hurrengoa
Wu-Tang Clan: mikroak, ezpatak eta billete sortak    Old Dirty Bastarden desagerpenarekin –pasadan azaroan hil zen- puntako hip hop kolektibo baten berezko partaidetzaren amaiera heldu zen. Euren ibilbidearen laburpen hau merezi dute. Kalera atera berri da taldearen zuzeneko emanaldien diskoa, epitafio gisa, eta kontuz, talde honekin engantxaturik geratu zintezke eta: “Wu-Tang ain’t nothing to fuck with”. Bazen behin...
Taldearen genesi mitologikotik hasiko gara. Usadio zahar baten arabera, k.o.VI. mendean, Tamo izeneko monje budista batek Shaolin tenpluan sartzeko bidai luze bat egin zuen. Baina bertako buruzagiak, Fang Changek, gizon susmagarria zela pentsatu eta ez zion sartzen utzi. Tamo inguruko koba batetara joan zen hausnartzera eta denboraren poderíoz hainbesteko kontzentrazio gaitasuna lortu zuen harrian zulo bat egitea lortu zuela. Konfiantzaz gainezka, Tamok tenpluan sartzea lortu zuen. Tenpluan izan zuen lehenengo kontaktuan, bertako ikasleen maila kaskarraz jabetu zen. Monjeen entrenamenduaz bera arduratuko zela erabaki zuen, Indochinako ikonografiako 18 animaliak ardatz hartuta. Denboraren iraganarekin bere teknika garatzen joan zen. Arma ezberdinak sartu zituen entrenamenduetan, tartean wu tang ezpata hiltzailea. Arma hau dominatzeko ikasleak 36 gelen froga gainditu behar zuen. Gela batetik besterako iraganean ikasleak bere benetako hortz bat urrezko batengatik aldatzen zuen (amaitzerakoan platinoa eta diamanteak gehitzen zitzaizkion etsaia zur eta lur uzteko). Apurka shaolinen artean bi talde sortuko dira: euren artea defentsarako soilik irakatsi nahi dutenak batetik eta biolentzia aktiboa ukatzen ez zutenak bestetik. Azken hauek Wu-Tang Clan izena hartu zuten.

Platinozko pandilleroak
Hamasei mende beranduago, Staten Island-en (New York), usadioa berpiztu egiten da hip hop cultura, kung-fu filmak eta folklore mafiosoa nahastuaz. Beldurrezko filmen ukitua ere nabarmena da. Euren lehendabiziko lana, Enter the 36 Chambers (93) mitikoak izozturik utzi zuen hip hop komunitatea. Diskoari forma emateko goi mailako 9 rapero behar izan zituzten: RZA (zuzendari musikala), Genius/GZA, Ol´Dirty Bastard (basatiena), Method Man (Erick Sermonekin behin eta berriro alderatua izan dena eta bakarka arrakasta izan zuen lehena), Raekwon the Chef, Ghostface Killah U-God, Inspectah Deck eta Masta Killa. Soldadu prestuen moduan, Wu Tang Clan-ak ongi prestatua zuen disko industria erasotzeko estrategia. Loud zigiluarekin fitxatu zuten euren bakarkako diskoak kaleratzeko askatasuna ematen ez zielako. Hamarkada bat igaro ostean taldean eta bakarka ateratako diskoen kopurua 40tik pasatzen zen eta multinazional guztiekin sinatu dituzte kontratuak. Lehenengo hiru urteetan 10 milioi kopia saldu zuten. Hainbestetan esan den moduan, "industria barneko industria batean bihurtu ziren". Euren eragina nabarmena izan zen. Euren estetika landuari esker 1995. urtean arropa zigilu propioa sortu zuen lehendabiziko taldea izan zen: "Wu Wear". 1998an bideojoko propioa sortu zuten lehenak izan ziren: “Shaolyn Style”. Eta Cristina Aguilera edo Mariah Carey-rekin eginiko kolaborazioak ez zuten euren izena zikindu. Jim Jarmusch edo Tarantinoren moduko zine zuzendariek RZAren eskuetan jarriz zituzten "Ghost Dog" edo "Kill Bill" sagaren soinu bandak. Eskuartean dituen beste proiektu batzuk: Blade: Trinity filmerako konpositore klasiko batekin egindako kolaborazioa eta Unleashed, Jun Li-ren hurrengo filmerako piano kontzertu bat konposatzen dabil.

Zaharra, zikina, sasikumea eta hila
Wu Tang-i inoiz ez zitzaion kale sinesgarritasunik falta izan, baina badaezpada han zegoen Ol´Dirty Bastard (ODB) gauzak bere tokian uzteko. 1998an hasi zen bere liskar zurrunbiloa. Grammy ospakizunean Shawn Colvin-i mikroa kendu eta epaimahaiari, muturrean, Puff Daddy-ren mesedetan rap disko onenaren saria kendu izana salatu zuen. Apurka-apurka bere arazoak hazten joan ziren: poliziak mehatxatzeagatik salatu zuten, balen aurkako bularreko ilegala izateagatik ere salatu zuten, eta droga gainean eramateagatik, eta neskalagun ohi bat mehatxatzeagatik eta gidabaimenik gabe gidatzeagatik,… MTV kateak bere eguneko 24 orduen jarraipenarekin saioa egin zuenean, DOB limusina hartuta estatu laguntza bulego batera joan eta bere semeentzako janari kupoiak zein erraz eskuratzen zituen lekuko izan zen. Wu Tang ez ziren sekula banatu, eta ez zuten ego guda handirik izan baina komunikazio gutxiko denboraldiak bizi izan zituzten, horren lekuko 1997 eta 2004. urte bitartean elkarrekin bira egin ez izana.
ODB estudioan hil zen pasadan azaroaren 14ean, 36 urte betetzeko egun gutxi falta zituenean. Bere heriotzaren eragilea ez da konfirmatu baina duela gutxi desintoxikazio zentro batetik ihes egin zuela badakigu. GZArekin batera Wu-Tang Clan kolektiboaren sortzailea zen eta ahotsik nabarmenenetarikoa. Orain hasi Wu-rekin zerikusia duen lanen uholderako, besteen artean ODB-en post mortem diskoa, Wu-Tang Clan-en Greatest Hits bat eta euren ikonografia azaltzen duten liburu bat. The Wu-Tang manual du izena eta estreinatu berri den urtearen hasierarako iragarria dago.