• 1
  • 2
hurrengoa
el tenderete·hariak tinkatuz, bizia emanez myriam garzia   I  itziar diaz de durana Antzoki txiki batean sartu gara, eta berehala konturatu, antzerki honetako aktoreak ez direla ohikoak. Lito eta Manya dira, hariak tinkatuz, El Tenderete txotxongilo taldeko panpinei bizia ematen dietenak. Beraiekin mintzatu gara, 16 urte daramatelako panpinak egiten, panpinei bizia ematen, eta antzerki mota honetako ezaugarriak osatzen eta ikertzen. Askotan aipatu duzue txotxongilo antzerkian hutsune bat dagoela, ikerketari dagokionez, betidanik jatorri herrikoia izan duelako. Zaila da aurrera egiteko beti asmatzen ibiltzea?

Manya (M): Txotxongiloen gainean doktorego ikerketa bat egitea zen nire asmoa, baina ez dago ia bibliografiarik horren inguruan, eta utzi behar izan dut. Jendeak uste du ohiko antzerkigintzaren arauek txotxongilo antzerkirako ere balio dutela, eta ez da egia. Txotxongilo antzerkiak berezko ezaugarriak ditu, berezko arauak ere bai, askotan idatzi gabeak. Badira idazle ezagunak txotxongiloetarako antzezlanak idatzi dituztenak, esate baterako, Valle-Inclan, Lorca edo Blancoamor. Dagoen urria irakurriz ikasi dugu ofizioa.
Lito (L): Txotxongilo egile zaharrei entzunda ere ikas daiteke; iturrietara joan beharra dago. Berezko ahotsak daude txotxongiloen munduan eta entzuten jakin behar da.

16 urte daramazue antzoki txiki honetan, Bilboko Gaztetxea itxi zutenetik hain zuzen, bertako txotxongilo taldea baitzineten. Nola biltzen da hainbeste urtetako esperientzia?

(M): Lanetik lanera ikasten duzu, antzezlanaren errepikapenean, eta esan beharra dago beti dela desberdin, antzezlana lekuaren eta unearen arabera aldatzen baita. Gurea kalea da, espazio irekiak, askotan aretoetan isten baita antzerkia, aulkitik ikusten da eta, azkenean, ikusleak txalo baino ez du egin behar. Eta bai, oihuak edo zerbait botatzen badizute ere, eskerga da, kar kar. Ikuslegoak ere agintzen du gure antzezlanetan, eta berak esaten dizu, azkenean, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Txotxongiloak ematen dizun askatasun eta bat-batekotasun horri esker beti ari zara ikasten.

Nagusi zein txikientzat?

(M): Txotxongilo antzerkiak denontzako balio du. Sailkapena egungo antzerkiaren merkantilismoaren ezaugarri bat da. Txotxongilo antzerkia beti izan da familia guztiarentzat; tabernetan edo plazetan egin izan da publiko orokorrarentzat. Txotxongiloak helduentzako, zergatik ez?
(L): Txotxongilo antzerkiak izan dezakeen erabilera hezitzailearekin nahasten delako agian, pentsa daiteke txotxongilo antzerkia umeentzako dela. Txotxongilo antzerkia dibertigarria eta irekia izan behar du, ezin da modu hezitzaile batez ulertu soilik. Zaila da aukera egitea, azken finean, gustuko duzun ofizioa egiten duzu baina oso urrun zaude egin nahi duzun horretaz. Nekea eta desgastea handia da eta ez dizu denborarik uzten beste gauza batzuetan pentsatzeko.
(M): Alde hezitzaile horretara mugatzeak asko kentzen dio txotxongiloari. Izan ere, txotxongiloa beste zerbait izan da betidanik, hain zuzen ere txotxongiloak ezin egin dena egiten baitu. Gure ustez, horrek txotxongilo antzerkiaren txirotzea dakar eta baloratu beharra dago, horrek ematen baitizu egunero jaten...

Edo beste proiektu pertsonalagoak egiteko aukera, zuen azken lana bezala: “Los amores y desamores de la Molinera o El Buen Oficio del Maleficio”.

(M): Gure belaunaldiari zuzenduta dago, inguruan ditugun gauzak aipatuz, bigarren irakurketa bat eskainiz. Valle-Inclani egiten diogu erreferentzia eta hainbat giza gaitz aipatzen ditugu, inbidia, anbizioa eta handinahia, boterearen manipulazioa... dena pertsonaietan muturreraino islatuta.

Errealitatetik edaten du txotxongiloak?

(M): Txotxongiloa gure munduan dago, eta gu bezala sufritu eta min hartzen du. Gure txotxongiloak halakoak dira, eta muturreraino eraman ditugu azken lan honetan, inbidia duena oso inbidiatsua da... Esperpentoa atera zaigu La Molineran.

Badira bi pertsonaia ezagunak zuen lanetan, zenbat urte Puño eta Letrarekin?

(M): Hasieratik daude gurekin.

Euskal Herriko txotxongilo taldeen elkartean (UNIMA) zaudete. Zer nolako harremana dago zuen artean?

(M): Denetarik dago eta desberdintasun handiak daude gure artean.
(L): Elkarteak mota guztietako txotxongilo taldeak biltzen ditu eta hori ondo dago, baina, zer ikusirik daukate ohiko txotxongilo talde xume batek eta ekoizle artistiko bezala funtzionatzen duen enpresa batek? Zaila da denak biltzea. Ezin zaio mugarik jarri titiritero ofiziori. Egun, guk badakigu zein den gure lana eta zer den inoiz egingo ez genukeena.
(M): Profesionala izateak eta horretatik bizitzeak nolabaiteko menpekotasuna dakar ezinbestean. Baina nik uste dut ur bietan ondo mugitzen garela, eta jakin badakigula ezetz esaten nahi ez dugunari.