hurrengoa
elvis gorria uxeta labrit   Alzheimer moduko batek desagerrarazi du bere garaikideen memoriatik, eta belaunaldi berrien ipod-etan nekez topatuko dugu haren kanturik. Baina hain urrun ez dauden historia eta geografia mapetan topa daiteke Dean Reed-en aztarnarik. Coloradotik Hollywood-era

Dean Cyril Reed 1938ko irailaren 22an jaio zen, sarreran ̈Krabelinen munduko hiriburua ̈ kartela duen Wheat Ridge herrian. Nerabezaroan gitarra jotzen ikasi zuen, eta, 20 urterekin, gurasoen iritziaren kontra, auto zahar bat erosi eta Hollywood-era abiatu zen. Bidean, auto-stopean zebilen tipo bat hartu eta, hark zera esan zion, arropa ematen bazion eta hotela ordaintzen, Hollywood-en kontaktu baliagarri bat emango ziola. Deanek, zintzoa bezain ergela zenez, hala egin zuen. Hollywood-era iritsi zenean, telefonoa hartu eta Capitol diskoetxeko exekutibo bat topatu zuen telefonoaren beste aldean; handik bi egunera, lehen diskoa grabatzeko kontratua egingo zion. Dean Reedek hil arte mantendu zuen gizakiarenganako konfiantza ergel eta zintzo hura.
Dean Reed, gizon segaila zen, eta edertasunak ate asko ireki zizkion. Aktore gisa ere lanean hasi zen Warner Brothers estudioetan. Antzerkigintza ikasten hasi, eta hartan ezagutu zuen kontzientzia politikoa piztuko zion Paton Price irakaslea. Jean Seberg eta Don Murrai-ren gelakidea izan zen, eta, apurka, lanbide berrian arrakasta izaten hasi zen. Berehala jabetu zen, ordea, Hollywood ez zela postaletan ageri ohi zen lurralde oparoa. 1961ean "My Summer Romance" grabatu zuen. Disko hura Chileko salmenten lehen postuan zegoela jakin zuenean, bitan pentsatu gabe, Santiagorako abioi-txartela erosi zuen. Han egin zioten harrerak ustekabean harrapatu zuen. Milaka gazte hurbildu zen aireportura, kantari eta aktore estatubatuarra ikusi eta ukitu nahirik. Beranduago onartuko zuen moduan, han dastatu zuen, lehen aldiz, aurrerantzean ezinbestekoa bihurtuko zitzaion famaren droga adiktiboa. Beste gauza batek ere erakarri zuen bere atentzioa: paretetan irakurtzen zituen "Yankee go home" idatziek. Estatubatuarrek munduan zuten irudi haren aurka borrokatzea erabaki zuen: Kennedy presidenteari idatzi zion arma nuklearrak suntsitzeko eskatuz, Victor Jararen eskutik atera zen eskenatokietara “Venceremos ̈ oihukatzen...

Hegoamerikatik Sobietar Batasunera

Kantari kaxkar samarra bazen ere, Reed ipar amerikarra zen eta, gainera, rock doinuekin ausartu zen. Mezu ezkertiarrez gain, doinu eta jarrera iraultzaileez gose zegoen ikuslego latinoamerikarra konkistatu zuen berehala. Argentinara joan zenean, bere rock star eta iraultzaile bizitzarekin jarraitu zuen, harik eta erregimen militarrak kanporatu zuen arte. Madrilen bizi izan zen denbora batez. Handik, Helsinkira joan zen, argentinar delegazioarekin batera, 1965eko Munduko Bake Kongresuan parte hartzera entzule gisa. Bertrand Russell ez zen kongresuan azaldu, eta horrek txistuak eta oihuak eragin zituen aretoan. Reed, orduan, zalaparta haren erdian, eskenatokira igo zen bere gitarrarekin eta abesten hasi zen. Aho bete hortz geratu ziren bertako guztiak, zer egin ez zekitela, baina Reedek, azkenean, delegazioetako partaide guztiak berarekin batera abesten jarri zituen eta elkarri eskua ematera behartu zituen. Kantaldi inprobisatu hark bere bizitza aldatuko zuen betiko.
Kongresuan zegoen Nikolai Pastujov-ek, “Komsomol” edo Komunista Gazteen Batasunako buru zenak, aukera itzela ikusi zuen ̈bihotz oneko amerikar ̈ harengan. Sobietar Batasuneko gazteek Beatles-ak deskubritu berri zituzten eta rocka eskatzen zuten. Eta beste behin, bitan pentsatu gabe, Moskura joateko gonbidapena onartu zuen Reedek. Sobietar Batasunean izan zuen arrakasta sekulakoa izan zen, eta sozialisten ideiekin bat egiten zuen Dean Reed —Elvis Gorria ezizena eman zioten— legenda bihurtu zen. Berlingo alde sozialista bere bizilekua izango zela erabaki aurretik, Espainiara itzuli zen. Makina bat spagetti western egin zuen bertan, baina Francoren Espainian ez zegoen lekurik Reed bezalako piper-gorri batentzat, eta alde egiteko "gonbidapena" egin zioten.

Heriotz susmagarria

Dean Reedek bost herrialdetako espetxeak ezagutu zituen bizitzan zehar. Hogei urteren ostean, AEBtara itzuli zenean, espetxeratu egin zuten nazioaren ziurtasunaren aurkako delitu batengatik. Besteak beste, Joan Baezek, Peter Seegerek eta Shostakovich konpositoreak.
Reed askatzeko eskatu zioten Carter presidenteari hainbat ekitaldi publikotan. Epaileak 500 dolarreko isuna ala kartzelan jarraitzeko aukera eskaini zion. Deanek, epaiketan, bere itzaldietako bat bota eta... espetxera itzuli zen.
Will Roberts zinemagilea Reedekin izan zen Sobietar Batasunean, Chilen, Cuban eta beste hainbat herrialdetan barna. Dean Reed: American Rebel filma estreinatu zuen Denver-ko zinemaldian. Herrikideen harrera ikusita, zinemagintzara itzultzea erabaki zuen Reedek. Berlinera itzuli eta proiektu berri bati ekin zion. Baina, filmaketaren bezperan, desagertu egin zen. Bost egun beranduago, 1986ko ekainaren 13an, bere etxe ondoko lakuan aurkitu zuten gorpua. Bertsio ofizialak istripu bat izan zela esan zuen. Baina susmo eta legenda ugari dago Reeden heriotzaren inguruan. Batetik, igerilari trebea izanik, sakontasun urriko lakuan ito egin zen; bestetik, poliziak Ramonari, Reeden alabari, eman zizkion gauzen artean, aitak ito zenean zeraman diruzorroa zegoen, dokumentu guztiak lehor-lehor zituen diruzorroa.
Redek ez zion sekula AEBetako pasaporteari uko egin; beti oihukatu zuen amerikarrak ez zirela gaiztoak, euren sistema baizik. Askorentzat traidore bat, beste batzuentzat heroia, gezurtia, erdipurdiko kantaria, sex symbol-a, iraultzailea, bakezalea, cowboy harroa... Gauza batean, ordea, ez dago zalantzarik: haren bizitza eta heriotza bidaia liluragarri baten kontakizuna dira.