hurrengoa
RUPER ORDORIKA, hurrengo goizeko KANTUAK asier leoz   I  mikel saiz “Hautsi da anphora” esaldiak abiatutako abenturan (Elkar, 1980) Ruper Ordorika oñatiarrak zortzigarren urratsa eman du autoremusika rock eremura zintzo eramanez. Lan eskergak erditze berriaren ondorengo sentsazioak gainditzen ditu. Hau da istantearen bila bizi den sortzailearen gaurko eguna. “Dabilen Harria” diskoan (Nuevos Medios, 1998) mugimendua zena “Hurrengo goizean” (Metak, 2001) gogoeta bihurtu al da?
Baliteke. Gustatzen zait musika nolabait “hurrengo goizekoa” izatea. Gaueko emanaldiaren ondoren, gauzak baretuta, halako samurtasun bat egoten da giroan. Konturatu naiz hori dela maite dudan musikak izaten duena. Bestalde, hurrengo goiza ere da errealitatea ikusteko momentua, “eta orain zer” esateko unea.

Lan horretan puntako jazz musikariak izan zenituen lanean, inprobisazio ukitu bat lortu nahian.
Cesare Pavese idazleak esaten zuen nolabaiteko birjinitate batez iritsi behar dela sortze prozesura, erretolika ahalik eta baztertuen gera dadin. Hori bilatu genuen. Orain askoz hobeto ezagutzen dugu elkar, baina hain lengoaia aberatsa duten musikariekin hasten ariko bagina bezala jo dezakegu. Musikaria zenbat eta hobeagoa izan, orduan eta sinpleago aritzen da, gauza teknikoak gero eta urrunago gelditzen diren bitartean.

Zergatik zaude hain eroso tempo erdiko abestietan?
Ez dakit baina horrela da. Ba al dakizu horiek direla jotzeko zailenak direnak? Korrika egiten ez den kantu horietan ondo neurtu behar duzu kantutik ez ateratzeko, eta horrek dauka zailtasuna. Musikan isilunea nota bezain garrantzitsua da, eta horrelako kantuetan gehiago antzematen da hori; oso barruan jo beharra daukazu eta teknika ondo menderatu.

“Dabilen harria” aurkeztean “arriskua” hitza erabili zenuen. Zein da lan berri honen hitz klabea?
Arriskua ere egon da, ez pentsa. Izan ere diskoa abuztuaren 15ean hasi eta 19an bukatu genuen, hortik atera kontuak. Ez dakit, disko argitsua sentitzen dut, malenkonia apur batekin bada ere. Samurra dela iruditzen zait. Hitza “mood” izan daiteke, blues munduan erabili ohi den halako giro berezia, istante hori azaltzeko.

Hori al da ondasunik handiena, istantea?
Zalantzarik gabe. Hasierako arnasa harrapatzea da konturik garrantzitsuena eta aldi berean zailena. Dylan-ek, esate baterako, aparteko gaitasuna dauka istantea jasotzeko. Pilotariek bezala, berak batzuetan zabalera egiten du eta beste batzuetan sakonera tantua egiteko. Denok, nor bere bizitzan lanean edo afektuetan, horren bila gabiltza etengabe.

Dylanen musikan argiago ikusten bada ere, zureak ere badauka bluesa txertatuta. Gramatikan ez baina bai sakoneko izaeran.
Bai noski. Hori da nik mutikotan etengabe entzuten nuena. John Lee Hooker, Rory Gallagher, Creedence... Bluesa beti izan dut gertu. Seguru nago nire musikan sartuta dagoela, hor nonbait, nahiz eta azalean ikusi ez.

“Hurrengo goizean” “Gaur” (Esan Ozenki, 2000 ) diskoaren jarraipen naturala al da, izenburuen arteko loturaz aparte?
Nik beti izaten dut argi zein den disko berri bati eman behar diodan izenburua. Kasu honetan ez. Banuen ideia bat, gustuko dudan poeta baten harira hitz bat erabiltzea, baina ingelesa zen, eta euskaraz jarrita ez nion indarrik ikusten. Orduan hurrengo goizeko musikaren kontzeptu horrekin topo egin nuen eta gustatu zitzaidan. Baina bai, baliteke jarraipen naturala izatea.

“Hurrengo goizean” iraupen klasikoa duen diskoa da (47 min.).
Bai, Hollywoodek filmen luzera asmatu zuen modu berean, biniloak diskoena finkatu zuen. Lehen 20-25 minutu eduki behar zuen alde bakoitzak teknikoki ezin zelako gehiago, horregatik neurri naturala dela uste dut. Bestalde, LP zaharretan lehenengo abestia zein zen oso inportantea zen. Errazagoa zen orratza aurrenekoan jartzea, eta kantu horrek diskoa markatzen zuen. Agian horren eraginez orain ere diskoak egiterakoan oso garrantzizkotzat jotzen dut kantuak zein ordenetan utzi.

Hitzek edozein kasutan garrantzia handia dute disko berri honetan. “Fatuaren baitan” abestian, esate baterako, jatorria behar bat bezala eramatea aipatzen duzu.
Hemendik kanpo egindako kantu bat da. Nire burua oso loturik sentitzen dut neure ingurune honekin, baina horrek noiz edo noiz estutu egiten nau. Kantua sentsazio horri buruzkoa da. Euskaldun izatea behar bat bezala eramatea mundutik, justifikatu beharrean eta nolabait jarrera bat gorde beharra... hori astuna egiten da batzuetan.

Euskaldunari, betidanik ibiltaria izan dena, bidaiatzea falta zaiola uste duzu?
Ibiltaria izan da, baina egoerak behartuta. Gaur egun joera handia ikusten dut kanpora irteteko. Aldiz, gutxiago bidaiatzen da Euskal Herri barruan. Euskaldun gutxik ezagutzen dute Euskal Herria. Beste kontu bat da bidaia zentzu metaforikoan. Hori denok behar dugu aurrera egiteko. Zure burua asaldatuta ikusi behar duzu noiz edo noiz.

Orain, azkenaldian gertutako hainbat gauzen hurrengo goizean gaudela dirudi, ezin ondo asimilatu. Uda ondorengo gertakizunek zer utzi dizute, itxaropena, etsipena, harridura...
Ez bereziki horregatik. Nik uste New Yorken gertatutakoak azaleratu baino ez duela egin dagoeneko bazegoen zerbait. Modua oso bortitza izan da, gainera ni handik benetan gertu bizi izan naiz, hamar minutura oinez. Baina aldaketa handi baten aurrean geunden hau gertatu baino lehenago ere. Aise hitz egiten da globalizazioaz eta beste hainbat gauzei buruz, baina honek gure gizartearen ongi-izatearen atzean dagoen desoreka ikaragarria azaleratu baino ez du egin.

Euskaraz egiten den musika batzuetan gehiegi babesten dugula uste duzu?
Ez zait iruditzen. Nire ustez eskaintza oraintxe eskaeraren gainetik dago nabarmen. Egiten den produktua, musikan zein literaturan, asko da eta euskaldun jendeak kontsumitzaile bezala arazoak ditu jarraitzeko. Nire kezka erdaldun jendearekin dugun lotura falta da. Gehiengo handi batentzat euskal musika egileak ez gara exisititzen, horrek bai kezkatzen nau.

Etxetik irten gabe egin daiteke disko bat, eta maketa kontzeptua ere zeharo aldatu da.
Horrela da. Musika inguruan edukitzea hain erraza denez bere balore rituala galduz doa. Musikaren papera aldatu egin da aspaldian. Edozeinek graba dezake bere etxean eta horrek musikaz betetzen du gure ingurua. Lehengo egunean Oñatiko disko-denda batean daukadan lagun batek esan zidan, aise saltzen dituela 500 CDR hilero; pentsa zer den hori. Bistan denez, guri tokatzen zaigu euskal produktua babestea. Ez zait iruditzen bestela ari direnik Ingalaterran, Frantzian edo Estatu Batuetan, are urrunago doaz toki hauetan.

Zein da euskarak egun gainditu beharra daukan lehen gauza?
Halako konplexu apur bat beti eduki dugu, horrek ez dauka bueltarik. Euskaldun guztiok badakigu gutxienez beste hizkuntza bat, eta beste hizkuntza hori indarrean badago, ba, hortik atera kontuak. Dena den, uste dut zenbait gauza begi onekin ikusi beharko genukeela. Zu komunikabide batean zaude, orain 20 urte ez zegoen komunikabiderik. Iruditzen zait heldu dela sasoia, non ondorioak aztertzen hasi behar dugun. Ondorioak ez dira beti norberak nahi lukeenaren araberakoak, baina atera behar dira.