• 1
  • 2
hurrengoa
javi p3z-en olinpiadak, just because we love "sports" elektro   I  naroa perez Aspaldi nekatu ginen telebistako pilota eta futbol partidekin. Boxeo izarrak eta beste kirol batzuetan bilatu genuen alternatiba, baina zerbait faltan botatzen genuen: erritmoa. Guzti honi buelta eman eta azkenean kirolarekin beste modu batean gozatzeko sendabelarra bilatu dugu: Javi P3z orquesta.
Hori da Javi P3z donostiarraren azken mutazioaren deitura. Izenak dioen moduan berak zuzendu eta gidatutako orkestra bat dakar alboan, baina horrelakoetan ohikoak diren musika tresnak teklatu, gitarra elektriko, sampler eta abarrengatik ordezkatu ditu. Pisu handiko musikariak elkartu dira bere albora proiektu hau aurrera atera ahal izateko, Madrilgo Hi Top diskoetxe ausartak argitaratu duelarik (besteak beste Cashba 73ren "Moods & grooves" ezinbestekoa argitaratu duena).
2004ko uda: mundu guztiko kirolari eta kirolzaleak abuztuan Atenas-en ospatuko ziren joko olinpikoen zain ziren bitartean, Donostian ekainean jada martxan ziren kolorezko eraztunen jokorik musikalenak. Honelako ekitaldi orok eskatzen duen moduan, entrenamendu sakon baten ondorioa da diskoa. 2003ko abuztura bidaiatu behar dugu: aurretik Paraf√ľnk, Elektropez, Camping Gaz & Digi Random bezalako proiektuetan ibilitako Javi P3z entrenamenduko azken lanetan aurkitzen dugu Andoaingo Garate estudioetan. Diskoan aurkitu daitezkeen abesti eta doinuen egilea bera bada ere, ez dago bakarrik. Donostia inguruko musikariak sasoi fisiko ezin hobean daudela erakusten digu "Sports"-ek: Luis Camino, Mikel Abrego, Makala, Jimmy Bidaurreta, Kontrabandako haizeak... Kaki Arkarazoren esanetara aritu ziren grabaketa estudioan. Nahasketa lanak ere bere esku joan direlarik. Doinu latinoak dira diskoan aurkitzen ditugun erritmoen zutabe, baina kasu honetan ez duzu olinpiaden hasiera ekitaldietako Ricky Martin edo Chayanen abestirik aurkituko, askoz ere biziago, bero eta dantzagarriagoak direnak baizik. Musika aurkituko duzu. P3z-en identitate bihurri, basati eta aldi berean dotorea abestietan ez ezik berauen tituluetan ere irakurri daiteke: Ping pong, midi marathon, (Never mind the) bolos, eta abarretan kirol berriak proposatzeaz gain musikaren historiako ardatzei omenaldiak ere egin zaizkie. Sampler ezberdinak nahastuaz, argi dago kirolean apustuak edo irabazteko grina baino gehiago bilatzen dugunoi zuzenduta dagoela diskoa. Jada zuzenean ere entzun ditzakegu proiektu jendetsu honetako kantuak, hasiak baitira lana eskenatokietan aurkezten. Mikel Abregoren lekua Galder Izagirrek hartu du lehena Inoren Ero Ni-ren biran murgilduta dagoelako. Amaitu dira beraz Athletic, Oiarzabal edo Perurena bezalakoen urrezko egunak. Kirolaz gozatu eta kirola ulertzeko era berriak gurean dira.

Donostia belongs to nyc!!!
Gaur egun elektronikan bilatzen diren soinuetatik urruntzen da diskoa.
Honela New Yorkeko Spanish Harlem-an lantzen ziren doinu latinoak nagusitzen dira.

Sport: something is changing
Argi dago kirolaren munduan zerbait aldatzen dabilela. Greziako joku olinpikoen hasiera ekitadian dj Tiestoren emanaldiaren laguntza izan zuten.
Guk bestelakoak nahiago ditugu, arima beltza duen Javi P3z-ena adibidez, musika kirolera moldatu beharrean kirola musikara moldatzea lortu duelarik.