitak semeari. Liburu ederra idatzi zuen Duvoisin kapitainak. Eta ederra izateaz gain, egun hain erabilia eta, azaldu dugun moduan, modan dagoen formula arrakastatsua erabili zuen narrazioa eraikitzerako orduan. Duvoisin kapitaina laguntza liburuen aitzindari ere izan zela esan dezakegu.
Duvoisin kapitaina Luis-luziano Bonaparteren laguntzaile izan zen, eta aipatzen ari garen liburuaren atarikoan argi geratzen da harekiko zuen begirunea eta miresmena:

Beroreen gortasunari,
gure jaun eta printze bizar Luis-luziano Bonaparteri
euskaldunen amodioa, gogoa eta bihotza eta ordoen artetik
berorren eskupeko aphal baina beti eskerdun
Duvoisin kapitainarek.