hurrengoa
paradisu merkeak Xabier Sagardia   I  Xabier Sagardia Hotela
Autobusa hotelez hotel doa eta bidaiariak hoteletako atarietan askatzen ditu. “El delfín saltarín hotelekoak behera!”, dio tour-operadoreko enplegatuak ozen. 70eko hamarkadan eraikitako hotela da, iaz eraberritua, esan digutenez. Esan digute ala ez? Jada ez gaude ziur.

Lehen erreklamazioa
Biharamunean emakume zimurtu bat kexu entzun dugu. Ispilurik gabeko logela eman diote. Markoa bazegoela onartu du, hori bai. Gainera, ile bat aurkitu zuen ohe gainean, ile kizkurra eta gogorra. Irribarre egin dugu. Zorionekoak garela konturatu gara. Gure logelak ispilua du, eta ez dugu kizkurra den ezer aurkitu.

Habitat berria
Hotelak erlategiak bailira altxatzen dira inguruan. Balkoi batzuetan bandera piratak eskegi dituzte, gorri koloreko Ferrarikoak ere italiarrek. Hooliganak eta tifosiak harmailak konpartitzen.

Afariak
Buffeta emakume baten logela bezain susmagarria da, gutxienez. Menuko jakirik goxoena patata frijituak dira. Astebetez patata frijituak afaldu ditugu. Sinestezina badirudi ere, ez gara patata frijituez nekatu.

Gaueko animazioa
Hoteleko terrazaren alde batean disko-jartzaile burusoilak asper begirada du. Urtez urte kopla bera. Hilea galtzearen arrazoia ulertu dugu. Rafaela Carrak “hay que venir al sur” oihukatzen du. Kubata kontrako eztarritik joan zaigu.

Hondartza
Hondartzak ez du parekorik. Ez du poesiarik, ez iradokitzeko gaitasunik. Ur nabar eta epelak dira. Halako dentsitatea dute. Olaturik ez. Cesare Paveseren La spiaggia-ko goizez eta arratsez akordatu gara. Eta Hendaiaz. Eta Zarautzez. Eta Allotzeko urtegiaz ere bai.

Eguzkia
Eguzkiak berdin jotzen du denentzat. Baita paradisu merkeetan ere.