hurrengoa
GNU the balde   Lehendabizi, ez ditugu nahastu behar doan banatzen diren programak, eta kode irekiko programak. Izan ere, informatika programa batzuk ordaindu gabe jaso daitezke (adibidez, internetetik hartutako freewarea) baina programa itxiak dira; hor dira, esate baterako, Microsoft etxearen nabigatzaileak (Internet Explorer). Aldiz, beste programa batzuk, euskaraz ere GNU bezala ezagutzen direnak, normalki doan banatzeaz gain, kode irekikoak dira: programa ibilarazten duten kodeak, barruko tripak, agerian jartzen ditu egileak, nahita. Horrela, hartaz dakien orok kode horietan oinarri harturik, programa bere gisara aldatu edo erabil dezake. Horren adibide ezagunena, beharbada, Linux sistema eragilea da. Gaur, interneten bitartez kode irekiko programak, era guztietakoak, asko ari dira garatzen, sareak lana ikaragarri errazten du. Hau guztia Gotzon Egiak kontatu digu, Euskara zerbitzuko burua Gipuzkoako Aldundian.
Gaur esan daiteke era guztietako aplikazioak direla kode irekian eginak. Urrutira gabe, Windows-eko plataformatik atera gabe, ofimatikan erabiltzen diren tresna arruntak (testu trataera, kalkulu orria, datu baseak, eta abar) kode irekiko eta doaneko software batean oinarritzen dira, OpenOffice izenekoa internetetik har daiteke, eta ordenagailuan ezarri, zentimorik ordaindu gabe. Eta euskara? Zertan da euskara esparru honetan? Emaitza ikusgarririk ez omen dago, baina bide itxaropentsua zabaltzen zaigula ematen du. Arlo honetan lanean ari diren Code & Sintax enpresakoekin harremanetan jarri eta euskararen presentzia oraindik ere "marjinala" dela esaten digute. Enpresa honetan, besteak beste, interneterako softwarea eta aplikazioak egiten dituzte. Berezituta daude edukia kudeatzeko sistemetan (ingelesez content management systems edo CMS), webguneetan eta software aplikazioetan eleaniztasuna bermatzeko injenierutzan. Eleaniztasunaren gaiari arreta ematen zaio, baina ez proiektu eta produktu guztietan, eta askotan zaila ei da software zehatz bat hizkuntza jakin baten parametroetara moldatzea.
Edozein modutan, hizkuntza txiki zein handietarako aplikazioak garatzeko aukerak handiagoak dira software librearekin, software jabearen eskema itxietan baino. Euskararen egoera ere, beraz, hortxe. Badaude linux-ero batzuk hortik zehar, eta ahalegin subentzionatu batzuk bideratu dira, proiektu handiak euskaratzeko (Mandrake Linux edo OpenOffice). Code & Sintaxen hurbilpen sinpleagoa dute "baina gure ustez eraginkorragoa dena, hau da, egitura konplexuak euskaratu beharrean, guk darabilgun azpiegituran (Zope) euskara integratzeko moduluak garatuz, unean unean produktu oso indartsuak sortzeko gauza garela erakutsi dugu: weblog sistema euskaratuak, bilaketak euskaraz guneetan, euskara/gaztelania elebitasuna primeran maneiatzen duten guneak..."
Hemen, The Balderen etxean bertan, arlo honetan ere lanean dagoen Eragin enpresaren ustetan, softwarearen negozioren ildoa errotik aldatu behar omen da, software libreak negozioa oinarritzen baitu bai programazioan bai zerbitzuan. Programazioaren aldetik, software libreak lehen mailako logika erabiltzen du. Programa bat egiteko, ez da zerotik abiatu beharrik, baizik eta gainontzekoen lanetik abiatzen zarela. Honi esker, helburu handiak epe motz eta baliabide urriekin lortzen ahal dira. Hortaz, programazio aldetik, diru iturriak hortik datoz, gauza berriak garatzen eta dagoena kasu konkretuetara egokitzean. Software jabearen negozioa bestelakoa omen da Eraginekoen ustetan. "Aplikazioa behin garatu eta ahalik eta jende gehienari saltzen saiatzen dira. Baina hor erabiltzaileak erabat esku lotuta gelditzen dira. Haiek ezin dute programa hobetu edo eraldatu, eta nolabait programari egokitu behar dioten euren burua. Bestalde, Software librean etengabeko zerbitzua dago, izan ere bai programak bai erabiltzaileak aldatzen dira, beraz hor ezinbestekoa da etengabe softwarea egokitzen".
Gotzon Egiak azpimarratzen du, bukatzeko, orain arte abiarazi diren egitasmoak bi bidetatik joan dira: edo gauza guztiz pribatuak izan dira, jende multzo baten indar soilez egindakoak (adibidez, Visual IRC 97, Igor Aiestaranek euskaratua), edo bide ofizialetik egin dira (esate baterako, Gnome-ko zati gehienak Eusko Jaurlaritzaren diruaz ari dira itzultzen, UZEI eta Elhuyar). "Iruditzen zait badirela mugak eta ezintasunak bi bideotan: alde batetik, jendeak bakarka ezin du gauza handirik egin; bestetik, laguntza ofizialak ezin dira era horretan bideratu. Kontua zer da, adibidez Gnome euskaraz izatea? Eta gero zer? Zer egingo du Jaurlaritzak horrekin? Eskoletan ikasleek erabiliko dituzten ordenagailuetan Linux jarriko dute, Windows izan ordez? Iruditzen zait hor nahasmen handi samarra dagoela. Kode irekiko softwarea behar dugu, baina erabiltzeko! Gainera, zer egiten du Eusko Jaurlaritzak, esku batekin Linux euskaratzen lagundu, eta bestearekin etengabe software lizentziadunak kontratatzen baditu bere administrazioa kudeatzeko?"

Helbide interesgarriak: