hurrengoa
hunter s. thompson·back to gonzo Julen Azpitarte   Joan den maiatzean burutu zen FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren baitan Gonzo: The Life and work of Dr. Hunter S. Thompson (Alex Gibney, 2008) Hunter S. Thompson (1937-2005) idazle estatubatuarrari buruzko dokumentala proiektatu zuten. Fear and Loathing in Las Vegas edo Hell's Angels: The Strange and Terrible Saga of the Outlaw Motorcycle Gangs liburuen egilea, 60ko hamarkadan AEBetan izan ziren eztanda kontrakulturalaren eta egoera politiko nahasiaren kronista zorrotza izan zen. Bere ibilbide profesionala tragikoa bezain arrakastatsua bilakatu zen. Izan ere, 2005eko otsailaren 20an bere buruaz beste egin zuen. Droga, emakume eta arma zale amorratua; probokatzailea, sheriff izateko zorian izan zen; xelebrea, Mohamed Ali eta George Foremanek Kinshasan 1974 urtean izan zuten konbate mitikoaz informatzera joan eta ez bertaratu hoteleko igerilekuan gelditu zelako... Thompsonen bizitza bihurgune arriskutsuekin beteriko bidaia gorabeheratsua izan zen.

Louisvillen jaiotako idazlea Gonzo kazetagintzaren sortzailea eta irudia izan zen. Gertaeren deskribapen maniatikoa eta subjektiboa, lehenengo pertsonan kontatua izango litzateke kazetaritza eredu horren ezaugarri nagusia. Gonzo joera erabat txertatuta dago Thompsonen testu guztietan, horrela, garrantzi bera hartzen du gertaerak eta egileak gertaeraz egiten duen interpretazioak. Jazoerak bertatik bertara kontatzeko zuen obsesioaren ahaleginik handiena Hell's Angels motorzaleen bandari buruz idatzi zuen liburua da. Liburuak 1965 urtean The Nation aldizkarian plazaratu ziren bi artikulutan du bere jatorria. Idazlea urtebetez egon zen motorzale liskartsuekin bizitzen eta esperientzia horretatik sortu zen liburua. Infernuko Aingerutxoak, baina, haserretu egin ziren idazlea dirua irabazten hasi zelako: irabazi horien zati bat exijitzen zuten. Azkenik, harremana puskatu zen Thompsonek jaso zuen jipoi ikaragarriarekin batera. Dokumentalean telebista saio bateko irudiak jasotzen dira, non idazlea eta Hells Angels bandako burua aurrez aurre elkarri irainka ari diren. Hell's Angels: The Strange and Terrible Saga of the Outlaw Motorcycle Gangs liburua 1966 urtean argitaratu zen.

Hala ere, Gonzo hitza 1970 urtean entzun zuen lehen aldiz Thompsonek, The Kentucky Derby is Decadent and Deprived izeneko artikulua idatzi zuenean, hain zuzen. Testua entregatzeko epea amaitzear zegoenean, idazleak orriak koadernotik atera eta zuzendu eta antolatu gabe bidali zituen Scanlan Monthly kirol- aldizkariaren erredakziora. Idatzia bikaina zela iruditu zitzaion editoreari. Gainera, gerora Thompsonen kolaboratzaile estua izango den Ralph Steadman marrazkilariaren ilustrazioekin osatu zuen. Bill Cardoso kazetariak artikulua irakurri eta estiloari Gonzo-a zela iritzi zion. Thompsonek pozik hartu zuen etiketa.

beldurra eta nazka Las Vegasen

Thompsonen lanik ezagunena ezbairik gabe Fear and Loathing in Las Vegas liburua da (Terry Gilliam zinemagileak zinera eraman zuen 1988 urtean Johnny Depp –idazlearen lagun mina– eta Benicio del Toro aktoreekin). Idazleak berak (liburuan Raoul Duke) eta Oscar Zeta Acosta abokatuak (Dr. Gonzo) Las Vegas- era zenbait artikulu idazteko eta amets amerikarra lortzeko asmoarekin egin zuten bidaia psikodeliko eta surrealistan oinarritzen da. Biek ala biek, drogaz gainezka, hainbat iruzur burutzen eta kaosa eragiten dute bisitatzen dituzten toki guztietan, dena suntsituz eta kaletar guztiak asaldatuz. Lan hau, Amets amerikarraren eta garaiko gizarte estatubatuarren gaineko kritika maltzurra da. Kultuzko obra bilakatu da, bereziki Kazetaritza Berriaren eta Gonzo Kazetaritzaren jarraitzaileen artean. Liburua Rolling Stone aldizkariak plazaratu zuen 1971 urtean, berriro ere Steadmen-en ilustrazioekin. Aipatzekoa da ere 1972an idatzi zuen Fear and Loathing on the Campaign Trail '72 lana, zeinek Richard Nixon presidentearen eta George McGovern senatariaren arteko AEBetako lehendakarirako hauteskunde kanpaina biltzen duen.

Gonzo dokumentalak artikulu honetan jasotako guztia, eta gehiago, kontatzen du ikus-entzunezko biografia zehatza balitz bezala, makina bat testigantza direla medio. Thompsonen hiletarekin, eta bere omenez eraikitako ukabil itxurako mausoleo bertikal erraldoiaren inaugurazioarekin amaitzen da filma. Idazleak bizirik zegoenean diseinaturiko sepultura da, Pitkin-eko (Colorado) sheriff izateko hauteskundeetarako abiatu zuen Freak Power bere alderdi politikoaren irudia erakusten du harroi goiko aldean: sei hatzaparretako ukabila, eta hatzen artean peiotearen sinboloa.