hurrengoa
zabor jana, zabor iragarkia uxeta labrit   Internet erabiltzaileok, tarteka, ezagutzen ez dugun norbaitek bidalitako e-mail iragarkiak jasotzen ditugu. Masiboki bidalia den zabor korreo hori spam izenez da ezaguna mundu osoan. Spam izenaren jatorria ezagutzeko 1926. urtera jo behar dugu, AEB-tako Hornel elikagai enpresak Spam ( Spiced Ham) urdaiazpikoa latetan saltzen hasi zen urtera hain zuzen. Spam haragia frigorifikoan gordetzea beharrezkoa ez zenez sekulako arrakasta lortu zuen. Bigarren mundu gerran, soldadu estatubatuarrek ez zuten besterik jan eta garaiko klase altu erdi edo baxuko edozein yankiren etxean ez zen falta Spam latarik. Hainbestekoa izan zen arrakasta, egun, latetan saltzen den haragi merke orori deitzen zaiola Spam. Eta analogia erraza eginaz, zabor korreoari izen bera jarri zaio.
Spam bidaltzaileak gutxi batzuk dira. Enpresa eta partikular gutxi batzuk dira mundu osoko ordenadoreak zabor iragarkiz betetzen dutenak. Etengabeko mugimenduan dauden Spam bidaltzaileak ia ezinezkoak dira lokalizatzen. Ia edozein ordenagailu eta zerbitzaritik egin daitekeelako spam bidalketa masibo bat. Spam bidaltzaileek milioi bat bidalketa egin dezake 3 euro baino kostu baxuagoan. Ez da existitzen inongo alorretan publizitatea egiteko modu merkeagorik.
Erabiltzaile gehienek ez diegu jaramonik egiten baina multinazionaletako arduradunek kontuak egin eta gastu itzela direla onartzen dute. Spam bat irekitzen pasatzen den denbora soilik kontuan hartuta, milaka milioi euro gastatzen omen dira urtero mundu osoan. Popatik hartzera joan daitezela denbora eta etekin neurtzaileak! Denbora eta duintasuna ere galtzen dugu multinazionalentzat lanean, eta inork ez du hori zenbatzen eta aztertzen.