hurrengoa
miss behi, mister zezen peru almandoz   I   cat├ílogo sementales leche 04 Xerra edo esne formatuan gure plateretara iritsi baino lehen, badakigu prozesu luzea jasaten dutela behi, idi eta zezenkiek. Iragarkiek argi erakusten digute, ziurrenik Bartzelonako publizitate agentzia batetan asmatu eta sekula santan ulertuko ez dugun terminologia sasi zientifikoarekin, zein higieniko eta aberasgarria izaten den elikagaiaren ibilbide luze honetan gehitutako isoflabona, bifidus eta laktibitamina bilduma.
Hala ere prozesua askoz lehenago hasten da. Kasu honetan behi, idi eta zezenaren sorkuntza unean hain zuzen ere. Egun, gure plateretara iristen diren elikagai horiek, genetikoki eraldatu eta hobetutako arrazen emaitza izaten dira. Ez gara konformatzen edozein piezarekin. Haragiaren kolorea, xamurtasuna eta abarrek garrantzi berezia dute. Gure harategietako erakustokiek gero eta antza gehiago dute arropa denden erakusleihoekin. Gizakiarekin gertatzen den moduan, behi eta zezenen munduan ere estetikak eta itxurak badu garrantzirik. Arraza berriak eta arraza horien abantailak (bataz beste 30 litro esne ematen dituen behia! Solomo gorri eta izter mamitsudun idia,...) katalogoetan aurkezten zaizkigu guk behar edo nahi duguna aukeratu ahal izateko. Miss Behia eta Mister Zezen zure eskura.
Eta industria genetiko adardun honetan, Euskal Herria potentzia bat da munduan. AEB-etatik edota Alemaniatik etortzen dira gure idi eta zezenen bila. Zero akats. Eusko Label.
Gisa honetako abere katalogoek badute pornografikotik zerbait. Izenak eta izendatzeko erak, sailkapenak eta errapeen gertuko planoak "trata de vacas" beharrean "trata de blancas" jarduera ekartzen digute gogora. Etorkizunean behi eta zezenekin ez ezik ikusiko al dugu gizakiekin eginiko katalogorik? Beno ondo pentsatuta, hein handi batean honezkero gertatzen da... Ez duzuela sinisten? Joan zaitez esperma donazioa egitera. Ea zein aurpegi jartzen duzun zure hazia "superprestigio" ez dela esaten dizutenean...