paper jon benito
hurrengoa

inkomunikazioaren atarian

Txema Ramirez de la Piscina eta Petxo Idoyaga · Alberdania

Komunikatzeko inoiz baino erraztasun eta baliabide gehiago ditugun garaietan, komunikabideek jokatutako paperari buruzko lana argitaratu berri du Alberdania argitaletxeak bere Zerberri sailean. Txema Ramirez de la Piscina eta Petxo Idoyagak elkarlanean kaleratu lan honetan, ikerketa eta hausnarketa batzen dira. Euskal gatazkaren inguruan esanak bildu eta aztertzen dira hemen. Euskal Herriko 11 egunkaritan idatzi eta esandakoak batu eta errealitate multzo ezberdinak parekatzea lortzen da. Egoerak bere horretan jarraituz gero, inkomunikazio egoera larri batean geundekeela ondorioztatzen dute egileek, eta ondorio horri zor zaio ziurrenik liburuaren titulua. Ikerketa interesgarria da, “brunete mediatiko” eta marea informatibo itogarriaz hitz egiten den garaiotan.

hurrengoa

XX.mendeko poesia kaierak

Anitz egile · Susa

Azken hamaika aleekin, 40 aleko antologia amaitutzat eman dute Susa argitaletxekoek udazken honetan. Koldo Izagirrek irakurri, aukeratu eta egin dizkie sarrerak kaiera hauei. Mende bateko poesiaren errepaso da bilduma. Poeta zaharren gaineko irakurketa moderno bat proposatu eta egile berriagoen azpiko loturak ageri dira liburuan. Kaierak garai baten bilduma dira, mendeak bildu poetika ezberdinen errepaso eta sentimenduen gordailu. Antologiak ez du handinahikeriarik formatuan. Kaierak txikiak dira, meheak. Kaierak ez dira irakurketak inposatzeko gidak. Kaierak erakusgarri dira, bultzatzaile, gonbidapen. Prezio erakargarrian beharrezko antologia bat.

hurrengoa

victor hugo. idi orgaren karranka. Euskal Herrian gandi, 1843

Itzulpena /Translation: Koldo Izagirre · elkar

200 urte pasatu dira Victor Hugo jaio zela. Eta Pasaian hainbat omenaldi burutu dira horren karietara. Hugok egin zuen euskaldunez erretraturik erakargarrienetako bat, 1843an Baiona, Pasaia eta Donostia zeharkatu eta gero. Erretratu horren testigantza da liburu hau, kronika historiko bat baina gehiago dena. Argazki erromantiko bat baino gehiago. Apunteak ziren berez, eta itzultzaile eta antolatzaileak horiek biltzen eta antolatzen egindako lana eskertu beharrekoa da. Asko balio du testigantzak, ez da topikoez ari, inon agertzen ez den giza talde batez ari da. Bazenik ere ez genekien, Paris txikiak estalitako bazter batean, bestelako hizkuntza batez komunikatzen zen komunitate bat. Existentzia baten deskubrimentua izan zitekeen. Izan zitekeen, izan daiteke.