• 1
  • 2
hurrengoa
Matrix reloaded, bigarren asaltoa koldo almandoz   Ordenadore kode batetan enkriptaturik deskubritu genuen Matrix. Matrix: gu kontrolatzen gaituen ama programa omen da. Omen. Matrix-ek zeresan ugari sortu du. Gure errealitatearen metafora izateaz gain existentzia berari buruz hainbat galdera planteatzen dituelako. Filosofia oso bat dago Matrixen inguruan. Filosofoak galderak egiteko sortu genituen. Magritek ez omen zuen pipatzen liburua oparitu zidan egileak, Fito Rodríguez-ek. Barruan, orri solte batean zera idatzi zidan:
Galderatxo bat zeukeat hiretzat: Matrix zer duk?
1) Irudikapen hautsia?
2) Antzezpen lausoa? ala
3) Ordezkapen kaiolatua?
Herorrek erranen.
Fito.
Irudikapen hautsia
Ordenadore pantaila hartan lehendabizikoz Matrix irakurri genuenean, ez genuen ulertu. Hizki eta zenbakietan enkriptaturik zetorren sekretua deskubritu genuenean ordea jabetu ginen ama programa hura ez zela perfektua, bazituela zirrikituak. Errealitatea irudikapen bat besterik ez zela ohartu ginen. Hautsi egin zitzaigun ustezko errealitatea, eta harekin ordura arte bizitako irudikapena. Baina zerbait desagertzen denean beste zerbaitek bete behar du hutsune hori. Irudikapen bat beste irudikapen batekin betetzen da. Pilula gorria aukeratu genuen, baina agerian geratu zitzaigun errealitate berri hori benetakoa al zen? Eta Matrix-ek eskeintzen digun beste irudikapen bat bada? Bigarren ataleko izenburuak argi esaten du: Matrix RELOADED. Matrix berriro kargatu da...

Antzezpen lausoa
Lausotasuna beharrezkoa izaten da antzezpen batek gugan interesa pizteko.
Gizaki libreek Matrix zer den deskubritu eta pilula gorria aukeratzen dute programa erosotik ihes egin eta errealitate bortitzera itzultzeko. Solaris filman adibidez kontrakoa gertatzen da. Errealitateari uko egiten dio protagonistak bere maitearekin itzultzeko. Ez du irudikapena hautsi nahi. Bertan bizi nahi du pertsona maitatuarekin. Baina aukera ezberdin hauek ez dira inoiz modu arrazoitsu edo logiko batean gertatzen. Modu lauso batean ematen da pertsonaien antzezpena. Hain humanoak diren ezjakintasuna eta zalantzak bultzatutako lausotasuna. Fikzio zientzia film interesgarri guztietan somatu daiteke anbiguitate eta definizio eza hori. Horrek egiten ditu Blade Runner, Espace Odissey 2001, Solaris eta Matrix moduko filmak interesgarri: Etorkizunean kokatuta, ezezagunaren antzezpen lauso bat direlako.

Ordezkapen kaiolatua
Zion ezagutuko dugu bigarren atalean. Matrix-ko irudikapenetik ihes egindako gizaki libreen hiria . Lehendabiziko Matrix-en gizaki libreak euren ordeko birtualekin aritzen ziren interakzioan, kaiolaturik zeuden euren ordezkapenekin egiten zuten borroka. Bigarren asalto honetan, berriro kargatu den Matrix da etsai, baina Zion-en bizi diren gizaki libreen artean ere ez da bakerik. Azken finean, Matrix bera, gizakien izaera eta antolamenduan oinarritutako ordezkapen edo irudipen edo antzezpen bat delako. Smith agenteak Morpheo-ri esan zion moduan: "Ba al zenekien lehendabiziko Matrix-a gizakien mundu perfektu bat izateko diseinatua izan zela? Inork sufrituko ez zuen mundu bat, guztiok zoriontsu biziko ziren mundu bat... ba desastre hutsa izan zen".
3 aukeretatik bat aukeratzea ezinezkoa zait. Hirurak edo bat bakarra ere ez. Ez dakit. Liluratuta naukan arren Matrix zer den ere ez dut guztiz ulertzen. Eta hori da, niretzat behintzat, Watchosky anaiek sortu duten munduaren sekretua. Magriten obraren modukoa da Matrix. Ez dugu guztiz ulertzen, baina erakargarria zaigu.
Zer ezkutatzen da pintura horien atzean. Zer dago enkriptaturik Magriten margoetan?
Magrit...Matrix...

Matrix Reloaded maiatzak 21 ean estreinatzen da
Matrix Revolution azaroaren 7 an.


animatrix
Matrix-en sortzaileek 9 anime zuzendariei eskatu diete Matrix-en interpretazio bat. Emaitza, munduko animazio egile onenen 6 eta 16 minutuko 9 laburmetrai itzel. Webgune ofizialean ikus daitezke lehendabiziko emaitzak. Luxu bat.