hurrengoa
the baldians 14 -Nancy Bird-Walton    Bere herrira iritsi zen hegazkin pilotu bati 2 egunez matraka eman ostean, harekin hegaldi akrobatiko bat egin zuen. Une hartan bere bizitza betirako aldatu egin zen. 13 urte zituen.

19 urterekin lortu zuen abioi bat gidatzeko baimena.

1,50 metro eskaseko emakume txikia zen eta askotan burko bat jarri behar zuen eserlekuan.

Garaiko pilotu iaioenetakoa zen. Behin, hegazkinak oreka arazoak zituela jabetu, lurra hartu, hegalean zaldi hil baten gorputza kargatu eta hari esker lortu zuen bere helburura onik iristea.

Beste behin, laino itxiaren eraginez, tren burdinbidea jarraitu eta geltokietako kartelak irakurriaz heldu zen helburura.

Asia eta Australiako zeruetan milaka ordu egin zituen eta bere pilotu bizitza osoan ez zuen istripu bakarra izan.

"Oh my God. It's a woman" ("Jainkoarren emakume bat da!") izenburua jarri zion bere autobiografiari. Hain zuzen ere, bere hegazkinaz uholde batetan erreskatatu zuen nekazari batek esan zuenari trufa eginaz.

Aurten, urtarrilaren 13an zendu zen bere Sydneyko apartamentuan 93 urte zituela eta bere azken ametsa bete ostean: Quantas konpainiak bere izenarekin bataiatu zuen Airbus A-380a lehendabizikoz aireratzen ikustea.