hurrengoa
hildakoen bidaia    François Augieras ez zen bidaiari bat. Ezinegonaren migratzaile bat izan zen. Paisaia irekien poeta eta erotismo debekatuaren bilatzailea. Zorionaren bila batetik bestera ibili zen idazle eta pintore honen bizitza eta obra bereiztea ezinezkoa da. Askea, biluzia, marjinala, ase ezina eta artelan misteriotsu baten egile eta zaindaria... Ongietorriak François Augieras-en hildakoen bidaiara. François Augieras N.Y. estatuko Rochester hirian jaio zen 1925. urtean, eta Frantziako Perigueux hirian hil zen 1971an. Aita pianista frantsesa zen, ama etxekoandre poloniarra. 1933an, aitaren heriotzak bultzatuta, ama Frantziara itzuli zen, Perigueux herrira. François, bere bizitzako azken urteak jaioterriko koba batean eman bazituen ere, Argelian, Malin, Mauritanian eta Grezian bizi izan zen. Greziako Athos mendian monje gisa emandako denboraldia ez ezik — kanporatua izan zen—, Afrika izan zen bere bizitzaren eta lanaren paisaia. Lanbide ugari izan zituen han. Artzain eta ehiztari ibili zen tarteka, baina bere zeregin nagusia idaztea, margotzea eta gorputzaz gozatzea izan zen. Haren idatziek garbi erakusten digute bere marjinaltasunaz kontziente zela. Putetxe batetik irtetean jasotako jipoia, eraikuntzako langileekin izandako sexu-harreman debekatuak... Augierasen Le voyage des morts liburu eder eta basatian desertuko hautsaren poetika eta sifilia sendatzeko erabiltzen zuen penizilinaren zaporea nahasten dira. François Augieras margolaria ere bazen. 1950eko hamarkadan, Afrikako eremu ezezagun batean, II. Mundu Gerrako bunker alemaniar baten barruko aldea guztiz margotu zuen. Hamarkada bat beranduago itzuli zenean, keaz ilunduta eta pintadaz gainezka topatu zuen. Berriro margotu zuen bunkerra, guztiz itxi, eta hondarraz estali eta ezkutatu zuen. Augierasen miresle den Miquel Barceló artista eta Isaki Lakuesta zinegilea (Cravan vs. Cravan, La Leyenda del tiempo) bunker ezkutuaren bila abiatuko dira urte amaieran. Barceló, Augierasen alter egoaren moduko bat bihurtuta, margolan ezkutuaren bilaketa-bidaiari ekingo dio. Emaitzarekin Los pasos Dobles izenburuko filma osatzeko asmoa dute.