hurrengoa
arkitektura ibiltariak    XXI. mendearen hasierarekin, gizartearen eredu sedentarioaren inguruko eztabaida piztu da mendebaldeko herrialde tradizionaletan; izan ere, ez dago pentsamendu korronte hau kapitalismoaren garapenera berriki iritsi diren herrialdeei egokitzerik. Nomadismoaren inguruko hausnarketak hainbat artikuluren eta lanen abiapuntuan daude.
Vilèm Flusser-ek, 1990. urtean, nomadismoaren fenomenoa aipatu zuen mende berriari aurre egiteko estrategia gisa. Flusser-ek aipatzen du, “Zelt” (denda) izeneko artikulu batean, herrialde garatuetan nomadismo fenomeno berri batera itzultzen ari garela, informazioaren eta komunikazio bideen garapenari esker. Eta ez zaio arrazoirik falta, gutariko gehiengoak lan egiteko edo eta aisialdirako egunero egiten dugun kilometro kopurua ikusita. Egungo nomadismoa edo “nomadologiak” lotura zuzena du ekologiarekin eta ingurugiroarekin sortu diren hausnarketa, eztabaida eta proposamenekin.

Naturarekin bizi versus natura menperatu

Aitzinetik, hainbat zibilizazio garatutan, neurri handiko arkitekturak eraikiaz erakutsi izan da boterea. Botere politikoak edo erlijiosoak arkitektura erabili izan du instituzioei gorputza emateko. Eraikuntza arkitektoniko handi horiek zuzenean lotuta daude gizarte sedentarioaren garapenarekin. Adolf Loos-ek horizontalaren eta bertikalaren diagramaren teoria erabiltzen du arkitekturaren eta nomadismoaren arteko harremana azaltzeko: horizontaltasunak natura eta emetasun kontzeptuekin du zerikusia; bertikaltasuna, berriz, tradizionalki, artifizialtasunarekin eta boterearekin lotzen dugu. Paisaiak marra horizontala izatera jotzen du beti, eta gizakiaren eraikuntzek bertikaltasuna bilatzen dute. Gizarte ibiltariek ingurunearekiko errespetua eta ezaguera gehiago adierazten duten arkitekturak erabili izan dituzte. Beduinoen dendak, tuareg dendak, tibetar dendak, mongoliar yurtak, Ipar Amerikako natiboen dendak... Guztiek euren inguruarekiko egokiera eta espezializazio maila bikaina garatu dute.

Arkitektura ibiltariaren oinarria: denda

Arkitektura ibiltari ugari dago egun. Teknologiaren garapenak eta mendebaldeko gizarteak azken mendean aisialdirako azaldu duen joerak bideratu du arkitektura ibiltari horien agerpena. XIX. mendera arte, ordea, bi arkitektura ibiltari mota besterik ez zen existitzen. Godfrey Rhodes-ek, “Tents and Tent Life from the Earliest Ages to the Present Time” (1858) lanean, eraikuntza ibiltariaren historia eta garapena aztertu zuen. Bizileku gisa erabiltzen zen arkitektura, denda, aztertu zuen nagusiki, baina aipamen berezi bat egiten du beste eraikuntza ibiltari berezi baten inguruan: arkitektura ibiltari militarrak. Arkitektura horrek argi erakusten digu zer nolako garrantzia izan duten gudek arkitektura ibiltarien garapenean: setioetarako dorreak, katapultak, jauregietan sartzeko Vitruvius generalak asmatutako "dordoka" eraikuntza mekanikoak... Gudarosteak alde batetik bestera arin mugitzeko gaitasuna zen, askotan, guda bat irabazteko edo galtzeko arrazoi nagusia.

Denda da, ordea, arkitektura ibiltariaren sustraia eta oinarria. Denborarekin aldaketa gutxi pairatu duen arkitektura mota da, gainera. Sinpletasunean datza bere arrakasta. Dendak arintasuna eta espazioaren optimizazioa ditu adierazgarri nagusi. Eraikuntza sedentarioak lur sail batera lotzen du gizakia; eraikuntza ibiltariak, ordea, gizakiak aukeratutako lur sailera lotzen du. Gizarte sedentarioen begietara dendak eraikin arinegiak eta ziurtasun gutxikoak ziren, eta urteetan zehar indartu den pentsamolde horrek haratago doazen ondorioak ekarri dizkigu: dendetan bizi den jende ibiltaria ez da fidagarria. Ibiltariak sistema ezarriaren aurkako figurak dira. Ijitoen kasua aztertzea besterik ez dago. Sedentario bihurtzeko prozesua pairatzea ala bazterketa soziala dira aukerak. Gauza bera gertatzen da arkitektura ibiltariekin. Egun ezin da ia inon denda bat jarri. Dendak jartzeko gune estankoak sortu dira (kanpinak), bertan arkitektura ibiltari horiek arkitektura sedentario bihurtzeko.