audio I makala
hurrengoa

ROOTS MANUVA

Gutxitan topatu dut Hip hop disko bat non abeslaria beltza ez izanik, doinu hauen jatorri amerikarrean bizi direnek bezain ondo egiten duen bere lana. Europa inguruko hip hop talde gehienek abeslariaren postuan dute gabezia nabariena, oso gutxi heltzen baitira Hip hoparen NBA delakora gerturatzera. Europa osoan argi dago musika hau indartuz doala eta asko direla Hip hop kultura esaten zaion horri kontsumitzen dutenak. Egun ez da zaila denbora eta ahalegina estilo honi begira ematen duten disko, kontzertu, aldizkari, irratsaio, arropa eta abar topatzea. Beraz, dagoeneko inork ez du zalantzan jartzerik estiloaren garrantzia. Gogoeta bere horretan utzita, "Run Come Save Me", Roots Manuva abeslariaren lehendabiziko lan luzea, iazko diskorik onenen zerrendatan kokatuta azaldu da toki askotan eta ez da kasualitate kontua. Lehendabiziko entzunaldiak errazak ez diren arren, entzun ahala gero eta gehiago harrapatzen zaitu. Hasteko, hari orkestra batek jantzitako introa eta berehala "Bashment Boogie" abestian sartzen gara, ez ohizko hip hop kantua, Rodney Smith-en ahots ederra Ricky Rankin´-en ragga ukituarekin nahasiaz. Gainontzeko abestietan jamaikar sustraiak rock edo trip hop itxurak erabiliaz azaltzen dira etengabe. Benetan da nabarmentzeko modukoa erritmo oinarrien erabilpena, tarteka abstraktu samarrak. Musika modu bati garatze sendoa ematen dioten formulak erabiliaz, Roots Manuvarena Big Dada Recordings zigilu berritzailearen emaitzen mailari eusten dio.

hurrengoa

MR. SCRUFF

Musika egile eta dj ingeles emankorra, Ninja Tune edo desagertu Cup pof Tea zigilu eraginkorretan benetan orijinalak eta eklektikoak diren diskoak egiteaz gain, bere lanen azalak diseinatzeko gauza da. Horretarako erabili izaten dituen pertsonaia xelebreak dagoeneko zabaldu berria duen web orrian azaltzen dira animatuta. Oraingoan Brighton hirian sortu berria den Unfold Records–Tru Thoughts izeneko zigiluak, soilik dj-en bilduma lanak kaleratzen dituenak, apustua egin du Scruff jaunaren alde. Berari eskatu diote zigilu berriaren lehen emaitza egitea eta honek bueltan ska, disco dub, reggae, ragga eta break ukituez jositako bilduma lana bidali die. Aukeraketan The Wailers taldea topa dezakegu esate baterako, rock-steady itxurako ariketa bizi batekin. Horrez gain bada El Malo japoniarraren dub-beat lanen eta eskandinabiar dub doinuen eredu bikainik ere, Bjorn Torske sortzailearen eskutik azken hauek. Bidean Reggie Stepa eta Ninjaman & Flourgonen ragga-dancehall fina eta amaitzeko Dry & Heavy-ren dub pozointsua. CD hau musika kolekzionatzaile amorratu baten gustuen ispilu egokia izan daiteke, dub doinuen sustrai zabalak ondo ezagutzen eta hobeto ikertzen dituenaren urratsen gida. Bere lehendabiziko lanetatik Mr Scruff beti azaldu zaigu Erresuma Batuan dauden sortzaile freskoenen artean. Azken ekarpen honen ondoren gainera aparteko gaitasuna ezguitu diogu dj eta selektor lanetan.