hurrengoa
armak herriarentzat !!! koldo almandoz   Michael Moore-ek, Bowling for Columbine egin zuenean ez zuen hainbesteko ohiartzunik espero. Baina arrakasta hori ondo baliatzen jakin du. Cannes-en sari berezia irabazi zuenetik ez da isildu. Eta argi hitzegiteko duen gaitasunagatik harekin kontaktuan jarri gara.
Zergatik Bowling for Columbine bezalako film bat?
Ingalaterrako Chanel 4 katerako lan bat egin nuen. 1999. urtean. The Awful Truth izeneko programarako. Bertan, haurrei tiro ikastaroak ematen zizkien irakasle bati buruzko lana egin genuen. Lana amaitu eta egun gutxira Columbine institutuko hilketa gertatu zen. Eta bapatean, ni, gaztaroan tiro txapelketetan sari ugari irabazi eta National Rifle Association-ko bazkidea nintzela jabetu nintzen. Horri buruz filme bat egin behar nuela pentsatu nuen.

Zein da estatubatuarrek armekin duten obsesioaren arrazoia?
Amerikako Estatu Batuetako historia klasean ikasten duzun lehendabiziko gauza zera da. Amerikara etorri ziren lehenak, pelegrinak, beldurrak jota zeudelako egin zuten ihes. Eta gero zer gertatu zen? Ba pelegrinek indiarrak topatu zituztela, eta berriro ere beldurra sentitu eta indiarrak akabatu zituzten; Eta indiarrekin amaitu zutenean, elkarren beldur sentitu zuten eta sorginak ikusten hasi ziren. Ikusten eta erretzen. Gero iraultza irabazi zuten baina britaniarrak itzuliko ote ziren beldurrez konstituzioan zera idatzi genuen: "mantendu ditzagun gure armak prest badaezpada, britaniarrak edozein unean itzuli daitezke eta..."

Zailtasun asko topatu al zenuen filmaketa egiterako orduan?
Ez. Nahiz eta nik egin dudan filmik ausartena izan. Estatu Batuetan, batazbeste, arma bat dago biztanle bakoitzeko. Askok pentsatuko du, zifra hauekin normala dela hainbeste hilketa izatea. Kanadan ordea, arma kopuru ia berdina dago biztanleko, baina ez dute armen biolentzia kopuru bera jasaten... Ez. Arazoa beste bat da, kulturala, heziketarekin du zerikusia... eta ekonomiarekin jakina...