hurrengoa
trapu zaharra, 25 urte kalea egiten myriam gartzia   25 urte beteta dituzue antzerki talde bezala. Zer gertatu da azken 25 urte hauetan Trapu Zaharra antzerki taldean?
Zaila da laburbiltzea gertatu dena- diosku Santi Ugaldek, Trapu Zaharra antzerki taldearen sortzaileak. Hasieran, bi klown ginen, bi komiko, Txema Ocio eta neu. Denbora honetan asko aldatu da lantaldea, ikuskizunaren eta kontatu nahi genuenaren araberakoa izan baita beti. Musikariekin egin dugu lan, areto ikuskizunak ere eskaini ditugu eta azken 10 urteotan kale antzerkia landu dugu batik bat.

Bada liburu bat zuen ibilbidea kontatzen duena, “Trapu zaharra. 25 años haciendo la calle”.
Bai, Artezek publikatu zuen aurreko urtean, antzerki taldearen 25. urtemugan. Bertan biltzen da azken 25 urte hauetako ibilbidea.

Betiere, umorearen bidetik, baina gizartearen kritika zorrotza eginez. Barrea arriskutsua al da?
Barrea baltsamo bat da, eta guretzako autobide bat da kontatu nahi duguna kontatu ahal izateko. Umorea bide ona da jendearengana heltzeko, kalean ezin daiteke beste modu batean izan eta guk gustuko ditugun istorio garratzak kontatzeko bidea ere da. Betiere, espazio horretan, gureak kalean leku duten istorioak dira.

Publikoaren parte-hartzea nabarmena da zuen ikuskizunetan.
Kaleak ematen dizun baliabide bat da, guretzat ikuslea ez da ikusle hutsa, kaleak ahalbidetzen duelako ohiko antzerkiak dituen mugarriak apurtu ahal izatea. Kalean istorioa konta dezakezu aurrez aurre publikoarekin, zu eta ni hitz egiten ari garen moduan. Beti ere, eta esan bezala, kalean leku duten istorioak kontatzeko. Hala ere, egiaren bidetik eginez gero, ia denak du leku kalean.

Kritika latza egiten diozue gizarteari. Errealitatetik asko edaten duzue.
Gustuko dugu. Azken finean, kalean dauden gaiak dira eta gure ustez, guretzat interesgarriak diren heinean, espero duguna zera da, kaletarrarentzat ere interesgarria izatea. Ez da gure asmoa istoriotzarrak edo dramak kontatzea, kaleak berak oso ezaugarri bereziak baititu, ikuslearen arreta desberdina da edota zaratak egotea normalena da. Azken helburua istorio erreal bat kontatzea da. Beti ere, eta kaleak hala aginduta, oso malguak gara istorioarekin zein libretoarekin; antzezlana beti ari da ibiltzen, aldatzen. Guk idazten ditugu testuak eta alde horretatik ez dugu horiek aldatzeko arazorik. Trapu Zaharraren ezaugarrietako bat da malgutasun hori, inoiz ez dugu amaitutzat ematen antzezlana, eraikitze ahalmena oso garrantzitsua da guretzat. Kaleak ematen dizu hori, aldatzea, transformatzea.

Zein da istorio guzti horietatik azkena?
“Vaya Ganga” izeneko ikuskizuna prestatzen ari gara, oraindik sortze prozesuan dagoena. Bestetik, Vasco Tour izeneko taldearekin gaude lanean 13 emanaldi bilduko dituen proiektuan. Agian, azken horrek zenbait pista emango dizkigu datorren urtean gauzatuko den turismoari buruzko ikuskizunerako. Bi taldek osatzen dute egun Trapu Zaharra, bata euskaraz eta bestea gazteleraz, eta zazpi edo zortzilagun biltzen gara.

Ez da zuen asmoa areto serio batean sartzea?
Serioa ez. Inoiz egin izan dugu, baina kalea da espaziorik biziena guretzat. Ikuslearengandik gertu sentitzen gara kalean, euren aurpegia, barrea, eta jarrera ikusten dugu.

Ume, gazte zein helduentzat.
Gure antzerkia helduentzako da, baina kalean denetatik dago, eta kontuan izan behar duzu umeak eta gazteak ere ikusle izango dituzula askotan, baina berez ez dira gure helburua.

Nola definituko zenuke Trapu Zaharra gaur egun?
Krisian, baina oraindik ilusioa mantentzen duen jendea garela.