hurrengoa
monologoen inbasioa i.b.m.   Antzerkia gustatzen zait, klasikoa, garaikidea, drama, komedia, eta noski, monologoak. Zaila izan behar du mikro baten aurrean jarri eta derrigorrez barregarriak izan behar duten gauzak botatzen hastea. Bai, gustatzen zaizkit, baina perretxikoak baita ere, eta ez ditut goizeko kafetxoan botatzen! Eta azken bolada honetan monologoak edonon agertzen dira,... perretxikoak bezala!!! Ez dakit zuek, baina ni asetzen hasia naiz. Ez zaizue inoiz gertatu zerbait gehiegi hartu eta gero usaindu ere ezin izatea? Nola ezetz? Eta patxarana!? Ez litzaidake gustatuko horrelako ezinikusia sentitzea monologoekin, baina gero eta zailagoa da ekiditea.
Lanetik etxera joan, telebista piztu eta “telezaborra” ez ikustearren, plusa jartzen dut eta horra, edozein famatuk eguneroko edozein kontu botatzen topatzen dut... nire egunerokotasunarekin nahikoa ez banu bezala! Itxaropena ez galtzearren ETBra jo dut: tipo bat, kontu berberekin, baina, hori bai, askoz ere “autoktonoagoak”. Beraz, telebista itzali eta ohera joaten naiz liburu bat hartuta... Baten batek esan bezala, agerikoa da bai, telebistak kultura sustatzen duela!
Gosaldu bitartean egunkaria dut eskuartean; langabezia gora; etxebizitzaren egoeraren salaketa; hiritarrak kontrolatzeko legedi berria..., ufa! Mundu hobeago baten bila Agenda Kulturalaren atalera pasa naiz zuzenean: arratsaldeko 8tan Arriagan “Hamaika gizon heldutasunaren bila”.
Jarlekuan eserita, argiak noiz itzali zain nago, gizaki anonimo bat izateko irrikitan. Hamaika dira eskenatoki gainean daudenak, bai; baina, halako batean horietako batek aurrera pausua eman du, eta hizketan hasi zait!! Orduan galdetu diot nire buruari: ez dira izanen ba 11 monologo? Ba ez, bakarra da baina tipoak lehenik eta behin zer gertatu den kontatu dit eta ondoren, gainontzekoek, gertatutakoa erakutsi didate, akzioa behingoz... bai to! Berriz hitza hartu du narratzaileak. Beno, gutxienekoa ez da akzio apur bat ikustea, baina aldez aurretik guztia azaldu badidate, erabateko ikusle pasiboa bilakatu naute. Eta hori guztia 18 euroren truke!!
Azken busa galdu dut, betiko moduan; txoferrak ederki asko ikusi nau korrika, arnasestuka, baina, jakina, itota kale gorrian utzi nau. Ordu erdi beranduago taxi bat lortu dut. Taxista hitz egiten hasi da; egoera politikoaren analisi “sakona” egin dit 6 euroren truke...
Aski da! Eguna ematen dut monologotik monologora: igogailuan, ileapaindegian, lanean, bikotearekin, telebistan eta antzerkian! Zer izanen da hurrengoa, zinema?
Argi dago monologoa eskenatoki gainean funtzionatzen duen formula dela. Beti bezala, zenbaitek ongi erabiltzen badaki formatua, eta eskertzekoa da. Baina, beste zenbaitek ustezko arrakasta errazaren bila abiatu dira monologoaren txartela hartuta, euren dramaturgian barnako bidaia bertan amaitzen delarik. Nik bidaiatzen jarraitu nahi dut, mundu eta istorio berriak ezagutu nahi ditut, errealak ez badira ere; bertan bizi ordu eta erdiz eta bertakoen elkarrizketen lekuko izan!!!