• 1
  • 2
hurrengoa
5 pertsona. karabana 1.    115 egun. 23.200 kilometro. 14 herri eta beste hainbeste kultura. 11 pasadizo eta helburu bakarra. Horixe dena izan da Ekogaiakoen estreineko agerpena. Ekogaia Bartzelonan bizi zen euskaldun ipurterre baten orain dela pare bat urteko burutazioa izan zen. TV3eko kate kataluniarraren Danimarkako granja baten inguruko dokumental bati begira jaio zen dena. Horretan energia berriztagarrien inguruko esperientzia praktiko baten berri ematen zen. Dokumentalean ikusitakoa hain harrigarria iruditu zitzaigun, ezezaguna bezain aberasgarria, (batez ere Biodieselaren kontua zeina gerora, Ekogaiaren ikur nagusia izango zena) ezen bat-batera ezinbesteko galdera agertu zitzaigun�.eta zergatik ez EHan honen moduko proiektuak bultzatu?

Prestigeren hondamendia oraindik ere gure buruetan iltzekatuta zegoelarik horri ekin genion, naturarekiko errespetagarria izango den garapen energetiko baten alde gure hondar ale apurra gehitu nahian. Gauzak horrela eta Biodieselaren ezaugarri eta gora-behera guztiak denboraldi batez aztertu ondoren, gurean energia berriztagarriak bultzatzeko erarik egoki eta eragingarriena aztertzeko momentua ikusi genuen.
Gure herrian energia berriztagarrien munduari buruzko informazio eta datu falta larria Ikusi genuen eta ezinbestekoa iruditu zitzaigun arlo hauetan gu baino urrats bat aurrerago dauden kanpoko esperientziak gertutik ikusi, han egin eta egiten ari direnetatik ikasi gerora bidaia bukatutakoan hemen hedatzeko xedez.
Era honetan jaio zen Ekogaia Tour izeneko egistamoa zeinek Europatik 4 hilabetez eramango gintuena horretarako espreski egokitutako karabana hori deigarri batean. Autofinantziazioa izan da gure iturri nagusia kanpoko bestelako laguntza eta partehartzeak izan baditugu ere (Naturindar, Itsasmendi karabanak...)

Karabana aterpe harturik eta biodiesela furgonetaren motorrean bor-borka hamaika izan ziren bizi izan genituen esperientziak, ikusitako parajeak, ezagututako jendeak eta ikasitako ideiak... Suitzan, aintzira urdinen edertasuna eta maila lokaleko esperientzi deszentralizatuak. Berlinen, ekialdeko aztarna komunisten xarma eta erregai berriztagarrien erabilera txukuna. Danimarkan, udako bere zeru izartsu paregabea eta Europako kontzientzia ekologikorik handiena. Islandian naturaren indar neurrigabea eta energia geotermikoaren ustiaketa. Polonian, udazkeneko basoen koloreanitzen collagea eta biodieselaren arloan beraien estreineko urratsetan parte hartu... eta luzeegia liratekeen atzean ere geratuko ziren Viena, Grazz, Praga, Dolomitak, Venezia, Holanda, Belgika, Bretainia... eta abarreko txokoetan ikusi eta bizitakoa.

Ezeren gainetik elkartrukea izan dugu ardatz gure bidai osoan. Elkartruke kulturala, elkartrukea idei eta ezagueran, finean, elkartrukea bere adierazpenik zabalenean. Hartzeko eman eta jasotzeko partekatzea, horixe izan da, bildu dugun guztia eskuratzeko gako nagusia ehun egun luze hauetan. Gure proiektua eta gure izaerak aberasteko balio izan duguna ezbairik gabe.

Orain zailena geratzen zaigu ordea. Jaso dugun guztia bildu, antolatu eta formularik egokienak bilatu ahalik eta erarik errez eta zuzenean gizarteratzeko. Ez da lan makala gero!

Elkarrizketatxoa

Ze panorama dago Euskal Herrian energia berriztagarrien inguruan?
Ba egia erran nahiko atzeratuta gabiltza Europako herrialde gehienetan dagoen erabilpenarekin alderatuta. Dauden esperientzia bakanetatik pare bat aipatzearren, Nafarroaren haize erroten kasu ezaguna eta aurten ireki berri den Etxarri Oil surtidorea, biodiesela %100ean ematen duen EHko lehendabiziko surtidorea alegia.
Hala ere esan bezala norabide honetan ematen ari diren pausuak oso gutxika-gutxika- ari dira ematen eta antzinara egiteko askozaz bultzada handia beharko litzateke eman eragile.
Eta egoera horri aurre egiteko eta ahal den neurrian eraldatzeko sortuak gara gu besteak beste.

Bidaian ikusitako esperientzi guztien artean zein ikusten duzuen egokiena EHri begira?
Egia esan mota askotako energia berriztagarrien esparruko esperientziak ikusteko eta ikasteko parada izan dugu. Oso ezagunak diren haize eta eguzki energiatik hasita, energia geotermikoa, uraren berrerabilpenerako iragazpen sistema ekologikoak, edota hain zabalduak ez dauden etxebizitza ekologikoak (material kutsakorrik gabe eta sistema berriztagarrietan oinarritzen direnak) kasu. Guretzako energia edo sistema motak baino EHri begira oso interesgarriak iruditu zaizkigu bi kasu. Bata proiektu txiki deszentralizatuetan oinarritzen direnak, hau da enpresa handien partehartzerik gabekoak. �Egizu zuk zeuk� filosofia sustatuz.
Eta bestetik kooperatiba energetikoen kasuak ere oso eragingarriak izan daitezkeela gurean uste dugu, gure herrian hain famatua den ohitura kooperatibistan oinarria izanik.

Hilabete hauetan bildutako informazio hori guztiarekin zer egiteko asmoa duzue?
Webgunean den-dena eskuragarri jarri ondoren Ekogaiak maila lokaleko iniziatibetan aholkularitza eta kudeaketa lanak egingo ditugu bai Euskal Herrian baita Catalunyan ere. Bestetik bildutako informazioa honi guztiari irtenbide eta zabalpen bat eman nahiko genioke eta horrela espazio kultural eta heziketa-esparruetan (museoak, ikastetxeak...) hedatzea nahiko genuke. Material didaktiko eta ikus entzunezkoak sortzea dela, gure behatoki mugikorrarekin erakusketak egitea dela eta abar...
Beti ere egingo ditugun proiektu eta ekintza guztietan gure ideia nagusia indartu nahian, energiaren deszentralizazioa bultzatu eta Euskal Herria gero eta independenteago bilakatzea... energetikoki.

Bat-batean

Ederrena
Zaila baina lehenengoen artean Islandiako naturaren indarra legoke ezbairik gabe.

Gogorrena
Rejkyavik-en San Miguel ziztrin baten truke 12 euro ordaintzea.

Deigarriena
Gizakiak nahi duenean zeinen ongi txerta daiteken naturan kalterik sortu gabe konprobatzea.

Jatorrenak
Aldizkaria gure mugetatik kanpo ere irakurtzen denez... denak oso ondo portatu dira gurekin.

Zailena
Behin txoko batean finkatu, handik mugitzen trebatu eta jendea ezagututa... hanka egin behar izatea beste leku batera ia-zerotik berriz hasteko.

Itsusiena
Uniformizazioa. Europako edozein txokotan musika, janari, arropa eta azken finean bizi-kultura berdina topa ahal izatea

Nekagarriena
- Hello!
- Hi!
- Where do you come from?
- From the Basque Country.
- Errr? Country whaaat??
- Basque... you know... hmmm... San Fermin, bulls, Indurain, San Sebastian ...
- Ooh yeah... terrorists in it?


Ekogaia
- 4 hizkuntzetan dena: euskara, ingelesa, katalana eta gaztelania
- Bisitatutako herrialdeen kronikak eta argazkiak
- Informazio zuzena bultzatu nahian e-posta zerrenda
- Bidaiaren filosofiari jarraiki tresna libreekin egindakoa