hurrengoa
CHUCK D: BELTZEGIA, INDARTSUEGIA.    "Garrantzitsuagoa da BMW garun bat izatea BMW bat izatea baino"
(Chuck D gangsta-rapperei luzatutako mezua)
Chuck D arterako gura eta zuzentasun intelektualaren nahasketa perfektua da. Hiperaktibitatearen adibide hutsa: musikoa, musikologoa, famili buru - harroen sentitzen arazten dion iharduera- irrati eta telebista esataria, webmaster-a, sistemaren aurkako ekintzailea eta diseinatzailea (berea da Public Enemy-ren logoa). Emaitza? Beltz komunitatearentzat eredu bihurtu da. Eta ez bere negozioen arrakastagatik, baizik eta 15 urteetan metatutako koherentziagatik. Bere izaeraz busti nahi duenak Fight The Power ( Viva la republica, 2001) liburura jo dezake. Memoria liburu bat da, Yusuf Jah-ren laguntzarekin idatzita eta Spike Lee ( Do the Right thing, Mo´Better Blues,...) zine zuzendariaren hitzaurrea duena.
Gauza guztien gainetik, pertsonaia, kriterio argia duen borrokalari bat da. Ez du arazorik bere ideia propioak azaltzeko. Rapero ia guztiek zabaltzen duten mezuaren kontra, alkohol eta drogen aurka azaltzen da maiz ( bere ustez autoestima eta ingurunearen gaineko kontrola mantentzeko traba nabarmena dira). Public Enemy-k musika beltzaren alderdi gogorrena ordezkatzen badu ere, Chuck D-k publikoki defendatzen ditu traidore edo pailazo gisa hartuak diren bere ¨anaiak¨. Besteak beste, Eddie Murphy ( bere Harlem Night filma nabarmentzen du) edota garai bateko MC Hammer (beltzen pop-a birziklatzen saiatu zela dio). 40 herrialdeetan baino gehiago jo izana ere harro aldarrikatzen du, beste raperoei, AEBtan ez geratzeko eta beste kulturekin harremanetan jartzeko eskatuaz.
Chuck D-k, 60. hamarkadako belaunaldiko semetzat du bere burua, Pantera Beltzak, James Brown edo black power-a aldarrikatu zuten kirolarien ondorengoa. Hamarkada hartako idealismoaz kutsatuta, hip hop-a, U2ren mailara eramatea amesten du, kirol ezberdinetako izar beltzen kontzientzia astindu eta AEBtako gobernuari esklabutza mendeengatik (1600. urtetik 1900era) kalteordaina eskatzen dio. Aldarrikapen hau, juridikoki aurkeztua, judutarrek nazien holokaustoagatik jasotako kalteordainean oinarritzen da eta diruordaina 4 triloi 4 ehun mila milioi dolarretan dago kalkulatuta.
Eta ez gaude ero baten aurrean, diskurtso garatua eta inozentziarik ez duen eztabaidatzaile baten aurrean baizik; ¨King doktorea maitakorra zen, baina hortzetaraino armatuak zeuden hiru anai beltzen konpainia behar zuen beti¨.
Laburbilduaz: liburu sakon eta bizi bat, gehien bat Afrikara egindako bidaien kontakizunetan non kontzertu erraldoiak eta esklabuen merkatu zaharrei egindako bisita aberasgarriak kontatzen dituen. 300 orrietan zehar, Chuck D sistemaren barruan eta kanpoan egotearen alde azaltzen da. Bere helburua lider beltzak sortzea da, adibide positiboak, musikan, kirolean eta komunikabideetan influentzia irabazteko. ¨Gure jendeari moda gustatzen bazaio, euren izaeraz eta euren istoriaz irakatsiko dien moda bat eman behar diegu¨

PUBLIC ENEMY
Revolverlution. Koch-Epic, 2002

Kide zaharren laguntzarekin, Public Enemy-k azken 15 urteei egiten die errepasoa kantu bitxi eta orain arte entzun gabeak aukeratuaz. Diskoak himno handiak jasotzen ditu "Public Enemy nº 1" eta "Fight The Power" besteak beste, zuzeneko bertsioan aurkeztuak orain edo nahasketa berriekin. MTV kateak zentsuratu zuen "Gotta Give The Peeps What They Need" kantuan Mumia Abu-Jamal-en askatasuna eskatzen dute eta "Son Of A Bush" kantuan, merezi duen bezala irudikatzen dute AEBtako presidentea. Ez gaituzte harritzen, baina gogor eusten diotela erakusten dute, soinua elegantea da, zorrotz eta minimalistagoa.