hurrengoa
min egin dit enkanteak arantxa iturbe   Gogoan dut nola begiratzen zion nire hankari. Eta denbora askoan isilik egon ondoren zer esan zuen ere bai. Ahoa bete miresmen. "Ez dut oraidaino hain arte-lan ederrik ikusi". Ez dut ukatuko. Harro sentitu nintzen. Baina hartara ere ohitua nengoen. Inor ez zen irteten sartu bezala nire etxetik behin nire hanka ikusi eta gero.
Ez nion edonori erakusten, jakina. Gutxik izan dute zori hori. "Lastima", gogoratzen dut esan zuela hori jakinarazi nionean. Alegia, hain gauza ederra edonoren gozamenerako ikusgai egotea litzatekeela egokiena. Eta berak ez zuela etsiko nik ikusteko baimena eman arte. Horretarako egunero etorri behar bazuen ere. Esanda bezalaxe egin zuen. Eta nik utzi. Eta azkenean, eskatu ez zidan lehendabiziko egunean, erakutsi egin nion. "Ez dut oraidaino hain arte-lan ederrik ikusi" esan zuen orduan, juxtu nik "ikusi bai, ukitu ez" agindu eta segituan. Une hartan, ordea, ez nuen susmo txikienik ere izan. Noizbait norbaiti entzundakoa eta sineskaitza iruditutakoa egia zela frogatu berri zuen baten hitzak iruditu zitzaizkidan. Besterik gabe. Beste batzuenak bezala. Ez zen gehiago azaldu.
Saiatu naiz abokatuari argitzen argibiderik behar ez duena. Hanka nirea dela. Eta hain argi azaldu arren ez dirudi ulertu duenik. Eta ulertu badu ez du hala adierazi. Enkanteetxea aipatu dit. Enkante-etxekoek paper guztiak erakutsi omen dizkiote. Hankaren jabea artista dela frogatzen duten paperak. Ea nik nola frogatu behar dudan hanka nirea dela. Depilatzeko erabilitako argizari mota ere ezagutzen dudala esan diot. Hori ez dela jakiten zaila, erantzun dit. Edozein steticiennek segituan antzemango liokeela. Beste abokatu baten bila hastea erabaki dut.

Ez dugu jakiten askotan non dauden gure mugak. Ez nuen uste gai izango nintzenik baina azkenean neroni joan naiz enkante-etxera. Enkantea noiz den galdetzera. Oso emakume atsegin batek hartu nau. Datorren astean. Eta jende asko espero dutela pieza baliogarri eta bakar batek erakarrita. Badakit zertaz ari den. Ez. Ez dago oraindik erabakia zenbatean aterako den. Artistarekin negoziatzen ari dira. Bai. Irekia da. Edonork har dezake parte. "Piezaren jabeak ere bai?" galdetu diot irribarrez. Barre egin du berak. "Lehendabiziko aldia izango litzateke, baina aizu, gauza arraro askoak ikusita gaude lehen ere. Berea izandakoa ordaintzeko prest baldin badago, zergatik ez?".
Hiru mila eurotan irten da hanka. Zoragarri zegoen, depilatu berria, azkazalak txukun moztuak, beltzez margotuak, ur urdinetan igeri. Min egin dit urtetan etxeko gela berezian gertu edukitakoa han urrutian ikusteak. Min benetakoa, iztartetik behera. Isildu gabe aritu dira erosi nahi zutenak. Konturatzerako igo da hogeita lau milara. Halako batean, zutitu eta nirea dela esan dut. Lapurtu egin didatela. Ondoren, sekula inon egin ez dudana egin dut. Ezezagun haien guztien aurrean galtzak jeitsi ditut. Denak barrez hasi dira. Niri hanka falta zait. Enkantean dagoena arte-lana da.
Bazekien zer esaten zuen artista-lapurrak. Hanka nirea da. Arte-lana, berea.