• 1
  • 2
hurrengoa
kill bill: tarantinoren laugarrena koldo almandoz   Mendekua. Mendekua da masail hezurra speed dastatzaile baten moduan mugitzen duen zuzendariaren laugarren filmeko abiapuntu eta helmuga. Ezkontza batetan sekulako sarraskia gertatzen da. Guztiak akabatzen dituzte. Edo ia. Emaztegaia koman geratzen da... esnatzen den arte. Uma Thurman, duela lau urte beste edozein emaztegai baten modukoa zen, baina egun, txandal horia, motorra horia eta katana zorrotz bat dira bere senargaiak. Mendeku bila dabil eta mendekuak izen bat du. Bill. Eta nor izan zitekeen DolceGabana kung-fu kutsuko film hontan gaiztoen artean gaiztoena? Ttonp-ttonp-ttonp... Matxinsalto txikia. David Carradine. Nor bestela? Uma Thurman eta Carradinerekin batera Daryl Hannah, Lucy Liu, Michael Madsen eta Vivica A. Fox.
Tarantinok ez du ezer asmatzen bere laugarren filmean. Reservoir Dogs, Pulp Fiction, eta Jackie Brown-en bezalaxe ez du ekarpen berririk egiten. Bideoklub enplegatua izan zen zuzendariak berez ez duelako sekula inolako berrikuntzarik egin. Bere meritua – meritu handia gaineraestilo ezberdinen konbinaketa orekatuan datza: estruktura narratibo ez ohizkoak, elkarrizketa fresko eta ironikoak eta aktore zuzendaritza adimentsua. Tarantinok, zinema ikuskizun gisa ulertzen du, baina badaki izaera propioa izateko beharrezkoa den plus hori gehitzen. Eta ekoizle gisa beste hainbat proiektuetan parte hartzen badu ere, zuzendari gisa bere ibilbidea neurtzen jakin du.

Kill Bill Los Angeles, México eta Txinan filmatu zen. Txinan, Beijing Film Studios famatua aukeratu zuten, kung-fu borroka zeluloide bihurtu zen eremu mitikoa. Mobida orientalen arrakastaz jabeturik eta oso zaindua dagoen estetika koloretsuan, biolentzia, arte martzialak eta Tigger and Dragon kutsuko borroka eta efektu bereziak eskaintzen dizkigu pelikulak. Filmean, behin eta berriro saiatuko dira gure heroia garbitzen. Baina ez da jaio mendeku bila dabilen emaztegai bati aurre egingo dionik; ez da existitzen Umaren begiradari eutsiko dionik.

Uma thurman-en begiak
Etxe azpiko autobus geltokian daude. Perfume bat iragartzen duen afitxe batetan. Eta begi horiek begiratzen dute. Nik badakit hori. Leihotik bigilatzen ditudalako. Adi geratu ezkero, tarteka, betazalak nola isten zaizkion somatu daiteke. Bitxiak dira begiak. Bitxienak norberarenak. Ezezagunak direlako. Begien jabearentzat, bere begirada beti da isla baten emaitza. Bigarren eskuko mezua. Gure begiradaren esanahia, begiratuak soilik ezagutu dezake. Guk, inoiz ez. Ulertezinak, hunkigarriak, min eman eta babesik gabe uzten didaten begi arriskutsuak gustatzen zaizkit. Autobus geltokietako markesinetatik begira geratzen zaizkidanak. Uma Thurmanen begiak...