hurrengoa
a remix manifesto    Pelikularen lehen eszenan, Brett Gaylor zuzendaria azaltzen da kamara aurrean. Parte hartze irekia duen esperimentu batean aurrean gaudela aipatzen digu, eta filmean ikus daitekeen material guztia opensourcecinema.org webgunean zintzilikatu eta jendeari nahasketak eta muntaiak proposatzeko gonbita egin zuela azaltzen digu. Filmaren zati handi bat modu horretan egin da. Emaitza? Kultura askea eta jabego eskubideen inguruan hausnarketa interesgarria eta oso entretenigarria egiten duen filma: RIP! A remix manifesto. Gregg Gillis (aka Girl Talk) mash-up musikaria da pelikularen protagonista nagusia. Girl Talk-ek hainbat musikariren doinuak hartzen eta nahasten ditu erritmo dantzagarriak eta basatiak sortuz. Girl Talk-ek arazo ugari izan du bere sorkuntza moduagatik; salaketak eta isunak jaso ditu hainbat musikari eta diskoetxetatik. Film honetan, ordea, deskubrituko dugu salaketa horiek jartzen dituztenek ere beste musikari batzuei lapurtu izan dizkietela kantuak. Besteak beste, Led Zeppelin-ek edo Rolling Stones-ek bluesman bat baino gehiagori lapurtutako piezen berri izango dugu. Filmak azaleratzen duen hausnarketa lau puntutan oinarritzen da:
1- Kultura beti iraganean oinarritzen da.
2- Iragana beti saiatzen da etorkizuna kontrolatzen.
3- Etorkizunean gero eta askatasun gutxiago izango dugu.
4- Gizarte libreak sortzeko iraganaren kontrola mugatu behar duzu.
Filmak ez du musikaren mundua soilik islatzen. Zinemaren munduari ere mozorroa kentzen dio. Beste batzuen artean, Walt Disney konpainiak darabilen jabego eskubideen kanpaina bortitza erakutsiko digu, geroago, Walt Disneyk berak bere pertsonaiak noiz eta nondik kopiatu zituen erakusteko. Horrelako adibideak ez dira kulturaren alorrean soilik gertatzen. XX. mendeko azken laurdenean jabego eskubideen eta patenteen lege berriek zer nolako emaitza izugarriak ekarri dizkiguten argi azaltzen da. Gregg Gillis (Girl Talk) bera, laborategi batean lan egiten duen zientzialaria da. Berak azaltzen du medikuntzan eta zientzian ere jabego pribatuak, patenteek, zer nolako atzerapausoa eta galera ekarri duten hainbat gaixotasunen sendagaien aurkikuntzan. Bada, ordea, horren aurka borrokatzen duenik ere. Adibiderik garbiena Brasilen dugu: Lularen gobernuak seropositiboentzat sendagai merkeak egiteko farmazia konpainia handien patente guztien gainetik salto egitea erabaki zuen. Film dokumental honetan aho bete hortz utziko gaituzten adibide eta kontraesan ugari ikusiko ditugu eta horien aurrean eskaintzen zaizkigun irtenbideak ere ezagutuko ditugu. Beste batzuen artean, The Baldek darabilen Creative Commons lizentzien sortzailea ezagutuko duzu: Lawrence Lessing. Luze joko luke horrelako gai interesgarria azaltzeak. Hobe duzu hitz hauen amaieran azalduko zaizun loturara jotzea eta filma deskargatzea. Entretenigarria izateaz gain, hainbestetan aipatzen den esku beltz horien izenak eta nortasunak deskubritzeko baliagarria izango zaizu.

http://films.nfb.ca/rip-a-remix-manifesto