hurrengoa
bi aparteko etxe Bordeaux-en alex mitxelena   I  asier larraza Bi aparteko etxe ditugu gugandik ez oso urrun. Bakoitzak bere erara bizitzeko ohiturei buruz hitz egiten dutenak. Aparteko jabe eta aparteko etxeek elkarrekin lortutako lotura ikaragarriaren adierazgarri. Bordelerako bidean aurkitzen dugun paisaia gurearen nahiko ezberdina da. Badirudi izenik gabeko lekua dela, herri edo toki berezirik gabea. Bordelerako bidea kolore eta ehunduraz inguraturik dago. Besterik gabe.
Bidai honen bukaeran topatzen dugun hiria ere ez da oso ezberdina. Izan ere, Bordele hiri handia, kolore berdineko etxe baxuz osaturiko itsaso zabala dirudi.
Baina kale eta etxe guztiak berdinak diruditen hiri honetan badaude salbuespenak ere. Zabaltasun honetan kontraste bezala agertzen zaizkigun adibideak. Ez altuera handian edo tamainan inposatzen diren eraikinak, beraien berezitasunean ezberdintzen direnak baizik.
Horrek, are eta bereziago egiten ditu topatzen dituenarentzat. The Baldek, Rem Koolhaasek 1997an eraikitako Maison Lemoine eta Lacaton & Vassal bikoteak 1993an eraikitako Latapie etxea ikusteko aukera izan du.

Monsieur Lemoine, gizon aberatsa, tetraplegiko gelditu zen auto istripu baten ondorioz. Bordeleko hiriguneko XVIII. mendeko etxe ikaragarria erabili ezina geratu zitzaionez, inguruko herri bateko mendixkaren gainaldean etxe bat eraikitzea erabaki zuen. Arkitekoarekin elkarlanean, aparteko etxe bat eraiki zuten. Iaz hil zen bost urteren ondoren.
Etxeak kanpotik itxura ikaragarria du airean flotatzen dagoen kaxa bai dirudi. Mendixkaren tontorrean, zeruak marrazten du bere geometria argia. Malda igo eta patioan sartzen gara, horma azpitik igarota eta espazio honetan, aurrean topatzen dugu kaxa, estruktura berezi baten bidez eutsita.
Harkaitzaren kontra sartzen gara beheko solairuko sukalde txiki ilunean. Bertan, Lemoine jaunak etxean zehar mugitzeko zuen igogailu berezia topatzen dugu. Gela baten zabalerako plataforma, hodi hidrauliko baten bitartez, gora eta behera mugitzen da nahi den altueran gelditu daitekeelarik. Hemen zeuzkan Lemoine jaunak bere laneko mahai eta beste altzari batzuk ere.
Igogailua hartu eta espazioa gure begien aurrean irekitzen da, begirada, egongelaren beirazko hormak zeharkatuz, lorategira zabaltzen bait da. Kaxaren azpian dagoen leku irekia da egongela, lorategiaren ondoren Bordele hiriaren panoramika zabala duen gotorlekua.
Igogailua berriro hartu eta logelak daukan kaxara igotzen gara. Kaxa hau zulaturik dago kanpoaldeko ikuspuntuak eduki ditzagun. Zulo hauek altuera ezberdinetan kokatzen dira, zutik dagoen pertsonarentzako nahiz aulki gurpildunean dagoenarentzako. Inguru guztiaren ikuspuntuak ditugu inguruak gu ikusi gabe.
Lemoine alarguna gaur egun eroso bizi da bere senarraren memoria hain ondo isladatzen duen istorioz betetako etxe zoragarri honetan.

Latapie bikoteak orube bat zeukan Bordeleko kanpo aldeko auzo arrunt batean. Baita bertan etxe bat eraikitzeko diru apur bat ere. Urte batzuen ondoren, Anne Lacaton eta Jean Phillipe Vassal arkitektu gazteak ezagutu zituzten. Beraien asmoa jakin arazi eta elkarlan sakon batean murgildu ziren.
Etxe hau dagoen auzoa etxe txikiz eta noiz behinkako dorrez dago osatua. Lorategidun etxe arrunt hauetan espontaneoki agertzen dira negutegi zein eraikin txikiak. Inguru honetan etxe honek lortutako integrazio maila aipagarria da.
Kaleko aldetik etxea opakoa da itxita dagoenean. Ez du leiho ezta aterik ere. Irekitzen denean aldiz, ate eta leihoz osatuta dagoela jabetzen gara. Auzoan hainbeste dagoen material merkez inguratua dago etxea.
Honen barruan egurrezko kaxa dago etxeak behar dituen gelak dituelarik. Bi solairuek argi zatikatzen dituzte egongela eta sukaldea logeletatik. Hauek ere material nahiz altzari arruntez osatuak daudelarik.
Lorategiaren aldean berriz etxea gardena da negutegiak egiteko plastikoz inguratua bai dago. Hemengo gela handi denek dute erabilgarritasuna, negutegia bizitzeko leku estra bezala pentsatuta dagoelako. Honekin etxea berotzen ikasi behar izan dute jabeek.