hurrengoa
literatura asmatikoa eider rodrigez   Maiz galdetu izan zaie idazleei zergatik idazten duten. Arrazoi aunitz eman daitezke, metafisikoak (“hilezkor bilakatu ondoren hil ahal izateko”), estetikoak (“patata itxurako sudur eta begien kokapen arbitrario honek sortutako edertasun handicapa auzokoen aurrean orekatzeko”) edota guztiz prosaikoak (“beste ezer egiten ez dakidalako”), baina funtsean, uste dut, badagoela idazle askok eta askok banderatzat hartuko luketen arrazoi bat: neurosia. Idazleak neurotikotik duen parteari etekina ateratzen dio eta ondoren, elkarrizketen garaian, zergatik idazten duen galdetzen zaionean, orduan, arrazoi bat asmatzen du.
Asmatikoa ere neurotikoa da. Eta idazle asmatiko ugari dago. Asmak edo txurrunak heriotzara hurbiltzen du gaixoa krisi bakoitzean. Ume asmatiko bat eta asma ez duen ume bat ez dira gauza bera. Lehenak, presente izango du lehendabiziko asma estualditik, bizitza, arnas egiten uztearekin batera amiltzen den gauza ezgauza dela, badaudela aita eta amaren eskumenetik at dauden arriskuak, eta arnasa, arnasa dela mundura lotzen gaituen kezko haria. Asmarik gabeko umeak ez du halako gogoetarik egiteko motiborik izango, eta herensuge eta sorginen sagar pozoituek soilik kaltetuko diote loa.
Eritasun zaharra da. Eta ventolina, asmatikoek alboan erabili ohi duten kortikoidez beteriko plastikozko arnasgailua, ez da betidanik existitu. Antzinako zibilizazioetan zigor jainkotiarrei egozten zitzaien txurruna, eta krisiei aurre egiteko esnea eta azukrea, liho, mostaza eta trementina olioz egindako kataplasmez gain, sakrifizioak eta exorzismoak egiten ziren. Egipton, eztia, esnea, kominoa eta algarrobak erabiltzen zituzten asmaren sendagarri legez, eta papiro batean idatzirik aurkitu dutenez, mirra eta datilen lurruna ere arnasarazten zitzaien gaixoei kanabera luze batzuk erabiliaz. Ganbelu eta krokodilo kaka ere erremedio egokia ei ziren. Txinan, sofistikatuago beti, akupunturaren bitartez egin zioten aurre arnas hartzearen gaixotasun honi. Erdi Aroan, esandakoez gain, sangria eta purga erabiltzeari ekin zioten, eta Maimonides medikuak Saladino sultanaren seme asmatikoari oilasko salda ugari hartzeko gomendatu zion barrutik ziztu egiten zuen deabrua akabatzeko. XIX. mendean kafe huts azkarra eta estramonioa jarriko dira modan, eta mendea amaitu baino lehen atropina erabiliko da esprai gisara edo pipatuta.
Asma duten idazleek maiz aipatu izan dute euren biografian gaixotasun hau pairatzen zutela. Mario Benedettik ipuin bat idatzi zion asmari, El final de la disnea; R.L. Stevenson tuberkulosiak jota egoteaz gain, asma krisiak izaten zituen, eta Charles Dickensek betun fabrika batean lan egiten zuenean pairatu zituen estualdi larrienak; Marcel Proust ume gaixo bat izan zen, ez zioten jolasten uzten ez eta etxetik irteten ere, beraz logela batean sartuta, irakurtzea eta idaztea beste libertimendutik ez zuen aurkitu eta Elizabeth Bishopi ere ez zioten 16 urte bete zituen arte eskolara joaten utzi; Bronte ahizpek, anorexia eta bulimia izateaz gain, txurruna zuten; Cesare Pavese faxisten aurka borrokatzeagatik kartzelaratu zuten eta itzaletik atera behar izan zuten zigorra konplitu baino lehen, gainerako gatibuei loa galarazten zielako bere itolarriarekin; Dylan Thomas 11 urterekin hasi zen ero moduan pipatzen eta biriketako beltzak eta asmaren oihu mutuek armadatik libratu zuten; John Updikeri katuekin elkarbizitzak okertzen diote arnasa eta Julio Cortazarren bronkioak ere noizean behin matxinatu eta idazmakina abandonatu behar izaten zuen; Zoe Valdesek ventolina zurrupatzen du La Habanako irudiak trinitron teknologiako telebistan begiratzen dituenean Pariseko etxean, eta Ernesto Che Guevarari txurrunak ez zion iraultzaren senda makurragoa egin. Gurean Jon Gerediagak eta Lander Garrok ere kortikoideak dituzte ohaide, eta Harkaitz Canok asmatikoen “komunitate ofizioso bat”ez hitz egiten du, “bere ahuldadearen eta inguruko ahuldadearen kontzientzia duena, eta elkar ulertzeko (...) estuasunak ematen duen elkartasun eta sentikortasun komun bat"en jabe.
Agian, idazleen artean, asmari etekin estetiko handien atera diona Lezama Lima izan zen. Paradiso-n, kubatarrak esaldi luzeak josten ditu, eta irakurlea arnasestuka iritsiko da orriaren amaierara. Gisa honetara, irakurleak Lezama Lima eta baita ere asmatikoa den eleberriko protagonista Jose Cemiren arnasketabere egingo du, idazkera asmatikoari sorrera emanez.