hurrengoa
musika elektronikoan ez galtzeko gida makala   Argi dago, azken urteotan, musika elektronikoa jende gehiagori atsegin zaiola eta geroz eta zaletu gehiago dagoela. Euskal Herri mailan, hiri askok musika mota honetako jaialdiak antolatzen dituzte; esate baterako Bilboko Musica Ex Machina, Donostiako Elektronikaldia, Berako Ertz jaialdia, Iruñako Aktivität eta abar. Jendeak bertan, tendentzi elektroniko ezberdinenak entzun, dantzatu eta ikasteko aukera izaten du. Era berean, euskal hiri eta herrietan askoz nabariagoa da klub kulturaren eszena, lokal askok, asteburuetan dj-ak programatzen dituztelarik. Aipatu dezakegu musika elektronikoak osasun ona duela gure herrialdean. Azpimarragarria da elektronika kontzeptuaren esanahiaren ulermena askoz ez garbiago hasi garela ulertzen eta onartzen azken boladan. Baina ziurrenik, jende askok, oraindik ez du unibertsu honetan dauden estilo ezberdinen izen eta jatorririk ezagutzen. Horretarako prestatu dugu gidatxo hau, zaletuak musika elektronikora apur bat gehiago hurbiltzeko. afrobeat afrohop:
Fela Kuti eta Tony Allen nigeriarrek afrobeat doinua sortu zuten70 hamarkadan. Orain dela 5 urte, Fela hil eta bere semeak Femi Kutik hartu du erreleboa, baina oraingo honetan elektronika elementuekin nahastuaz. Comet, Parisko zigiluak ere Tony Allen berreskuratu eta Allenko Brotherhood Ensemble eta Psyco on da Bus proiektu elektronikoak burutzen ditu. Dj asko hasi da afroa, house eta broken beats-arekin nahasten, Osunlade, Oba Funke,... eta hip hop-arekin, Ty raperoa adibidez, afro-hop moduan.

ambient chill out:
Brian Eno izan zen estilo honen sustatzailea 70. hamarkadako hasieran. Beranduago KLF talde britaniarrak "chill out" izeneko diskoa atera eta aurrerantzean izen hori erabili da musika mota lasai eta atmosferiko hau deskribatzeko. Mix Master Morris izan da 90 hamarkadako dj espezializatuena chill out sesioetan, nahiz eta beste batzuk arrakasta gehiago lortu duten, Jose Padilla Ibizako "Cafe del Mar"-ekoa adibidez. Gaur egun talde ospetsu gutxik jorratzen du zuzenean ambient-a, Boards of Canada da horietariko bat.

break beat:
Berez, hip hop-aren erritmo baseak dira. James Brown-en "Funky drummer" abestiari esker egin ziren ezagun. Mila aldiz sampleatu dituzte. Aldi berean, britania handiko korronte musikal bat da, eta artista askok erabili ohi dute erritmo hau beste influentzi askorekin nahasteko, jazz, funk, house, eta abar. Esanguratsuenak Ninja Tune diskeetxekoak izan dira Coldcut, Up Bustle & Out, Funki Porcini, Mr Scruff, ...

big beat:
Break beat-aren garapena da. Bi zigilu dira nagusi estilo hontan. Skint Records non Fat Boy Slim eta Bentley Rythm Ace topa ditzakegu eta Wall of Sound, Propellerheads eta Wiseguys barne dituztelarik. Beste askok ere jorratzen du musika estilo hau, Freestylers, Groove Armada... baina ezagunenak Chemical Brothers dira entzule orokorrarentzat.

electroclash:
XXI mende berriaren jaiotzarekin 80 hamarkadako revival asko dago, ez bakarrik musika mailan, modan eta tendentzietan ere bai. New York-en eta beste zenbait hirietan (Londres, Paris, Bartzelonan,...) gero eta festa eta klub gehiagok programatzen du estilo hau. Techno pop eta punk-aren esentzia jasotzen du baina egungo elementu elektronikoak erabiliaz. Adibide batzuk: Fischerspooner, Peaches, Miss Kittin & The Hacker...

broken beats:
West London-eko klubetan sortutako doinu hau nahiko berria da. Pare bat urte ditu soilik. Phil Asher, izan daiteke produktore ezagunena. Alex Attias, Recloose, Zero Db,... Fluid Once eta People disketxeak dira ezagunak estilo honetan. House, break beats, drum´n´bass, jazz eta afro estiloen influentzia jasotzen du broken beats estilo honek.

click´n´cuts:
Dela urte pare bat Mille Plateaux diskeetxeak atera zuen bilduma bere katalogoko hainbat artisteekin, SND, Thomas Brinkman, Terre Taemlitz, Vladislav Delay, ... Hauek ordenagailu portatila (edo laptop-a) erabiliaz doinu esparru berri bat sortu zuten. Audioaren tratamendurako software espezifikoak erabiliz, efektu berriak digitalki moldatu eta hotzaren barruan berotasuna bilatzeari ekin zioten.

disco:
Munich hirian jaio zen 70 hamarkadan bukaeran. Orduko soul eta r´n´b-aren garapen logikoa izan zen. Dantzalekura eraman eta erritmoa errepikatu egiten zen estribillo errazak erabiliz. Sortzaileak, beste batzuen artean, Cerrone, Village People, Donna Summer, Giorgio Moroder... Gaur egun revival asko dago, baina beste estilo askorekin nahasten da diskoa, techno-arekin adibidez, Munich-eko International Deejay Gigoló diskeetxeak egiten duen moduan.

downtempo:
Edo tempo motelak ambiente melodikoekin nahasturik. Estilo honek influentzia nabaria du dubarekin, Kruder & Dorfmeister vienar bikotearen kasuan adibidez, eta bossa nova-rekin, amerikako Thievery Corporation bikoteaz ari bagara. Musika estilo oso erabilia da telebista iragarkietan, moda desfiletan, eta abar.

gabber:
Alemaniko punk-hardcore mugimenduaren barruan jaiota. Musikalki antzekoa baina berezitasun batekin: makinekin egina. Erritmo oso azkarrak eta elementu zaratatsuak osatzen dute Gabber-a. Atari Teenagee Riot, izan da adibide nagusiena estilo honetan, Digital Hardcore diskeetxean.

electro:
Afrika Bambaata afroamerikarrak, duela 20 urte Kraftwerk doinua nahastu zuen erosi berri zuen Roland TB-303 makinarekin. Emaitza: electro-a. Esan daiteke estilo honek harreman asko duela rap eta hip hoparekin, baina ezberditasun nagusia doinuaren emaitzan datza. Askosez hotzagoa eta elektronikoagoa da eta ahotsa beti "vocoder" efectuaren menpe izaten da. Azken urteotan electro revival asko egon da, DMX Crew-ren eskutik adibidez.

illbient:
New York-eko suburbioetan egokitu zen estilo hau 90 hamarkadan, ambient gaixoa ezizenaz ere egin zen ezagun. Dj Spooky, Dj Wally, Sensational eta beste hainbat aritu dira doinu hauek ekoizten, hip hop instrumentala ambient-arekin era hotzean nahastuz. NY-ko Asphodel eta Wordsound disketxeak dira ezagunenak estilo honetan.

dub:
Jamaikan sortutako estilo hau beste estilo askoren oinarria izan da (trip hop, jungle, downtempo). Berez musika reggae instrumentala da, baina efektu askorekin osatuta (delay, reverb, echo). Dub-arekin lehendabizikoz gertatu zen, mahai estudioko ekoizpen lana estilo batean bihurtu izana. King Tubby izan zen asmatzaile eta erregea. Beranduago beste batzuk: Scientists, Prince Jammy, Mad Professor, Adrian Sherwood...

house:
80 hamarkada hasieran Chicagoko Warehouse kluban sortu zen musika mota hau, 4x4 konpasean oinarritua. Han bertan jotzen zuen Frankie Knuckles dj handia. House estiloaren jaiotzak zerikusi handia du amerikako beltzen kulturarekin, eta disco, funk eta europear technoa ren influentzi nabarmenak ditu. Jaio zenetik, estilo hau oso erabilia eta nahastua izan da, beste sub-estilo asko sortuz: acid house-an, Jungle Brothers; deep house-an, Blaze; latin house-an, Masters at Works; disco house-an, Daft Punk; jazz house-an, St. Germain.

garage/2 step:
House, disco eta soul-aren konbinazioa da. Doinuaren berezitasuna house neska ¨diva¨- ren presentzia da. Hasieran EEBBko zenbait hirietan asko entzun zen, Chicago, Detroit,...baita Erresuma Batuan eta Europan ere. 2 step, edo 2 pauso egungo revival-a da eta horietariko adibide nabarmenena MJ Cole talde britaniarra da.

industrial:
70 hamarkadan bukaeran alemanian zegoen kraut mugimenduaren herentzia da estilo hau. Can, SPK eta Throbbling Gristle taldeei esker sortutakoa. Zarataren muga, makinen doinuak eta hiriko giroak nahasten dira estilo honetan. D.A.F. taldea izan da 80 hamarkadan musika honen adibide argia. Madrilgo Esplendor Geometrico taldeak ere arrakasta dezente lortu du nazioartean.

e.b.m.:
Edo electronic body music. Industrialaren hariari jarraituz jaio zen tendentzi hau. Bruselas hirian, acid house boom-aren ondoren 80 hamarkada bukaeran. Front 242, A Split Second, Front Line Assembly, Nitzer Ebb... dira talde ezagunenak.

experimental extreme noise:
Azken urteotan esparru esperimentala nabarmentzen hasi da musika elektronikoan. Proiektu eta jarraitzaileak ugaritzen ari dira . Era berean laptop edota ordenagailu portatilaren erabilkera asko zabaldu da musika estilo honetan. Talde batzuk: Pan Sonic, Merzbow, Francisco Lopez, Fenno´berg, Otomo Yoshishide,...

hip hop:
Rap-aren eboluzio logikoa bat da. Formak bigunduz eta teknika antzekoa erabiliz, musika baino, bizitzeko kultura batetan bihurtu da eta gaur egun milaka jarraitzaile ditu munduan zehar. De La Soul, A Tribe called Quest eta Digable Planets, izan ziren 80 hamarkadako bukaeran mugimendu honen adibide garbiak. Beranduago beste milaka talde agertu dira. Harrigarriena ordea estilo underground honek esparru komertzialera egindako saltoa da. Egungo MTV-ko erregea den Eminem, nahiz eta beltza ez izan egundoko arrakasta lortu zuen.

turntablism:
Platerak dira instrumentu nagusi eta bakarrak estilo honetan, bereziki scratch teknikaren erabilera hip hop basearekin nahasturik. Ikuskizun harrigarria izaten da. X-Ecutioners-en kasuan adibidez, 3 tipo jartzen dira, bakoitza bi platerekin eta hiruen artean musika berria sortzen dute beste diskoak erabiliz, nahastuz, mugituz eta scratchatuz.Badira beste maisu handiak ere, Mix Master Mike, Dj Shadow, Cut Chemist, Q-Bert, Dj Vadim, Kid Koala eta abar.

r´n´b:
Nahiz eta hizki horiek rythm & blues hitza gogorarazten diguten eta batzuk harrituko dira ez dutelako blues-arekin zer ikusirik. AEB-tan hizki horiek hip hop eta soul musikaren nahasketa deskribatzeko erabiltzen dira. Gehienetan neskak dira arrakasta lortzen dutenak, ahotsengatik ziurrenik: Missy Elliot, Ashanti, Aaliyah... Bada mutilik ere, Craig David adibidez. Komunitate beltza da nagusi estilo honetan ere, eta mundu guztian, telebista eta irrati mailan jada "mainstream" bihurtu den estiloa da.

ragga dancehall:
80. hamarkada hasieran, Ingalaterran oso onartua zegoen Jamaikar musika, punk eta mod mugimenduei esker. Bertan jaio ziren lehendabiziko sound systemak. Berehala toaster eta jamaikar rapero, gehiago hurbildu zen hara. Estilo honen emaitza, dub baseak ipini eta gainetik rapeatzea da, baina era bortitzean, batzutan gehiegizkora joaz, hau da, ragga moduan. Shinehead, Cocoa Tea, Shaba Ranks izan ziren lehenbizikoak. Beranduago Sizzla, Capleton, Buju Banton, Chaka Demus, eta beste asko...

trip hop:
Bristol hirian jaio zen estilo hau 90. hamarkada erdialdera. Dub eta hip hop-aren elementuak nahastu ziren rock formazio moduan, atmosfera malenkoniatsu eta zinematikoak sortuaz. Massive Attack, Portishead eta Tricky taldeak dira estilo hontako adibide garbiak. Baina bada besterik: Moloko, Morcheeba, Fila Brasilia, Dj Food,...

jungle drum´n´bass:
Londres-ko ghetto-etan entzun zen lehenbiziko aldiz indar eta erritmoz osaturiko doinu hau, 90. hamarkada hasieran. Bateria eta baxua dira protagonistak, musika boteretsu eta azkar honetan, hortik datorkio drum´n´bass izena. A Guy called Gerald, Goldie, eta beste musikari gutxi batzuk hasi ziren genero hontako diskak kaleratzen. Talkin Loud disketxeak ere Roni Size, Dj Krust eta 4 Hero-ren diskoak kaleratzen ditu jazz influentzi handiarekin. Gaur egun jungle kultura arrakastatsua da mundu guztian eta dj ospetsu asko dago: Dj Hype, Aphrodite, Dj Marky, Patife, MC Dynamite, Suv,...

nu dub sub dub:
Berlin-en agertutako doinu ketsu hauek dub-aren eragin handia dute, baina egungo makinak erabiltzen dira: ordenagailuak eta software bereziak, Reaktor, Modulator,... Alemaniko Native Instruments konpaniakoak hain zuzen. Berlingo 2 diskoetxe dira nagusi estilo honetan. Bata Scape, Pole, Burnt Friedman & The Nu Dub Players, Jan Jelinek osatzen dutena eta bestea Rythm & Sound, Tikiman eta beste hainbatek osatutakoa.

techno:
70. hamarkadako hasieran alemaniako Düsseldorf hirian sortu zen Kraftwerk taldea. Laukote honek ordenagailu, sintetizadore eta beste hainbat makina erabili zuen musika elektronikoa asmatuz. Erritmo errepikakorrak, zenbait doinu eta lirika laburrak (baina mezu potoloekin) erabiliaz sortu zen estilo berri hau. Gero 80. hamarkadan techno pop-ak jarraitzaile asko izan zituen: Depeche Mode, Softcell, OMD,... taldeen esker. Orduztik, techno-a asko zabaldu da eta egun, Detroit eta Chicago hiriak dira nagusi estilo honetan. Juan Atkins, Derrick May eta Kevin Saunderson hasera batetan eta beranduago Kenny Larkin, Jeff Mills, Plastikman, ...

nu jazz:
Acid jazz-aren garapena da. Jazz, funk eta soul-aren oinarriak hartuz, hainbat estilo elektronikoekin (house, down tempo, break beats) nahastu eta estilo hau sortzen da. Europan nu-jazz jarraitzaile asko dago, bereziki Alemanian eta Austrian, Compost diskoetxeko artistak dira ezagunenak. Jazzanova, Rainer Truby, Fauna Flash, Les Gammas,... eta gerturago, etxean, Wagon Cookin´iruñearrak.

indietronica:
Azken bolada hontan egiten den ia musika guztia nahasten da elementu elektronikoekin. Estilo hau adibide. Pop indie-arekin nahastutako doinu elektronikoak. Alemaniako Donna Regina, Lali Puna, Tarwater eta beste hainbeste dira ezagunenak mobida honetan.

rap:
Estilo honen sormena lotura zuzena du, 70 hamarkadako AEB-etako hiriko ghetoetan zegoen kultura beltzarekin eta musika funk-arekin. Rap-a agertu zen, erritmo kutxak, gehi scratchak, gehi ahotsa lehenbiziko planoan (bertsolarien moduan) . Era berean, dantzatzerakoan, breakdance estilo akrobatikoa eta graffitia espresio bide bihurtu ziren. Grand Master Flash eta baita Public Enemy, ezagunak egin ziren hitz erreibindakatibo eta politikoengatik. Beste azpiestiloak sortu ziren: Run DMC rap-a eta rocka nahastuaz, LL Cool J eta Ice T "gangsta" eran, Beastie Boys hardcorearekin.