paper xabier gantzarain / iker trebiño
hurrengoa

Aingurak erreketan

Jon Benito · Susa

Beti da eginkizun ederra idazle baten liburuari irudia jartzea. Ardura haundiko lana da azal erakargarria jartzea liburu erakargarri bati. Begiak dira maitasunaren ehiztari. Begiek gidatzen gaituzte liburuetara. Begiek liburuen azalak ikusten dituzte. Begiek ere erabakitzen dute zein liburu aukeratu maiteari oparitzeko. Azaleko iruditik hasten gara liburua irakurtzen. Horregatik da ardura haundiko lana azal erakargarria jartzea liburu erakargarri bati. Ardura haundiko lana eta ordain ezin litekeen ohorea ere bai.
Badira gutxienez bi modu liburu baten azaleko irudia egiteko. Bata, liburua irakurri eta idazlearekin hitz eginez, liburuaren arima irudi batean biltzea da. Hala egin nuen Harkaitz Canoren Norbait dabil sute-eskaileran poema liburuan eta Xabier Aldairen Bazterrekoak ipuin bilduman. Bestea, idazleak zure lana aurretik ezagutu eta berak idatzi duen libururako zure irudi bat aukeratzea da. Ez dakit zein den bietarik pozgarriagoa. Baina badakit adieraz ezin daitekeen atsegina sortu zidala Jon Benitok, bere lehen libururako nire irudi bat nahi zuela esan zidanean.
Liburuaz zerbait esateko eskatu didate: azaleko irudia da liburu honetan hilko den lehen poema. Bihotzean tinkaturiko aingura herdoildua, askatuko duten hitzen beharrean bizi da.

hurrengoa

Bitartean heldu eskutik

Kirmen Uribe · Susa

Kirmen eta biok astero elkartzen gara "Sautrela" egiteko, eta liburuaren azala egin behar niola esan zidan. Kontuan hartu ohituta gaudela elkarrekin lan egiten, testuei irudiak jartzen, batez ere. Poema liburua zela esan zidan eta batzuk bidali zizkidan, nik irakurtzeko. Zer hartu nuen kontuan azala egiteko? Liburuan bertan dauden giltzak. Batetik, Rikardo Arregik liburuaren hitzaurrean esaten duena; alegia, mende aldaketaren ajearen ondoren, hitz handiosoak alde batera utzi eta bizitza dela daukagun gauzarik inportanteena.
Bestetik, egiaren bila gabiltzala beti, eta emozioak eta sentsazioak gureak direla oraindik, inork ez dizkigula kenduko. Gainera, gogoan izan nuen beste ideia bat, gizakia munduaren neurrira ekarri behar dela, eta komunikazioak informazioa esan nahi badu ere, askotan informazioa kontaminazio bihurtzen dela.
“Ezin da esan Maitasuna, ezin da esan Edertasuna,
ezin da esan Elkartasuna, ezin esan.
Ez zuhaitz ez erreka ez bihotz.
ahaztu egin da antzinako legea.”
Hortaz, azalaren itxura pentsatzen ari nintzela, bi aukera izan nituen azkenean. Liburuaren izenburua "Bitartean heldu eskutik" izango zen, eta alde batetik pentsatu nuen eskua heltzea oso gauza humanoa zela eta hori era zuzen eta xumean agertu behar nuela bururatu zitzaidan. Froga batzuk ere egin nituen, baina bigunegia geratzen zen, eta ideia baztertu genuen.
Beste aukera, aurrekoaren kontrakoa zen: gaur egungo deshumanizazioa erakutsi, gizakia inguruaren aurrean aurkeztu. Eta argazki ezin hobea topatu nuen horretarako: gure ingurukoa izan litekeen paisaje urbanoa, markarik erakutsi gabe, normalean agertzen ez zaigun moduan, aditibo eta gainontzeko kontaminazio dena ezabatuta, eta argazkiaren beheko aldean, bikote bat eskutik helduta. Robin Collyerren argazkia da eta bertan garbi ikusten da nortaraino dagoen gure inguruko espazioa mezuz josita. Artista horrek Alemaniako murrua jartzen du adibide, apurtu aurretik. Testu gabeko tokia bezala definitzen du, iragarkirik gabe, inori ezer saltzeko beharrik gabe. Okindegiak errotulua jarri beharko du, okindegia dela adierazteko, baina ez ezer promozionatzeko. Paisaje urbano hartan ez zegoen ahots promozionatzailerik. Mendebaldean, gure kontestuan, inskripzio urbanoa ikusteko den-dena ezabatu behar dugu. Orduan beste inoiz ez gara konturatuko nola dagoen kolonizaturik gure arreta ahalmena.
Beraz, "goian zerua eta behean lurra zaudela, etxea txikituta, nahikoa dira zenbait oroitzapen, lagun bat, asmo bakarra... Eta atzera zerotik hasi, bide berri bati ekin".