hurrengoa
the red carpet izaga leihun   Urteko zine ekoizpena saritzeko aitzakian, modelitoa eta irribarrea erakusteko alfonbra gorriko platoan, urre kolorez pintatutako brontzezko figura bat da telebista saio honen protagonista. 3.000 gonbidatu, aktore eta zinema teknikoak arratsaldeko ordu bietatik galaz jantzita, 1500 publizista eta kazetari, hauek ere galaz jantzita eta akreditazioa lepotik zintzilik.

Ia 3 hilabetez Los Angeles gau honetarako prestatzen ibili da, oskarretako sasoia eguberrien amaieran hasi eta sari banaketen gauean amaitzen da, kaleko argi bakoitzean urteko kartela ikusgai. Kodak Theatre inguruko kaleetan hilabete bat lehenagotik hasten dira kale mozketak eta gala egunean ezinezkoa da bertara hurbiltzea limu batean joan ezean.

Alfonbra gorrian, eta mikrofonoen atzetik kamarak daude eta hauen atzean euren bezeroei non gelditu eta erantzuten noiz amaitu esaten dien publizista. Famatuek, utzitako "Haute Couture" eta prezio lotsagarriko pitxiak janzten dituzte. Alfonbra gorria ganadu feria bat da. Eder eta famatuenek argazki eta elkarrizketa kopururik handiena jasotzen dute eta euren publizistek lan eskerga izaten dute zein komunikabide onartu eta zein ez erabakitzen. Izendatua geroz eta ezezagunagoa, geroz eta lan nekezagoa du bere publizistak merkantzia kazetariei saltzen.

Ospakizuna hasten da, gonbidatuak eseri egiten dira antzokiko eserleku gorrietan, kazetariak eta publizistak backstage-ean geratzen dira, ekitaldia telebista pantaila erraldoietan jarraitzen, edaten, jaten eta tarteka irabazle famatuenen lehendabiziko hitzak jasotzeko korrikaldiak egiten. Irabazleak eskenatokira igotzen dira eta gehienek ez diote jaramonik egiten Tom Hanks-ek, akademiak nominatu guztiei bidalitako DVD an ematen dituen gomendioei. Gomendioen artean diskurtso labur, original eta familiari, zuzendari, ekoizle, agente edo jainkoari eskerrak ez emateko aipatzen du "pentsa 40 milioi pertsona dagoela zuri begira euren etxeetatik... entretenigarria den zerbait entzun nahi dute eta ez zure arbol genealogikoa" dio Tom Hanks-ek.

Gala telebisatuaren amaiera, famatuak GovernorĀ“s Ball-era doaz afaltzera, akademiak ematen duen afari ofiziala, gero publizista alboan duela gau horretan ospatzen diren festa ezberdinetako argazkietan ateratzeko "via crucis"-a. Kazetariek ibilbide bera egiten dute detailerik ez galtzeko, zein jantzi aldatu duten, nork nor agurtzen duen, nork ospatzen duen norekin... show handiaren ostean batzuk oraindik azken trago bat hartzeko indarra dute, benetako festa batean eta kamararik gabe.