• 1
  • 2
hurrengoa
munstroak eta heroiak, the league of the extraordinary gentlemen odlok   "Britaniar inperioan beti izan da zaila heroi eta munstroen artean ezberdintzea..."
(Campion Bond kapitaina, 1908)
Heroi.iz: jainko eta gizaki baten semea; izaki bikaina, edota bere ekintzengatik ospetsua.
Munstro.iz: Izadiaren legeez at eraturiko izaki biziduna; izaki erabat itsusia edo erabat ankerra

Munstroak eta heroiak. Heroiak eta munstroak. Heroiaren nortasunean, heroiaren definizio beran bada munstrositate kutsu bat, normaltasunetik at dagoen bikaintasun bat. Munstro gisa ezagutzen ditugun izaki orotan ere bada heroi bat, izadiaren legeez at eraturiko oro delako, definizioz jainkotiarra. Eta halakoxeak dira Alan Moore gidoilaria eta Kevin O┬┤Neill marrazkilarien eskutik sortutako komikiko pertsonaiak. Heroiak eta munstroak. Abenturetako nobela klasikoetatik hartzen ditu erreferentziak "The League of Extraordinary Gentleman"- ek. Jules Verne, H.G.Wells, H.R. Haggard edo Conan Doyle dira munstro-heroi hauen atzean somatu ditzakegun izenak. Opio zalea den ehiztaria, konbentuetan neska gazteak bortxatzen dituen gizonikustezina, Jekyll eta Hyde-en eskizofrenia gorpuzten duen gizon ahula, itsasoetako pirata turbante duna, iragan pekatariko emakume-banpiresa liraina...

Gisa hontako munstroak dira gure heroiak. Eta London hiria suntsitu nahi duten Moriarty eta Fu Manchuren iturrietatik edan duten beste heroi-gaizkile batzuen aurka borrokatzen dute. Komikian behintzat hala da. Hollywood-ek, beste behin paperetik zeluloidera eraman ditu heroi munstroak. Komertzialtasunaren bila, komikian existitzen ez diren estatubatuar jatorriko pertsonai bi sartu dituzte. Gainera, zuzentasun politikoak (faxismo puritanoa ez esatearren) gure munstro-heroien iragan eta bizioak lausotu ditu. Filma ikusiko duzuenon artean gehiengoak ez diola sekula erreparatuko komikiari... zuentzat okerrago. Gu honezkero borroka galduetara ohituak gaude... eta azkenean gutxiengo baten parte izateak ere bere xarma duela ikasi dugu. Gozatu filmarekin, baina jakin ezazue komikia eskuratuko bazenute gozamen hori osoagoa izan zitekeela, askeagoa... Komikietan oraindik, munstro eta heroi izan gaitezkeelako...