hurrengoa
software librea euskaraz markos   Informatikan ingelesa nagusi. Halaxe izan ohi da. Dena den, orain joera alda dezakegula dirudi software libreari esker. Software jabedunekin enpresen menpe ginen. Bakarrik enpresek nahi zutena egin genezake softwarearekin. Baita ere programak gure hizkuntzan ikusi. Software librearekin ordea gu gara arauak ezartzen ditugunak eta guk nahi adina egin dezakegu harekin.
Haien artean softwarearen lokalizazioa (l10n) eta internazionalizazioa (i18n) deritzaiena (internacionalitation hitzak 18 hizki ditu hasierakoei eta bukaerako n artean eta localization 10 l eta n artean) Lokalizazioa: Sistema batek guk datak, zenbakiak eta diru ikurrak idazteko ditugun erak adierazteko duen gaitasuna da.
Internazionalizazioa: Programak hizkuntza batean baino gehiagotan agertzea lortzeko egiten den prozesua (sistema berean eta aldi berean).
Argi gelditu behar dena zera da: Ordenagailu berean erabiltzaile bakoitzak berak nahi duen hizkuntzan izanen ditu programak.
Demagun Miren eta Hans elkarrekin bizi direla eta Miren euskalduna izanda bere programak euskaraz nahi dituela. Hans-ek, ordea, alemanieraz nahi ditu. Orduan Mirenek bere saioa hasterakoan programak euskaraz ikusiko ditu berak honela nahi izan duelako eta Hans alemanieraz.
GNU/Linux sistemak dagoeneko ongi egokituak daude lokalizazioaren aldetik datak, diru ikurrak etab. euskaraz behar den bezala erakusteko gai baitira baina internazionalizazioak prozesu zabalagoa suposatzen du eta nahiz eta aurrerapauso ederrak eman diren oraindik badago lan dezente egiteke.
Lokalizazioan programak itzuli behar dira. Hau, normalean, lan handia, astuna eta ikustezina izaten da eta orain arte egin den lan gehiena boluntarioen bidez izan da.
Salbuespenak dira Eusko Jaurlaritzak itzulitako OpenOffice.org suite ofimatikoa, Linux Mandrake banaketaren instalazioa eta Gnome leiho kudeatzailearen zenbait zatiren euskaratzea, azken urte honetan. EuskalGNU elkartearen web gunean proiektu hauen berri ikus dezakegu eta baita ere talde honek pentsatu, kudeatu eta garatu dituen proiektuak eta inoiz bukatuko ez direnak, KDEuskaraz Proiektua adibidez.
KDE ingurune grafiko bat da. Hau da, ordenagailu batekin lan egiterakoan ikus daitezken leihoak. KDE proiektua 41 hizkuntzatan banatzen da mundu osoan zehar interneten bidez eta GNU/Linux ia banaketa guztiek dakarte.
KDE-k erabiltzaile arruntak behar duena du: fitxategi kudeatzailea, web arakatzailea, eposta programa bat, musika entzuteko, irudiak ikusteko, html orriak egiteko, cdak erretzeko programak... izan ere bere suite ofimatikoarekin dator, KOffice izenekoa.
KDE-ren euskaratzea duela hiru urte hasi zen baina oso proiektu handia da eta jasotzen duen laguntza eskasarekin zaila da aurrera eman ahal izatea. Eta zergatik ez da inoiz bukatuko? Ba, software libre proiektu gehienak bezalaxe KDE proiektu bizia delako eta denbora joan ahala bere burua garatzen duelako.
Hala ere, gutxieneko hitz kopurua gainditu zen eta euskara hizkuntza ofizialen artean dugu KDE proiektuan. Honela KDE duen edozein GNU Linux banaketa euskaraz izateko aukera badago eta berdin Japonen edo Brasilen zure ordenagailuarekin euskaraz hitz egin ahalko duzu.
Orduan, euskalduna bazara eta softwarea euskaraz nahi baduzu badakizu nora jo behar duzu, ezta? Erraiozu aio kexaka ibiltzeari, egizu zuk zerbait orain baituzu bai aukera eta baita ere prozesu osoaren kontrola.
Ohartxo bat: ez kezkatu, ez da lan teknikoegia, ez duzu ezagutza tekniko izugarriak izan behar, bakarrik gogo pixka bat eta ilusio anitz. Gainontzekoa denon artean lortuko dugu.