hurrengoa
Raúl Cordero. La Habana, Cuba, 1971 blanca oria   Autorea nor den jakiteko zenbait pista:
Duela hamar bat urte hasi zen lanean, 1992an hain zuzen ere. Ondo ezagutzen dutenek esaten dutenez, inoiz ez du interesik izan mezuak kontatu edo transmititzean, bere lanak taxutzeko esperientziarekin gozatzean bai, ordea. 1994tik, pixkanaka-pixkanaka, teknologia berrietara eta bideora gerturatu da. Iraultzaren eta MTVaren semetzat aintzatetsi dute. Jaten ematen diona ez da artea, musika baizik. Gaueko klub batean DJ aritzen da. Lan honek, sorkuntza artistikoaren aldean, gehigarri interesgarria du: jendearekiko kontaktua. Bere lanean 60. eta 70. hamarkadetako ikonoak ,Yuri Gagarin, Bruce Lee, Cassius Clay, Boney M esate baterako, ezagutzen ahal dira. Vitto Acconci, Félix González Torres, Bruce Naumann edo Baldessari bezalako artisten lana interesatzen zaio. Cuban bizi da, baina bere trebetasunak lotura gehiago du bere bizimoduarekin, bizilekuarekin baino.

Bere lana ezagutzeko zenbait pista:
“Yuri Gagarinen erretratua margotzen zuen bitartean bankuaren azpian gertatzen zena. 2001” Yuri Gagarinen erretratuak tamaina handiko olio pinturaren espazioa osorik betetzen du. Bertan, sobietar kosmonauta mitikoa, irribarretsu, eskafandratik azaltzen hasten da. Baina, artistak bere estudioan margotzen duen bitartean, zer gertatzen da kalean? Horretarako, bideo-kamera bat beharrezkoa da, irudi bat etengabe grabatzen duena, artistaren etxearen azpian dagoen bankukoa, adibidez. Sortzaileak sortzen duen bitartean, handik jendea pasatzen da, euria edo eguzkia egiten du, trafiko soinuak entzuten dira... Azkenean, ondoriozko lana koadro bat edo bideo bat da; bien artean lan bat, hautemate bat eta denbora osatzen dira, nola edo hala, errepikatu egiten da.

Hello-Good bye Sailak. The Rolling Landmark. 2001
Projektu-instalazio-performance-bizi esperientzia hau martxan jartzeko osagaiak hainbat dira. Lehenik, egiaztatze bat: mendebaldeko gizakiak keinu bera erabiltzen du, eskua jaso eta alde batetik bestera mugitu, bai hurbiltzen direnei, bai urruntzen direnei agur egiteko. Bigarrenik, sinbolo batzuk: Las Vegaseko sarrera-irteeretan aurkitzen ditugun panelak, pelikuletan eta argazkietan hainbatetan ikusiak, zeinak “Welcome to fabulous Las Vegas, Nevada” edo “Drive carefully. Come back soon” batekin dibertsioaren eta jokuaren paraisoa bisitatzen duten mundu osoko bidaiariak agurtzen dituzten. Hirugarrenik, geografia espazio berri bat, honen bidez objektu bat edozein lekutan kokatu daitekeela frogatzen da; honela, Las Vegaseko estiloko panel batek Holanda eta Belgikako zenbait hiritan zehar bidaiatzen du, ibilbide horietan leku bat hartuz eta ongi-etorria eginez Gent, Antwerpen, Lokeren, St-Niklaas bezalako lekuei... “Welcome to fabulous Brasschaat”, “Welcome to fabulous Deinze”... Panel mugigarriak helmuga berri guztietan esku hartzen du, projektu honen argazki erakusketa egiten den tokian tokiko inguru hurbilean kokatzen da eta, honela, egunez egun eta hiriz hiri, projektu hau leku berrien ekarpenekin hazten da. Momentuz, panelak Europan zehar bidaiatu du, gero itsasontziz ozeanoa zeharkatuko du, amerikar kontinentera iritsi ondoren, Las Vegaseko sarrera zaharrean kokatuko da, panel originaletik hurbil.

Emakume perfektua. 2002
Salamancako zazpi egunetako egonaldiak forma ematen dio Raúl Corderoren azken lanari. Lan prozesua goizero hasten da hoteleko gelan. Artista bideo-kameraren parean jarri eta emakume perfektuaren ezaugarri fisikoak deskribatzen ditu. Asteazkenekoak ile lisoa du, gaztaina kolorekoa, aurpegi biribila, begi handi eta borobilak... igandekoak aurpegi adeitsua, argia du, ile luze eta lisoa du, begiak distiratsuak eta urdin kolorekoak... Zazpi aurpegiak definitu direnean, erretratu robotak egiten espezialista dena, pintzel grafiko egile bilakatzen da eta artistaren buruan zegoena, ez den pertsona bihurtzen da, baina begitarte definituekin.