hurrengoa
iñaki font: aktorea uhertzean koldo almandoz   Donostiako Sagues auzoa. Bosterdiak. Ondartzara joan gara pasio bat ematera. Hitz egiterakoan, solaskidearengana hurbildu eta begietara begiratzen du. Argazki kamararen objektiboari ez dio jaramonik egiten. Harekin hitzegindakoak ez nituen ez grabatu, ezta idatzi ere. Beraz, ondorengoa, ondartzan izandako solasalditik oroitzen ditudan fotogramak besterik ez dira. Hastapenak.
Ikasketak utzi eta antzokian zamalari lanak egiten hasi nintzen. Ondoren, bi urte eman nituen soinu teknikari gisa Ttanttakarekin, "Florido Pensil" antzezlanean. Obra osoa ezagutzen nuen. Markak, elkarrizketak, mugimenduak eta nik ere hori egin nahi nuela erabaki nuen. Modu naturalean. Lagun batek bere Madrileko etxea eskeini zidan. Hara joan nintzen, ikasten hasi nintzen, kastinetara joan eta telesail batzuetan parte hartu nuen eta Chavarrik “Besos para todos” pelikularako hotsegin ninduen.

Aktorea.
Aktore izatea lanbide bat da. Eta niri, luzarorako lana izatea gustatuko litzaidake. Ni lanbide honetan hasiberri bat naiz. Limitazio ugari ditut. Joder! 22 urte ditut, ezinezkoa da aktore ona izatea! Baina gustatzen zait, eta lanaz gozatzeaz gain, lanbidea ikasten gozatzen dut. Eskolan nekez hartzen nuen liburu bat eta orain bederatzi ordu egon naiteke testu bati bueltak ematen...

Pertsonaia.
Guztiok gara egoera desberdinetan pertsona desberdinak. Pertsonaia bati izaera eta gorputza emateko, nire izaera desberdin horietan bilatzen dut inspirazioa, edo metodoa. Bilaketa hori da egin beharreko lana. Pertsonaiaren konfliktoak aztertzen saiatzen naiz. Ekonomikoak, sentimentalak... Baina aktore bakoitzak bere bidea du. Nik, egiten ditudan pertsonaietan, ahalik eta ondratuen izaten saiatzen naiz.

Egoa.
Nik pertsona normaltzat dut nire burua. Gainera ni ez naiz pertsona famatua. Argazkiak eta horrelako gauzekin ez naiz eroso sentitzen. Baina ez dut enrollatuarena egiteagatik esaten. Promozioa egin behar denean, paperean sartu eta egiten dut. Anbizioa badut. Nire anbizioa, honetan luzaroan lan egitea da eta horrek asetuko luke nire egoa.

Madrid.
Motorran ibiltzen naiz. Toki guztietara iristeko modurik aproposena da.

Lana.
Pelikula bat amaitu eta beste proiektu batetan hastea da satisfakziorik handiena. Dirua baino gehiago. Eta ez da dirua ez zaidanik gustatzen, baina diruagatik ez da inor aktore sartzen. Beste zerbait egiten duzu. Nire zaletasun berea duen jendearekin proiektuak egin eta denbora pasatzea da lanbide honek ematen didan saririk handiena.

Lagunak.
Hemen, Sagueseko "muro"-an makina bat ordu pasa ditut lagunekin. Betiko lagunak maite ditut, baina berriak egitea ere gustatzen zait. Mundu guztiari bezalaxe, ez? Joango al gara pote bat hartzera?

Iñaki Font. Filmak
“Besos para todos”. 2000. Jaime Chavarri
“Gerreros”. 2002. Daniel Calparsoro
“Valentín”. 2002. Juan Luis Iborra
“La soledad era esto”. Sergio Renan