hurrengoa
jazz taupadak: donostiako 37. jazzaldia asier leoz   (Elkarrizketa Miguel Martinekin, Donostiako Jazzaldiko arduraduna)
Egitarauaz ondo jabetzeko biderik azkarrena hori bada ere, aurrerago egin nahi izan dugu. Jazz jantzia duen bulegoan, liburu eta diskoak inguruan, Miguel Martin topatu dugu. Bera da Donostiako 37. Jazzaldiko arduradun nagusia.
Nolakoa izan zen iazko Jazzaldiaren balantzea?
Babesle batek kale egin zigun eta oso egoera larrian gelditu ginen. Gauza asko berriro planteatu behar izan genuen. Ezin izan genuen izar handirik ekarri, eta hala ere erantzuna oso ona izan zen. Hori bai, iazko egitaraua konpaktoa zen. Ordurarte gutxi jorratu genituen eremu musikalei tartea zabaldu zien, jazz bokalari adibidez. Hori izan zen klabea.

Ohizkoa izaten da jazz munduarekin lotura zuzena ez duen izen ospetsuren bat ikustea. Ohiturarik ez duenari jazz giroa hurbiltzearren egiten da edo gastuei aurre egiteko?
Izarrak ekartzeak ez du dirurik ematen. Asmoa publiko berriengana heltzea da. Jazz musikatik kanpo egonik ere afroamerikarra den musika besteengandik desberdindu beharra dago. Afroamerikar estiloek lotura handia dute jazzarekin, erro beretik datoz eta. Gainera Van Morrison edo BB King jazz zaleek errespetatzen duten musikariaren eredu dira. Eskua zabaldu beharra dago.

Montreux-en bezala?
Montreux-ek akaso gehiegi zabaldu du eskua. Europako Jazzaldi gehienek musika honekin loturarik ez duten artistak dituzte gaur egun buru bezala. Paul Simon, Peter Gabriel, David Bowie... nahiago dugu hainbeste ez urruntzea. Nire ustez ikuslea apur bat despistatu daiteke.

James Brown, Bill Wyman... nola bururatu zitzaizuen artista hauek ekartzea?
Jakin badakigu jendeak James Brown ikusi nahi duela. Duela gutxi New York-en emandako kontzertuen grabaketak ikusi ditugu eta bera ondo dago, bestela ez genuke ekarriko. Badago ekarri nahi ez dugun zenbait artista. Duela 10 urte Chuck Berry ekartzea adibidez akats bat izan zen. Ez zuen jarrera egokia; kontzertua emateko gogorik gabe zetorren, bere musikariak ezagutu gabe, gutxi ordaindu zien eta problemak eman zituen hasieratik. Horrelakoak ez ditugu nahi, ezta historia zatia badira ere. James Brown ez da 25 urte zituenean zen berbera, baina 22 musikari bikain igotzen ditu eskenatokira eta show luze eta indartsua ematen du. Benetan inporta zaio emanaldi on bat eskaintzea ikusleei errespetua dielako.

Zer dauka Trinitateko Enparantzak artistei hainbeste gustatzeko?
Ez du akustika arazo bakar bat ere ematen. Gainera oso ezaugarri berezia dauka, taula gainean zaudenean enparantzari begira 2.500 lagun horien aurpegiak justu zurearen aurrean daudela ematen du, haietako bakoitza ikus dezakezu. Honek aparteko motibazioa ematen die artistei.