hurrengoa
1000 hizki basamortutik nagore telleria   Saharauiarren kanpamenduak, Aljeria. Bolondresen paradisua. Amaia ekipajerik gabe joan zen ia. Eguzki panela, atun latak, botikak, goxoki eta globoak. Hondartzarako bainujantzia bezala zeramatzan. Beterano batzuk galtzerdi berriak zituzten soinean, propio merke erositako galtzerdiak gero han uzteko. Zoologikora kakahueteak botatzera? Berak udaran Itzurungo hondartzako ur guztia edatera etortzen ziren haurrak ikusi nahi zituen habitat naturalean. Lady Di ez, Melfha jantzitako atzerritarra izan nahi. Zaim. Hogeita zazpi urte. Gurasoek errefuxiatu eremuan zeramatzaten adina. Ez zen inongoa, errefuxiatu guneak ez bait dira inor bertako izateko eginak. ACNURek emandako karpan gimnasioa zeukan. Korana hura zuen: hara joaten ziren lau atzerritarretik bat ligatzera joaten zen. Terreno irekian nagusi zen eta trepetak prestatzeko aliatua zuen gainera, Toledon beraneatzen zuen eremu txikietako ligoia, Brahim. Alfonbran eseritakoan bakarrik hasten zen hura saiakeran. Burni puska eta tabako paketeekin olerkiak egiten zituen edozein liluratzeraino. Makuluak aparkatu eta poliodun kojoa izateari uzten zion. Bazekien bere ekintza esparrua zein zen eta haimako babesa bilatzen zuen lehen bait lehen. Eta tea. Beti hiru erreskan. Bizitza bezain garratza, maitasuna bezain goxoa eta heriotza bezain leuna. Zaimek alboan behar zuen Cyrano de Bergerac. Hura ordea Toledora joana zen ospitalera pesa berriak jasotzera eta emergentzizko neurriak erabili behar izan zituen. Ranroberreko igoera eta jeitsierak, eskuz esku zebiltzan teak, haima barrura sartzen ziren izarrak, denda eta denda artean ilunpeak erregalatzen zituen angulu galduak, denak erabili zituen Amaiarekin. Ondoren arrazonamendu logikoarekin kalkulua egin zuen probabilidadearen numeroekin lasaitzeko. Munduan hainbeste bagara eta hainbeste hizkuntza, halako aukera genuen kointziditzeko. Ados. Eta ariketa bukatzeko Ala madarikatu zuen gaztelera beharrean arabiera aukeratu zuelako.
Amaiaren oporlekua dokumental bat zen. Bertan tetra brikak eta Mendebaldeko Saharako banderak jaten zituzten ahuntzak agertzen ziren. Emakumeak elkar igurtzitzen zuten, haurrak ur bila joaten madrassatik irtendakoan, basamortuko arrosak... elementu horiek erosi zituen pakete turistikoan. Etxera bidean, kamioian zihoan basamortuan toro mekanikoan bezala. Dokumentala amaitu zen.. Ez zen tokatzen eguzki panelaren instrukzioak izan zitezkeen orrialdean maitasun hitzak imaginatzen aritzea. Berak bazekien ordea, akaso haurrek ur dena edandakoan, edo Zaim nonbaitekoa zenean, baina itzuliko zela.
Estatu Batuetan Gazako palestinar bat ezagutu zuen aurreko oporraldian. Beltzez jantzitako emakumeen taldeekin bilkuretan zebilen hura bigarren intifadan. Jaso zuen azken gutunak Israelgo zigilua zuen eta komunista hitza aipatzen zuen. Ez zegoen pesak egiten hasteko tenorean. Denbora asko pasa zuen gutunak formolean. Halako batean turista marrokiar bat ezagutu zuen Bilbon. Itzultzailea. Mohamed VI ez maitatzea garestiegia zegoela zioen. Beroak, saharauiarrak oso beroak zirela ere bai. Sexulariak segituan nabarmentzen direla gainera: gorputzean ilea, paleta artean Brahimen makulua sartzeko adina leku, edo begi berdeak. Amaia pelikula zuri beltzean ikusten ari zen. Instrukzioak behar zituen.
Insha alla.

ACNUR-ek emandako karpan gimnasioa zeukan. Korana hura zuen: hara joaten ziren lau atzerritarretik batekin behintzat.

Kaixo maittia, ze moduz zaude?
Letra hauek idazten ari naiz zurekin egoteko irrikitan kuttuna. Faltan bota zaitut. Izugarri maite zaitut laztana. Zure maitasuna zati da nire bizitzan. Ikusten zaitudanean pozak malkoak lehortzen dizkit. Orban guztiak ixten zaizkit. Oraindik usaindu egiten ditut zure lurrin eztiak.
Edozer egingo nuke zure alboan egoteagatik. Gatibu nintzateke zure bihotzean. Maittia, zu gabe gozorik ez dut bizitzan. Zu gabeko egun hauek erotuta pasako ditut. Letra hauek idazten ari naiz eta ez zaitut sekula ahaztuko.
Faltan botatzen ditut elkarrekin igarotako egunak, eta zurekin egoteko izango ditudan egunen esperoan nago. Atzo hiruetan aldegin zenuenean malkotan gelditu nintzen. Zure maite bakarra izan nahi dut nire bizitza amaitu arte. Bihotzeko leku goratuan gordeko zaitut.
Sekula ez dakizula ezer txarrik gerta.