hurrengoa
napartheid fanxinoteka artelekun: ezkutuko munduan sartzeko atea odlok   Desastre jaunak fanzinotekan lan egiten duela esaten du (kar kar kar) baina guk jakin badakigu paper subertsiboz elikatzen den zomorroa dela. Artelekun harrapatu dugu, bere gordeleku berrian... * fanzinea: fan edo zale batek egindako argitalpena

Noiz eta nola sortu zen Fanxinoteka egiteko ideia?
Ez dakit. Desastre fanxina zegoen batetik eta napartheideko sektakoak ezagutu eta euren hatzaparretan erori nintzen. Esklabu bihurtu ninduten Fanxinoteka proiektuan. Nik uste 97an hasi nintzela, baina lehenagotik bazeuden Napartheid-era iritsitako fanxine solteak. Mahai azpitan usteltzen ari ziren. Hondakin bihurtu aurretik antolatzea erabaki genuen. Bestetik, Napartheid nerabezaroan zegoenez komunikatzeko beharra zuen, mundu osoko (eta mundu osoa esaten dudanean mundu osoa esan nahi dut) beste fanxinerosoekin harremanetan jartzeko beharra zuen.

Zein izan da Fanxinotekaren orain arteko ibilbidea?
Gora behera handikoa. Hasera batean geneukan guztia ordenatu eta katalogatu behar zen eta horretaz gain kopurua handitu eta kontaktu berriak egin egonkortasuna lortzearren. Garai honetan hazkunde izugarria izan genuen eta gure altxorra prest zegoenean ibiltaria bilakatu genuen. Herriz herri eraman dugu eta ikusgai egon da toki ezberdinetan. Baita bahituta ere -Vladimir Brigada gorri separatista zitalen esku-. Azken urte eta erdian moteldu egin da baina orain Artelekun kokatzearekin batera berriro suspertu da proiektua.

Internet-en ere badago fanxinoteka bisitatzerik ezta?
Bai. Eta gurea ez ezik badira beste batzuk. Poitiers-eko Fanzinothèque edo hainbat katalogo adibidez. Gure harremana internetekin bikoitza da. Izan ere e-zine eztanda etorri denean gu gure eszedentzia garai horietako batean geunden. Baina beno, badugu meritua, orain arte gure katalogorako 3.000 fanzineen azalak eskaneatu eta fitxa egin dugu.

Sobre eta sellotan diru mordoa gastatuko zenuen...
Fanxinotekari esker herriko postarien lagun mina naiz oraindik eta oraindik bada jendea nire aita postaritzat duena. Beti hura bidaltzen nuelako postetxera... batek baino gehiagok "Eh, posta ez zaidala etxera iristen" esaten zion aitari.

Zer topa dezakegu Fanxinotekan beste inon topatzen ez dugunik?
Odola izerdi eta malkoz eginiko lana da. Eta esaldia ez da metafora bat. Aldizkari komertzialetan ez bezala, fanzineetan, jendeak bere grina eta sentimenduak jartzen ditu. Ez dago zentsurarik ezta mugarik ere. Norberak gustoko duena egiten du. Fanzineetan ez dugu topatuko konbentzionalismorik, interes komertzialik, beldurrik... Eta aniztasuna ere aipatuko nuke. Edozein gaietan pentsatu eta fanxinotekan ziur topatuko duzula zerbait horren inguruan.

Adibidez?
Txorongoei buruzko fanzina, depilatzen ez diren emakumeak, animaliekin esperimentazioa, Euskal Herriari buruzko ikuspuntu ordainezinak, gotikoak, komikiak, hizkuntzak, artea, konspirazio paranoideak, matematika, musika, sexua... amaitezina da zerrenda.

Zer ekarpen egin diezaioke Artelekuk Fanxinotekari eta Fanxinotekak Artelekuri?
Artelekuk fanxinotekari egonkortasuna eta erakusgai eta eskuragai egotea. Akzesibilitatea hitz batean. Eta Fanxinotekak Artelekuri mundu berri oso bat, instituzio eta ofizialtasunetik kanpo dagoen informazio iturri agortezin bat.

DATUTAN:
Ale kopurua totala: 3969
Herrialde: 59 (5 kontinente + Marte)
Izeburuak: 1650
Hizkuntzak: 30