hurrengoa
The Chemical Brothers, kimika gehiegi? asier leoz   Azken urteotako itzulera sonatuena “It began in Afrika” esaldiak ekarri digu. Kantu bakarra, erritmo guztien jatorriari buruz. Ed Simons eta Tom Rowlands-ena berriz Manchester hiriko “Naked under leather” klubean dago kokatu beharra. Behin eta berriro entzun ondoren, ez dirudi lan berriak aurreko hiru diskoetan egindako bidea defendatu dezakeenik. Lehendabiziko aldiz, definitu gabeko zati antzuak daude Simons/Rowlands bikoaren emaitza berri batetan. “Surrender” diskoan tarteka antzeman zitekeen ideia falta berbera, baina kasu hartan potentzial handiko abestiek estalia (“Let forever be” edo “Out of control”) eta oraingoan babesik gabe eta agerian.
Zipi eta Zape ordea, pozik daude egindako lanarekin. "Disko berria ondo bukatuta dago. Sortzaileak gai izan behar du bere lana bukatutzat emateko. Bestela, bizitza osoa pasa dezakezu zati bokalak edo bateriarenak berregiten. Obra amaituta noiz dagoen jakitea prozesu osoko gauzarik inportanteena da". Esan ohi da hemendik urte batzuetara bakarrik musika elektronikoa egongo dela. Simons eta Rowlands ez datoz honekin bat: "Topiko bat baino ez da. Kontua da ideia indartsu bat islatzea besterik gabe notak erortzen utzi ordez".
“Come with us” izeneko lan berriak ezagutzera eman duen lehen abestiak, “It began in Afrika” (perkusio tribalak elektroaren indarrarekin nahastuta), aurkezpen kantu baten lana betetzen du problemarik gabe, nahiz eta aski ezaguna den patroitik egina dagoen. “Star guitar” izeneko bigarren singleak, rave edo egunsentiko jaialdien giroari eusten dio, kontzertuetan erabili ohi duten proiekzio azeleratuez jantzitako bideo lan ikusgarri batekin. Honek ukatzerik ez dagoena dakar gogora: Musika elekronikoa euren eskutik jauzi dela kluben iluntasunetik futbol zelaietako jaialdi jendetsuetaraino. Ingelesek ordea argi daukate beraiek ez dutela ezer asmatu. "Hainbeste aktibitate dago mundu honetan, batzuk besteentzat eragin bihurtuz eta abar... oso gutxi da guk egin duguna dance musikaren mugimendu honek eman duen guztiaren aldean jartzen badugu. Elementu txikiak sartu ditugu eta elementu hauek forma eman diete beste batzuen diskoei, baina tren gehiago daude martxan. Pozik sentitzen gara norbaitek esaterakoan: –Zuen disko bat entzun dut eta musika ulertzeko era aldatu egin dit–, baina ez dut pioneroak garenik uste, zenbait tokitan irakurri dudan bezala. Zergatik? Ba hau ez delako bilaketa bat".
Udaberrian The Chemical Brothers-en zuzeneko muntai berria ezagutzeko aukera izango dugu, azken hiru urteotan egiten duten lehena. Aukeratutako hiriak Madril (apirilaren 6an) eta Bartzelona (apirilaren 7an) izan dira.