paper the balde
hurrengoa

jolasean

joxean sagastizabal · hordago

Gure ikastolako liburutegian arrakasta gehien izan zuen liburua. Geroago etorriko zen Aristiren Kappo eta orduan hasi ginen literatura fisikoki maitatzen, hau da 114 orrialdera zuzenean jo eta eskua hanka tartean eragiten. Baina aitzindaria Jolasean izan zen. Haur izateari utzi eta nerabe zakilberoak bihurtzen ari ginela erakutsi zigun liburua izan zen, eta bide batez, Nikolas Txiki apalean utzi eta beste era batetako liburuak bazirela erakutsi zigun Jolasean arin eta umoretsu honek.

hurrengoa

blankets

craig thompson · astiberri

Aspaldian, Craig Thompson marrazkilariaren gutizia bat aurkitu topatu genuen komiki denden apaletan; Goodbye Chunky Rice. Orain, marrazkilari beraren Blankets komikia topa dezakegu. Ia 600 orrialdetako komiki hau, aspaldian gero eta zabalduago dagoen komiki –eleberri autobiografikoen artean, maila gorenean dagoela esan genezake. Izugarri ongi marraztua egoteaz gain, bertan kontatzen zaizkigun gauzak edonori eragingo diote. Izan ere narratibitate ezin hobea lortzen du egileak komikiaren baliabideak profitatuz. Egileak, lan honekin lortu du lehendabiziko aldiz, 9. arteaz bizi ahal izatea. Merezi du.

hurrengoa

Marta Cárdenas

Oinarriak · Koldo Mitxelena

Gutxitan egiten diegu so erakusketa katalogoei. Norbaitek oparitzen badigu, bistadizo bat eman, etxeko liburutegian lekua egin eta bertan uzten dugu per secula seculorum. Eta ez badigute oparitzen... Ezagutzen al duzue erakusketa katalogoak erosten dituenik? Ba honek merezi du. Marta Cardenas pintorearen zirriborro koadernoak dira. Bere lanaren garapena ikusi eta gozatzeko aukera polita eskaintzen digu katalogo zaindu eta berezi honek. Lan sinple eta osoa. Arte obra bat bere baitan.

hurrengoa

Sei pertsonaia autore bila

Luigi Pirandello. Itzulpena: Josu Zabaleta · Elkar/ Alberdania

Antzerkia antzerkiaren barne. Liburu honekin sentimendu bikoitza sortzen da. Batetik, irakurtzen dugun heinean obra berezi hau antzeztua ikusi nahi dugu. Maila ezberdinak batzen dituen testu hori oholtzan nola gauzatuko litzatekeen jakin nahi genuke. Bestetik, irakurketarekin irudikatutako pertsonai eta egoerek haragitzerakoan zenbateraino galdu edo irabaziko luketen beldur apurra ere ematen digu. Beldur hau, ziurrenik, antzerkia irakurtzeko ohitura ez dugulako izanen da. Hau izan daiteke gabezia hori konpontzen lagundu dezakeen liburuetako bat.