hurrengoa
otomo handia txo!?   Katsuhiro Otomo eta "maisu handia" sinonimoak direla gutxik jarriko dute zalantzan honezkero. Komikia zein Animearen munduan noizbait muturra sartu duenak ezagutuko du. Mendebaldeko herrietan Akirarekin ezagutarazi zen, gehien bat filma animatuagatik baina baita ere komikiagatik. Honoko hau, filma baino lehen hasi, baina ostean bukatu zuen eta ez da harritzekoa; komikiak 2000 orritik gora bai ditu. 1990 urtean inguru argitaratu zen estatu espainolean Akira lehenbizikoz Ediciones B-ren eskutik. Argitaratzean izandako gora beherak medio, amaitu ezina egin zitzaizkigun 38 aleetan banatua. Batzuei nerabetasuna pasa zitzaigun lehendabiziko eta azkeneko aleen artean… Ostean 6 tomotan bilduko zuten, trinkoago bai, baina poltsikoari min gehiago egiten zion formatuan.
Otomok bere ospea irabazia zuela ikusi zutelarik argitaletxeek bere aurreko lanak argitaratzeari ekin zioten eta orduan, Normaren eskutik, Pesadillas etorri zitzaigun, "Domu" bere jatorrizko izenburuan. Hementxe, hiru tomo soiletan ikusi genuen Otomoren benetako maisutasuna. Akiran erabiliko zituen (nahiz eta hemen beranduago argitaratua izan, "Pesadillas" Akira baina zaharragoa da) botere psikikoen inguruko istorio sinple baina mamitsu bat eskaintzen digu, non neskato mukitsu batek zahar kopetilun bati aurre egiten dion borroka bortitzak sortuz. Hauxe ere tomo bakanean argitaratuko zuten argitaletxeek gogoko duten moduan.
Azkenik La Cupularen eskutik "Memorias" eskuratu genuen duela urte batzuk. Badirudi ados jarri direla argitaletxeak Otomoren istoriak luzeenetik motzeenera gazteleraz argitaratzeko. Memorias-en, Otomok marraztutako istorio motzen bilduma dugu. Eta berriro ere bere marrazkiaren freskotasuna eta errealismoa bat egiten dute akzio, terrore, umore eta istorio erromantikoak sortzeko. Hori bai, guztiak ez horren urruna den zientzia fikziozko etorkizun batean oinarrituak. Eta, La Cupulako jendeak egin ohi duen bezala, oso prezio onean, eta hau erran eta eskertu beharrekoa da.
Aurten La Cupulak "Memorias #2" ekarri digu. Eta honek ez du zer galtzerik bere aurretikoarekin alderatuta. Kasu! Joan korrika honen bila! izan ere Otomok komikiaren mundua alde batera utzi zuen aspaldi filmetan murgiltzeko eta ez dut uste argitaletxerik animatuko denik bere istorio zaharrenak berreskuratzen guri eskuratzeko.
Pena, animazioaren munduak irabazten zuena komikiarenak galdu zuen honekin. Gehienez ere Otomok egindako gidoiren batekin marraztutako komikia aurkituko dugu, hala nola The Legend of Mother Sarah, Normaren eskutik hau ere. Baina Otomoren marrazkia imitatzeko bai, baina berdintzeko oso zaila dela argi geratu zen aspaldi. Ez dezagun erran gainditzeko.