• 1
  • 2
hurrengoa
julio cortazar: egunerokotasunaren b aldea eider rodrigez   �Imajina daitekeen gizonik altuena zen, alargun batena zirudien beroki beltz amaigabe baten barruan gordetzen zuen mutiko gaiztoaren aurpegia, eta begiak oso bereizirik zituen, txahalak bezala, zeiharrak eta gardenak, bihotzaren aginduen menpe egon izan ez balira deabruaren izan zitezkeen begiak�, horrelaxe deskribatu du pasa den egunotan Gabriel Garcia Marquezek duela 20 urte zendu zen kronopio erraldoia. Bi mila eta laua Julio Cortazarren urtea izendatu dute, Bruselan jaio eta munduan zehar bizi izan zen idazle argentinarraren urtea. Julio Cortazar pertsona handia izan zela diote, eta hala behar zuen, literaturaren bitartez irakurlea kolpatu eta zabarkeria alde batera, edertasuna aurkitzen lagundu baitzuen, egunerokoa hobeto bizitzen. Cortazar bilatzailea izan zen, jazarlea, eta bilaketa eta jazarpen horren bueltan bere buruarekin topo egin zuen, Johnny Carter bezala, baina beste modu batera. Cortazarren irakurlea bilaketa eta jazarpen horretan sartuko da nahigabean, errealitate pusketak artaziekin moztu eta gertutik begiratuko ditu, zerbaiten bila, bere buruaren bila, bere itzalaren bila. Ispilu aurrean hortzak garbitzearen ekintzaren atzean, azkenaldian egunero entzuten duen konpaktu horren noten atzean, eskaileratan aurkitzen duen bigarren solairuko bizilagunaren atzean, gauza handi bat aurkituko du Cortazarren irakurleak, gauza eder eta aldi berean beldurgarria: kaosa.

Zeremonia, ohitura eta betebeharrek perfektuki gordetzen duten kaosaren estalkia altxatuko du Cortazarrek, eta horren aurrean paratuko irakurlea. Irakurle koldarrak esango du ez zaiola genero fantastikoa gustatzen, eta liburua itxi eta alboratu egingo du, irakurketa sakonagoetan murgiltzeko; irakurle honek ez dizkio inoiz ispiluko bere islari hortzak garbituko, ez eta musikariak instrumentua jotzen duenean ateratzen duen hatz hotsarekin inoiz gozatuko. Irakurle ausartak, bere burua ispiluan behatzeko adina indar batuko duenak, aurrera egingo du, eta halako batean kaosa lagun bilakatuko; irakurle honek, bulegoko telefono deiak isiltzen direnean, idazmahaiaren ondoan belaunikaturik, oparitu zioten landarearen hazkundea entzuten saiatuko da, belarria finduz, edo arrain ontziko arrain laranjari begira, ezkatak bere egingo ditu dentistarenean, itolarria sentitu arte, Gaizki sentitzen naiz, beste baterako hartuko du enpastea jartzeko txanda.

Cortazarren bizitzeko gogoa pizten du, errealitatea bizitzeko argibideak irakurri ordez errealitatea ukitu eta hozkatzeko apustua egiten du, hizkuntzari men egin ordez, apurtu eta hitz berriak, mintzaira berriak, hiztegi eta entziklopedia berriak asmatzearen aldarria. Hitz eta teorien gaineko mesprezua azaldu zuen (�Hitzak baino ez dira�), eta errealitatea iragazkirik gabe bizitzen saiatu zen, biziarazten. Hortzetako pastaren tutua beheko partetik sakatu ordez, kirru bihurtzera bultzatzen gaitu, maitaleari elur maluta bat oparitzera animatzen gaitu, edo kristalezko pote batean harrapatutako eguzki errainua, kaosarekin bat egitera, absurduaren haurride bihurtzera, birjintasuna, inozentzia, araztasunaren xerka: �kaimanen arteko txortaldiak bezalako inozentzia, ez oh, Maria ama maitea bezalako oin zikineko inozentzia; arbelezko teilatuetan pausatzen diren usoek osatzen duten ikuskizuna bezalako inozentzia, perrexil sortak eskuetan dituzten emazte frenetikoen buru gainean kaka egiten duten usoak, noski... Horacio, Horacio, mesedez. Inozentzia!� dio bere pertsonaia batek. Izan ere, moralinarik gabeko profeta dugu Cortazar, moralinaren aurkako profeta neorromantikoa, aurkitu gabe dagoenaren jazarlea, oraindik galdu ez duzun horren bilatzailea.