hurrengoa
alberto iglesias edo soinudunaren abstrakzioa teresa sala   Musika efektu anitz sortzeko gai dela diote. Batzuk terapeutikoak izan omen dira, zoramenera bidaiatzeko gai besteak. Baina... “Zertarako balio du?”, “Premiazkoa al da?”, “Zein erabilera eman diezaiokegu?”, “Zein zentzu?”... Galderez, zalantzaz asebetetzen omen du Alberto Iglesias konpositoreak bere burua. Eta lanean hasi aurretik ekiten dio zeregin honi. Musika inkognita da hasieran, ezerezaren erditzea. Alta, zinearen esparruan kasu, istorio bateko osagarri izan liteke eta horretan, hain zuzen ere, ematen ditu egunak Albertok. Izen potoloa da berea, sei Goya eskuratu ditu jada soinu banda onena sortzeagatik, baina berarekin hitz egiten hasterakoan gizon apala dela irizten zaio kazetari honi. “Nire ustez irreala da pelikula guztiek musika behar dutela pentsatzea, gerta daiteke filme batek musikaren premia ez izatea. Hau funtsezko koska da niretzat, neure buruari maiz galdetzen diodana”, dio Madrilen bizi den artista donostiarrak. Ezin zalantza luzatu... Eta, “Zure pelikularen batekin gertatu al zaizu horrelakorik?”, ”Te doy mis ojos”-ekin gertatu zitzaidan”, zintzotasunez mintzo da musikaria: “pelikula ikustean hain istorio indartsua iruditu zitzaidan, elementu zinematografikoetatik harat dagoen hain egi garbia kontatzen zuela, bertan doinuak behar ez zirela pentsatu nuela”. Beste filme batzuk, zeintzuk idealismoa eta fantasia duten osagarri, errazagoak omen dira musikatzeko, baina egiazko argumentutan, ordea “musika maiz soma daiteke arrotz”.

Kwai izeneko ibaia
Eta ezin solasaldia jarraitu zinemarako egiten den musikaren funtzionaltasuna hizpide izan gabe. Izan ere, pelikulak janzten dituzten doinuen sorreraz hausnartzerakoan, hauen izaera praktikoa datorkio bati burura. Ez direlako, filmetako melodiak, euren kabuz osotasunean existitzen. Pelikulatik at bere egoa izan arren, doinu bat istorio batetako partaide izateagatik gordetzen da, askotan, jendearen memorian. Nork ez du Simon & Garfunkel ospetsuen “Mrs Robinson” Dustin Hoffman bizargabe eta lelo batekin lotzen?. Ez al dugu Joe Cocker-en “You can leave your hat on” Kim Basinger baten sex appeal-arekin gogoratzen? Non dago Kwai ibaia? Ez al diote, betirako, martxazko txistu ospetsu horiek jarraituko?... Zinea, Zazpigarren Arte hori, geroz eta presenteago dago gure gizartean, hori ukaezina da. Eta berarekin, izar bihurtzen diren aktoreak, ospetsu bilakatzen diren zuzendariak eta baita hit parade izatera hel daitezkeen doinuak.

Albertori guzti honi buruz gogoeta egiteko eskatzean beste ikuspegi batzuk zabaltzen ditu. “Zinerako egiten den musikak bi isurialdeetara mugitu behar ditu indarrak. Batetik, eta pelikula bateko engranajeetako parte izanik, funtzionaltasunera abiatzeko joera izan behar du. Horrek ematen baitio musikari izaera zinematografikoa. Bestetik, funtzionaltasunetik erauzi behar da eta melodia osotasunean bakarra izan behar da, bere izaera propioarekin”. Honetaz gain, ez zaio ahazten zinerako doinuak ezin direla, “inolaz ere, aspergarriak izan. Eta hori ez da hain modu errazean lortu daitekeen zerbait”.

“Behiak”, Almodovar eta futbol partidak
Medem eta Almodovar. Almodovar eta Medem. Eta Alberto Iglesias. Komunikatzaile batzuek esan dute Pedro Almodovar eta Julio Medem Alberto Iglesias-en izatezko bikoteak direla. Hor daude musikariak beraiekin lortutako Goyak; “La ardilla roja”, “Tierra”, “Los amantes del Círculo Polar”, “Todo sobre mi madre”, “Lucía y el sexo” eta “Hable con ella”. Baina Albertok ez ditu sariak mintzagai izan nahi, ez omen die zentzu gehiegirik aurkitzen. “Ez gabiltza futbol partidak epaitzen, artelanak baizik. Artelan hau bestea baino hobeagoa dela esateak tontakeria iruditzen zait. Fikziozkoa da pelikula bati bost izar ematea, beste bati hiru eta azken bati bakar bat ere ez. Hala ere, nire iritzi eszeptikoa barne, zorioneko sentitzen naiz nire lanak sarituak izan direlako. Horrek nahitaezko esker ona dakar eta zure burua ezagutzera emateko aukera”.

Lanari helduz, ezin alde batera utzi hain urruti dauden Medem-ek erabiltzen ohi duen estetika bortitza eta Amodovarren izaera berezia: “Zinemagile arras ezberdinak dira, ez daukate bata bestearekin zerikusirik. Eta maiz galdetzen ohi diot neure buruari nola demontre konpontzen naizen bi esparrutan jolasteko. Baina, egia esatera, pelikula bakoitzak bere lege propioak ematen ditu. Zine-zuzendari jakina da, hori argi dago, baina batez ere pelikula konkretu eta zehatz bati buruz ari gara momentu bakoitzean eta hori da garrantzitsuena. Niri, gainera, izugarri atsegin zait erregistro batetik bestera bidaiatzea eta esparru zein izaera ezberdinak jorratzea. Hori da musikari zinematografiko baten funtsa”. Zein gustukoen? “Ezin bat aukeratu ezta guztiak gogoratu ere. Alta, batzuk aipatzekotan “Hable con Ella” pelikulako “El amante menguante” edo “Vacas” filmearekin lan egiten igarotako momentu onak”. Eta, momentu txarrei dagokionez, asko izaten al dituzu? “Noski. Zinemarako musikaren funtzionaltasunari buruz asko hitz egin ohi da eta maiz diote musika honek zeregin gehiegi bete behar dituela. Hala, hainbeste betebeharrekin aske sentitzen naizen galdetzen ohi didate. Eta egia zera da: ideiak eta askatasuna batera heltzen direla. Ideiak ez dauzkadanean ez naiz aske sentitzen. Bai ordea arazoak zozkatzen ditudanean, horrek gehiago sortzera estimulatzen nauelako”. Zer dauka egunotan Alberto Iglesiasek esku artean? “Momentu honetan proiektu argi bat izan gabe idazten eta ikasten ematen ditut egunak. Pelikula bat amaitu ostean denbora izatea gustatzen zait. Zai nago”. Zeren zai? “Alosiaren deiaren zai”.

Bat-bateko erradiografia: Alberto Iglesias (Donostia, 1955)
Gaztetxo bat besterik ez zela Pianoa eta Harmonia izan zituen ikasgai Donostian. Beranduago Paris eta Bartzelona ezagutu zituen. Lehenengoan Konposizioa eta Kontrapuntua ikasi zituen eta bigarrenean, ordea, musika elektroakustikoa. 1981tik 1986ra Javier Navarrete konpositorearen bikote elektronikoa izan zen. Zinemara jauzia bere anai Jose Luisekin eta Montxo Armendarizekin ekoiztutako laburmetraiei esker egin zuen. Bere lehen luzemetraiak “La conquista de Albania” eta “La muerte de Mikel” izan ziren eta geroztik, bestelako iharduera musikalak alde batera utzi gabe, maizago egingo du lan zineman. Espainiar filme ezagunenen istorioak melodiaz janzteaz gain, Nacho Duatoren konpainiarentzat konposizioak egin ditu eta baita telebistarako hainbat iragarki musikatu ere. Egun, musikari honek operaren mundua dastatzea gustatuko litzaiokeela aitortzen du. “baina ez hiru ekinaldiz osatutako opera, antzerki formula eramangarriago bat baizik”.

Filmografia:
2003 La mala educación (Pedro Almodóvar)
2003 Te doy mis ojos (Iciar Bollaín)
2003 Comandante (Oliver Stone)
2002 Pasos de baile / The Dancer Upstairs (John Malkovich)
2002 Hable con ella (Pedro Almodóvar)
2001 Lucía y el sexo (Julio Medem)
1999 Todo sobre mi madre (Pedro Almodóvar)
1998 Los amantes del Círculo Polar (Julio Medem)
1997 La camarera del Titánic (Bigas Luna)
1997 Carne trémula (Pedro Almodóvar)
1996 Tierra (Julio Medem)
1995 Una casa en las afueras (P. Costa)
1995 Pasajes (Daniel Calparsoro)
1995 La flor de mi secreto (Pedro Almodóvar)
1993 La vida láctea (J. Estelrich)
1993 La ardilla roja (Julio Medem)
1993 Dispara (Carlos Saura)
1992 Vacas (Julio Medem)
1988 Lluvia de Otoño (José Ángel Rebolledo)
1987 El sueño de Tánger (Ricardo Franco)
1986 La playa de los perros (J. Fonseca e Costa)
1986 Adiós pequeña (Imanol Uribe)
1985 Luces de Bohemia (Miguel Ángel Díez)
1985 Fuego eterno (José Ángel Rebolledo)
1984 La muerte de Mikel (Imanol Uribe)
1983 La conquista de Albania (Alfonso Ungría)
1981 Cortometraje Fernando Amezketarra (Juanba Berasategi)
1980 Cortometraje Ikusmena (Montxo Armendáriz)

Beste batzuk:
1992 Cautiva (Kontzertua)

off the record:
“Fikzioa beti da posible pelikula bateko musika idazterakoan. Fikzio goren hau zera sinistean datza: ez dela konpositorea musika sortzen duena, asmatzen duena baizik. Musika irudien barne dago jada, zuzendariak filmatu dituen sekuentzietan; argitu behar den ezkutuko kode batean. Filmeko funtsezko tokiak gordetzen du musikaren sekretua”.