hurrengoa
elektronikaldia 2002, arnasa hartuz asier leoz   Udazken lehen ukituak berriz ere doinu elektronikoek ekarriko dituzte, batzuk dantzarako sortuak eta beste batzuk ez. Urrian Elektronikaldiak laugarren urtea beteko du bidean ikasitakoari helduta eta, hori bai, aurrekontu murrizteari aurre eginez. Besteak beste Txarli Brown eta Javi P3z antolatzaile dituen jaialdia aurrera ateratzea ez da erraza gero eta ezagunagoa den arren. Iazko marka komertzial handi bat ez dago jada beraiekin eta honek arakatze lanak are latzagoak egin ditu. Dena dela, Elektronikaldiak eskaintza zabala dauka aurtengoan ere, egun argiz egin beharrekoari gauari bezain besteko garrantzia emanez eta iaz bezala Donostiako Kursaal eta Egiako Gazteszena aretoen artean banatuta. Kontzertuei dagokionez, CHICO Y CHICA taldeak prestatuta daukan hiru orduko kabareta gogo biziz espero dute antolatzaileek.
Bestalde, TIM LOVELY, iaz oso disko aipagarria egin zuen sortzailea, gurean arituko da ere, MARIANO & NICODEMUS bezala. Azken hau New York inguruan bazterrak astintzen dabilen talde interesgarrienetako bat da. Zuzenean bi disko jartzaileek perkusio jole baten laguntza dauka eta P3z-en hitzetan auzoko Kruder & Dorfmeister batzuk bezala aurkeztu daitezke, latin ukitu batekin. Kontzertuaren eta peformancearen arteko mugak urtuta, ikusteko modukoa izango da ere PUSS talde suediarra, musika egiteko Game Boy tresnak erabiltzen dituena instrumentu bezala. Egitarau zabala, Dj sesio, lehiaketa eta zenbait Showcase barne, baina iazkoa baino askoz arinagoa. Aurten kartelaren fondoa ez da erabat estalita egongo izenekin, eta hori, diru kontuak alde batera utzita, bilatutako zerbait izan da 2002ko Elektronikaldiak arnasa har dezan.