hurrengoa
bide hegian Jon Arga   Badira bestelako ahotsa batzuk azkenaldian gure arteko musikan. Ikuspuntu propio bat eskaintzen duten ahotsak. Bi asteren buruan horietako biren azken lanak heldu zaizkigu. Batetik Petti Beratarraren hirugarren lana "Petti & etxeko uzta" (Gaztelupeko Hotsak 2002) Rock, blues, eta folk elektrikoaren bilduma ederra eta bestalde Xabier Montoiaren laugarren lana "Ni ez naiz Xabier Montoia" (Metak 2002) funtsean pop disko bat, popa modu zabalenean ulertua, musika beltzaren itzala duena, esperimentazioari leku uzten dion diskoa. Biekin, bazkari baten inguruan biltzeko parada izan nuen solasaldi aberasgarri bat izateko asmotan. Aipatu bi diskook Bera izan dute hein handi batean sorleku, garaleku eta Xabier Montoiaren kasuan grabaleku. Bada zerbait berezia Beran? Arrazoi berezirik dago halako herri batean Euskal Herriko panorama berritzen ari diren zenbait proposamen bertan sortzeko, Borrokan, Ertz jaialdia, Xabi Erkizia, Onddo?
Xabier Montoia (XM)- Hori da ziurrenik komunean duguna guztiok, nor bere bidetik edo bakoitzak ahal duenetik izan, baina guztiok bidertzetik goazela. Bakoitzak bere generoan eta bere gauzan. Hik (Pettiri) egiten duana ez duk era estandarrean egiten, beste erreferentzia batzuk dauzkak ez? Mark Lanegan ez duk estandar bat, ez duk Joe Cocker edo horietako bat ez?
Petti (Pt)- Gero, estiloetan asko egiten dik lekuak ez? Klimak eta inguruak. Adibidez Borrokanekoak hor ari hintuan 15 urterekin Fugazi eta horrelakoak entzuten. Eta ezaguna duk Baztan dela Europan proportzionalki suizidio aldetik kasu gehien jasotzen diken eskualdea, eta hori klima eta inguruagatik omen duk, igoal musikan ere zerikusia izango dik.
XM- Hori duk, hik egin dezakek blues, baina ez duk blues estandar bat izango, beti bide hegian geratuko haiz. Nik behintzat hori ikusten diat. Rock, pop, experimental, Xabi Erkiziak egiten duena. Horrelako herri batean Ertz bezalako jaialdi bat egotea...
Pt- Erkizia eta Ertz-en istorioa asko duk Iparraldeko jendearekin sortutakoagatik, Stephan (Krieger) eta Amanitaren inguruan.
XM- Baina azkenean, Beran ziok.
Pt- Bai, bai

Diskoa
XM- Petti aurreratu egin zitzaidan, berari otu zitzaion izen polit asko bat taldearentzat (etxeko uzta)... Nik beti esan izan diet (taldekideei) goazen izen polit bat jartzera baina inoiz ez dute izan nahi... ez zitzaien ezer bururatu.
Pt- Gehienbat kontzertu akustiko eta elektrikoak desberdintzeko egin dut.
XM- Baina polita duk, niri gustatzen zait izena, oso polita duk. Nolabait gure diskoa, guk eginiko diskoa, hori duk ere, etxeko uzta. Etxean egina, etxeko jendea, etxean grabatu, oso etxekoa. Eta Pettirena baita ere, nahiz estudio batean grabatu... grabatu aurrekoa, dena, baita argazkiak ere.

Etxea vs Estudioa
Aldatuko lirateke diskoak baldintzak bestelakoak balira?
Zuk, Petti, etxean grabatu izan bazenu eta zuk, Xabier, estudio batean egitekotan?
Mugatzen du batak edo besteak?

XM- Ez, funtsean ez. Kontzeptuak berberak lirateke. Beharbada aldatuko zen soinua baina...
Pt- Teknika aldetik, baina kantuak berak dituk.
XM- Bai etxean nik grabatzen dut, eta gitarrak, bateriak berdinek grabatzen dituzte. Beno, ni estudiora banoa pozik, baina tresna berak erabili eta sartuko nituzke, jende berak joko lituzke.
Pt- Nik uste, jada urte eta piko kantuak jotzen geundela zuzenean, orduan sartu ginen estudioan eta grabatu. Segur aski Berako Aduanan grabatu izan bagenu nabarituko zela aldaketa teknikan.
XM- Telecaster bat izan edo gitarra merke bat izatea bezala da. Beharbada nabarituko zen bai, bai alde bai kontra. Nik nire lehen diskoa sekulakoa zen estudio batean egin nian, eta hark ez du disko honek baino soinu hobea, inondik inora, estudioa asko da baina ez dena.
Pt- Nik nabaritu dudan aldaketa, estudiora joan eta bertan geratu garela. Aduanan grabatuko banu, grabatu eta Berara jaitsi izan zen, grabatu eta jaitsi, joan etorrian...
XM- Bai, baina hik diskoa 2, 3 astetan grabatu duk. Nik duela urtebete hasi nintzen, baseak grabatu, gero itxaron beharra ahotsak egiteko, beranduago nahastu...
Pt- Nabarituko duk diskoa jarraian grabatu ez izana ez?
XM- Bai, baina hori ere aldeko izan daiteke, zeren horrela badaukak astia entzuteko eta aldatzeko, gauzak konpondu...
Pt- Niri hori.... nik nahiago jarraian.
XM- Nik ere igoal, baina zirkunstantziak dituk, gauzak horrela daude, larria duk? Bada egoera horretan egonda saiatu zerbait aldekoa ikusten... kontua da eskura dagoenarekin egitea. Estudioan? Ondo. Etxean? Baita ere, hala da.
Pt- Nik hurrengo diskorako blues disko akustiko bat dut buruan, intimistago edo, eta horretarako igoal hobeto Aduanan. Instrumentu guti eta gauza lasaia egiteko... Estudio batetara joan, bada, gitarra anitz edo instrumentu desberdinak grabatzeko bai... han egotea eta goizetik hasita, esnatu eta mentalizatuta egotea.

Kantuak, sortzea, talde lana, grabatzea, prozedura.
Pt- Guk pixka bat... Nik egiten diatena duk, gitarrarekin, akustikarekin, grabatu eta teklatu batekin baxu eta bateriaren ideiak sartu. Taldeari eramatean, ideia hartu eta bakoitzak hartzen dik parte.
XM- Nik antzerako zerbait. Lehendabizi musika, ideia eraman, lokalean landu eta hortik hilabete bat, bitara, egiten dizkiat hitzak. Kantuak jada pixka bat aldatuta daudenean.
Pt- Nik ez, nik hitzetik hasi eta hau musikatu. Baditut bertsio ezberdinak, 2, 3, 4 musika testu berarendako... Honetan nabaritu diat Fernanen (Irazoki) lana. Ekoizle bat izatea. Lehenengo diskoak gehiago hituen nire ideia eta puntu. Oraingoak berak esatea, hau hemen hobeto, beste hau honela...
XM- Bai, nik ere Mikelekin (Irazoki). Komeni da akatsak salatuko dituena izatea. Zerbaitek huts egiten du, edo hau oso betea ziok eta hustu egin behar da esango duena, kanpotik ikusiko duen norbait izatea... Kantua egin duenak ez du distantziarik hartzen, urrundu eta kantua osotasunean ikustea. Sobera sartua hago kantuan.

Beharrezkoa da beraz ekoizlea?
XM- Ez dago arau bat. Nire esperientzian... batzutan ongi eta bestetan ez. Hori produktorearen arabera dago. Nik uste duk produktoreak egin behar duen lana, teorikoki ari naiz, oso inportantea dela, baina gero kontua da nor izango den benetako produktore, estudioan egongo den hori. Hor, gauza guztietan bezala dago, onak eta ez hain onak, onak baino ez egokiak, txarrak, erdipurdikoak... norberak erabaki behar du. Edonork ez du balio, edonork ez du balio edonorentzat esan nahi dut.
Pt- Fernanen kasuan gurekin ibili da zuzenekoetan teknikari bezala eta oso ongi ezagutzen gaitu.
XM- Eta oso ibilia duk, rock mota hori oso ondo ezagutzen du, eta badaki zuzeneko hori hire diskoan gauzatzen. Eta hor oso egoki izan bada ere agian beste baten diskorako ez duk batere egokia.
Pt- Pixka bat igual zuzenean erabiltzen genuen soinua gauzatzen saiatu gara, soinu idor eta efektu gutiko hori, eta kantuak ezagunak zitian. Aldaketak egiteko garaian ere errazagoa gertatu da berarekin.

Beldurtzen du kantua beste baten eskuetan uzteak?
XM- Bai, bueno, horrek ni ez nau inoiz beldurtu. Aldatu egiten da? Onerako bada, alda dadila!
Pt- Guk estudiora joan baino lehen Fernanekin prestatu genian, entseguetan eta aldaketak egin genizkian lokalean, grabatu baino lehen. Estudioan detaileren bat, koroak, hik (Montoiari) abesten duken kantua. Gauza ttipiak baina egiturak eta dena aurretik egin genitian.
XM- Gero beti sorpresak egoten dira, kantu batzuk lokalean oso ondo ibiltzen direnak, estudioan ez dakit zer gertatzen zaien eta galdu egiten dute zuten hura, baita alderantziz...
Pt- Nire kasuan uste dut kantuak hazi egin direla, gehienak nik bakarrik kantatzen nituen, eta orain, bada, BeƱardoren koroak, gitarretako detaileak... Bai irabazi egin ditek kantuak.
XM- Estudioa beste tresna bat da, kantuak zabaldu egiten dira, hemen koro bat, hemen gitarra, reverb bat eta abar. Kantua edozein tokitatik atera daiteke.
Pt- Bai, nik nire istorioei buruz egiten ditut eta lokalean eta zuzenean ideia bat daukak kantuari buruz eta gero estudioan...

Eta berriz aldatuko da, estudiotik zuzenerako bidaian ez?
Pt- Zuzenean gero nolabait hasierakora itzultzen dira, sarturiko aldaketak mantentzen dira, koroak, egiturak... baina zuzenean izan daiteke luzeagoa egun batean, motzagoa bestean...
XM- Bai, eta estudioan egindako hori gerta daiteke zuzenekora ezin eramatea modu eroso batean, edo moldatu behar izatea, edo konponketa hobeago bat topatu izana, edo modu berean egiteaz nekatu eta arnasa berri bat ematearren kantua aldatu...